Ikasle askok udako oporrak hasi dituzten arren, Goierriko Ikasle Abertzaleak antolakundeak oraindik ez du ikasturtea amaitu: ekainaren 26an, 27an eta 28an Goierriko Ikasle Martxa antolatu dute Ormaiztegi, Idiazabal eta Zaldibia artean. «Goierriko ikasleak jabetu ginen behar propio batzuk genituela. Esaterako, elkar hobeto ezagutu ikasleen arteko sarea indartzeko», azaldu du Oihane Pelaez Goierriko Ikasle Abertzaleetako kideak. «Ikasturtean zehar, borrokaren bidez, garaipen batzuk ere lortu ditugu ikasleok, eta horiek ospatzeko ere baliatuko dugu martxa», gaineratu du.
Dena baina ez da festa eta algara izango, hitzaldiak (Hezkuntzaren funtzioak sistema kapitalistaren baitan), tailerrak eta auzolanak ere antolatu dituztelako: «Kontzientziak piztu nahi ditugu eta ikasleon formakuntza osatu», dio Pelaezek; formakuntza saioak tokian tokiko gaztetxeen eta gazte asanbladen beharretara egokitu dituztela azpimarratu du.
Elkar ezagutzea helburu
Antolaketa lanak ikasleek egin dituzte talde txikietan banatuta. «Herri bakoitzean bi arduradun jarri ditugu, eta bakoitza bereaz arduratu da. Denon artean, bakoitza bere alea jarriz, osatu dugu martxa», azaldu du. «Zerbait xumea antolatu nahi genuen, gure helburua elkar ezagutzea eta trebakuntza jasotzea baita»; aurtengoa izango da lehen edizioa.
Bonuak eskuragarri
Egunekoa eta martxa guztiko bonuak jarri dituzte jarri dituzte salgai zortzi eta hamabi euroko prezioan, hurrenez hurren. Nahi duen edonork eros ditzake bonuak, baita ikaslea edota goierritarra izan gabe ere: «Ordiziako Goierri Eskolan Tolosaldea eta Sakanako gazte askok ikasten dute. Eskualde horietatik ere etorriko dira parte–hartzaileak». Salmenta–puntuak Lazkaoko Giroa tabernan, Ordiziako Herriko Tabernan, Urretxu eta Zumarragako Gaztelekuan eta Zaldibiako Joxepane Herri Ostatuan jarri dituzte.
Egitaraua
Ekainaren 26, 27 eta 28an, Goierrin barrena askotariko ekitaldiak prestatu ditzute ikasleek.
- 26 asteazkena, Ormaiztegin. 10:00: ongi etorria eta ezagutza jolasak. 12:00: auzolana. 14:30: bazkaria. 17:00: hitzaldia. 21:00: bertso afaria (Mikel Iturriotz, Aitor Bizkarra eta Maddi Aiestaran).
- 27 osteguna, Idiazabalen. 09:00: gosaria eta martxa. 14:00: bazkaria. 17:00: tailerrak. 21:00: afaria. 22:00: Gaubela (Maialen eta Arri).
- 28 ostirala, Zaldibian. 09:00: gosaria eta martxa. 12:00: hamaiketakoa Lazkaomendin. 14:00: bazkaria, eta iluntzean Zaldibiako Gazte Festetara.