Urretxu mila kolore. Ez dira, baina, mila, ezta azalen koloreak soilik ere. Erlijioa, hizkuntza, genero, gaitasun fisiko zein psikologiko, adina, etnia eta jatorri aniztasuna barne biltzen ditu Urretxuko Aniztasun Mahaiak. Orain hamar urte martxan jarri zuen udalak eta tarte horretan eraldatuz joan da aniztasuna gero eta gehiago zabalduz. Monica Leiva mahaiaren gidariaren hitzetan, «elkartzeko komunitate-espazio bat da. Eraldaketa helburu, hausnarketa eta elkarrizketa baliatzen dituen topagunea da».
Urtero, abenduan, mahaian parte hartzeko aukera zabaltzen zaie norbanakoei, elkarteei nahiz erakundeei. Urteko konpromisoa hartzen dute eta elkarrekin adosten dituzte landuko dituzten gaiak. Aurten, esaterako, bazterketa eta buru-osasuna, gorrotoaren diskurtsoak, haur-pobrezia, hizkuntzen arteko elkarbizitza, atzerritik bakarrik iristen diren adin txikikoekiko gaitzespen soziala eta homofobia landu dituzte. Aurreko urtean ijitoen kontrako jarrerak, aporofobia eta xenofobia jorratu zituzten, besteak beste.
Mahaiaren helduleku teorikoa Urretxuko udalbatzako alderdi guztiek 2018an onartutako Elkarbizitza eta Aniztasun Plana da, 2022ra arte indarrean egongo dena. Planaren helburu orokorrak honakoak dira: Urretxun eta bailaran dagoen aniztasuna ikustaraztea, espazioak eta ekintzak sortzeko erraztasunak ematea, elkarbizitzan aurrera egiteko herritarrei prestakuntza eskaintzea, egiturazko arazoak antzematea eta planaren koordinazioa nahiz zeharkakotasuna hobetzea.
Aurtengo jardunaldian Urretxuko eta Zumarragako zazpi bizilagun parte hartzen ari dira Aniztasun Mahaian; haiekin batera Gainzuri eskola publikoa, UZ Ikastola eta EPA Urretxu-Zumarraga, Agifes, Aspace, Al Amal emakume musulmanen elkartea, komunitate pakistandarra, hondurastarra, nikaraguarra, Alambique egoitza, bi herrietako kale hezitzaileak, Gazte Bidean eta Lanbideko ordezkariak daude mahaian.
Plano teorikoa eta eragileak ezagututa, nola hezurmamitzen da mahaiaren jarduna? Hilean behin elkartzen dira eta aukeratutako gaiak hausnarketarako hizpide hartzen dituzte. Iñaki Akizu Urretxuko Tourseko Martin deunaren parrokiko parroko pasiotarrak bertan parte hartzen du eta honela azaldu du mahaiak egiten dion ekarpena: «Orain urtebete eta erdi sartu nintzen talde honetan. Talde anitza da, inondik ere. Hainbat pentsakera eta kultura batzen dira bertan. Niretzat oso aberasgarria da. Badira zenbait gai nik hausnartu gabe nituenak eta mahaiari esker landu ditudanak; adibidez, zurrumurruek sor ditzaketen ondorioen gaia». Akizuri, erlijio gizona denez gero, mahaiak beste ekarpen bat egiten dio: «Beste erlijio batzuen berri izan dut haien beraien ahotik. Islamaz gehiago jakin dut, eta ez kanpotik esaten digutenari kasu eginda, zuzenean haien ahotik baizik. Beste ikuspuntu batzuk ezagutu ditut, elkarbizitzarako lagungarriak direnak. Gustura nabil mahaian, ikasten ari naiz».
Bazterketa eta inklusioa
Omar Mohamed Pakistanetik iritsi zen eta mahaian parte hartzen du hasieratik kasik: «Mahaia oso ongi dago. Ekintza asko antolatzen ditugu eta batzuk arrakastatsuak izan dira. Esate baterako, pintxo pote berezi bat prestatu genuen; taberna bakoitzak herrialde bateko pintxoa egin zuen. Hainbesteko arrakasta izan zuen ezen beste toki batzuetan kopiatu egin zigutela». Mahaiaren bitartez, Omar Mohamedek kriket eskolak ematen dizkie aspaldi Urretxuko eta Zumarragako haurrei: «Elkar ezagutzeko aukera da. Kanpotik bazatoz, ekin eta ekin behar duzu partekatu eta toki komunak sortzeko. Kriketak halako espazio bat sortzeko aukera eman digu, eta mahaiak zer esanik ez».
Iaz mahaian parte hartzen hasi ziren Aspaceko ordezkariak. Imanol Garro Aspaceko langilea da, «bazterketa soziala nozitzen duten beste pertsona batzuekin elkartu gara, haien errealitatea ezagutu dugu eta, bide batez, gure aurrejuzguen kontziente izan gara haien gainean hausnartzeko eta aldatzeko ere bai». Beste kolektibo batzuekiko euren begirada aldatuz joan den bezala, aniztasun funtzionala duten pertsonekiko begirada ere aldatuz joan dadin lanean ari dira. Landuko dituzten gaiak denon artean aukeratzea «mahaiaren indargunea» dela dio Garrok, «sortzen duen giza sarea eta espazio inklusiboa mahaiaren beste dohainetako bat da». Faltan sumatzen duten bakarra baztertu gabeko kolektiboen presentzia da: «Inklusioa erreala izan dadin, baztertu gabeko talde gehiago parte hartu beharko lukete».
Akizuk, Mohamedek eta Garrok mahaitik antolatzen dituzten ekintzei azpimarra egin diete. Aurten Sukaldanitza egitasmoa egin dute, non elkarte batean bat egin dute,n eta hiru larunbatez Urretxun bizi diren hainbat komunitateren gastronomia bertakoekin partekatu duten. Txirikorda eta henna tailerra, migrante etorri berrientzako Harrera Eskola, Bizilagunak egitasmoa eta giza liburutegia aipatu dituzte.
Mahaiak badu beste ekintza izar bat, azken urteetan arrakasta nabarmena izan duena. Aurten izena aldatuta dator eta Aniztasunaren Jaia izango da bihar, Gernikako Arbola plazan 10:30ean hasita eta iluntzera arte egingo dutena. Akaso, mahaiak egiten dituen ekintza guztien artean, jairik inklusiboena da.
Ekainaren 20an Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da
Datorren ostegunean, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da. Migratzaile guztiak ez dira errefuxiatuak, baina ziurrenik den-denak jatorrizko herrialdetik irten dira aukera hobeak nahiz berriak bilatzera. Aukerak substantiboaren barruan biziraupena bermatzen dutenak ere badaude. Horrenbestez, errefuxiatutzat ere har genitzake migratzaile gehienak inorentzat ez baita gozoa norbere tokitik alde egitea.
Ordizian, ostegunean, Tolerantziaren Zuhaitzetik irtengo dira 11:00etan eta giza katea egingo dute Errefuxiatuen Eguna dela gogora ekartzeko.