Ekainaren 28an, 50 urte beteko dira New Yorkeko Stonwellen iraultza gertatu zela. 1969. urteko egun horretan, polizia Stonwell Inn pubera sartu zen. Legez kanpoko alkohol salmenta ikertzeko baimena zuten. Bigarren Mundu Gerra igaro berritan latza zen egoera, are gehiago kolektibo jakin batzuentzat. AEBetako gobernuak adierazi zuen homosexualak ez zeudela burutik sano eta nazio segurtasunarentzako mehatxua zirela. Stonwellen gertatutakoa gay, bisexual eta transexualen aurkako erasotzat hartu zuten. Harrezkero, egun hori LGTBI Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Sexu joera ororekiko errespetua aldarrikatzeko eguna da, eta herri eta hirietan kaleak hartuko dituzte. Efemeride garrantzitsu hori baliatuz, Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978) Medeak talde transfeministako aktibistak mugimendu horren eboluzioaz hitz egin du luze eta zabal.
Zer da Ekainaren 28a?
Argi eta garbi borroka eguna da. Stonwellen matxinada gertatu zen. Testuinguru horretan giza eskubideen aldeko mugimenduak sortu ziren.Taberna horretan marginatu guztiak elkartzen ziren, eta gertakizunak, LGTBI mugimendu horrek, hankaz gora jartzen du guztia.
Matxinada periferikoa izan zen, arraro guztien matxinada, eta momentu horretan mugimendu oso potente bat sortu zen: aldizkariak sortu ziren eta diskurtso lesbiko-homosexual-transexualak ere bai, besteak beste. Dena den Stonwell oso presente izanda ere, 80ko hamarkadan, ordungo politiketatik asko aldendu ziren.
90eko hamarkadan iritsi zen normalizazioa. Dena den akats estrategiko bat ere izan zen. Hamarkada horretatik aurrerako hainbat politikek homosexualaren ideia aldatu zuten.
Zer gertatu zen bada?
Asko haserretzen nau Madrilen egun horretan gertatzen diren hainbat gauzek. Batzuek, han ez dute Stonwell ikusten. Karroza batzuk patrozinatuak dira. Gainera, gaur egungo egoera kontutan hartuta, faxismoa gora doala alegia, trans-marika-bollo eta putak besteak beste, komunitate hori osatzen dugunok eraso momentu oso latza bizitzen ari gara. Ekainak 28 borrokarako eta aldarrikapenak kalean jartzeko eguna izango da eta ez kapitalismoak patrozinatu dezakeen zerbait.
Euskal Herriaren kasuan zer?
Euskal Herrian oso ondo integratu den mugimendua da. Feminismoa lehenik eta transfeminismoa ondoren. 1973an egin ziren lehenengo mobilizazioak. 80ko hamarkadan Ekainaren 28an kalera pankarta batekin ateratzea oso gogorra zen, eta hala egin zuten askok.
1995ean topaketa feministak egin ziren, eta hor sartuko dira Euskal Herrian eta baita estatu mailan ere, matrimonioaren legalitatearen inguruan hitz egiten hasiko zirenak.
2005ean legalizatu zen matrimonioa, eta Euskal Herrian ezkontzarekin oso kritikoa den erresistentzia bat dago une horretan. Ekonomiari eta propietateari lotzen delako besteak beste. Modernitatean inposatutako kontratua da.
Gainera, Judith Butlerrek 1999an idatzitako testu batek, Generoen disputa izenburua duenak, eragina sortzen du eta hortik hasten dira teoria transexualak, binomioaren teoriak, Artelekuko topaketak, eta garai hortan sortzen dira baita ere diskurtso antinormatiboak.
Gaur-gaurkoz zer da defendatzen duzuna?
Gizonak eta emakumeak ez direla existitzen, fikzio somatopolitiko bat da hori, hau da, fikzio enkarnatu bat. Sexuen konfigurazioa taxonomia bat da. Ordenazio bat. Biologiak, eta medikuntza estandarrak gehienbat, ume intersexuala izatea patologizatu egiten zuten 19. eta 20.mendeetan, eta oposiziozko konfigurazioa sortzen dute, non gizonak titiekin edo bizarra duten emakumeak ez diren onartzen. Kualitate maskulinoak eta femeninoak biologikoki defendatzen dira. Erdi Aroan ez zen horrela gertatzen. Atzera ari gara arlo honetan. Bizarra zuten emakume ederrak zeuden, baita titiak zituzten gizon onartuak ere. Gaur egun ez dago horrelako errealitaterik, kirurgizatua dagoelako.
Nora garamatza horrek?
Zer izan nahi duzun aukeratu ezin izatera. Transexualen kasuan medikamentu batzuk eta ebakuntza batzuk eginda, esperotako hortara iristeko bidea izango denaren ustea dago. Baina, ustea baino ez da, benetan ez baita espero den hori existitzen.
Feminitate edo maskulinitatea gorpuzten ez dugunak ere bagaude, biolentzia gehien jasaten dugunak gara.
Zuk zeuk onartu duzu ez dakizula emakume edo gizon sentitzen zaren.
Eta ez dakit galdera horri erantzun nahi diodan. Feminitatean oso gaizki sentitu naiz. Gizarte honetan emakumea izatea indarkeria pila bat bizitzea izan da nireztat. Baina ez dakit gizon bat naizen, argi daukadana da emakumetasun horrek arazo asko sortu dizkidala. Baina ez dut ezta ere gizon bat izan nahi. Zer da gizona izatea? Noraino eraman behar dut hori?
Transexual maskulino bati testosterona ematen diote. Medikamentu horiek sortu egin dituzte, eta gizon eredu jakin batera eramatea dute helburu. Berdin gertatzen da transexual femeninoen kasuan; estereotipo jakin baterantz zuzendua dago tratamendua.
Intersexulitatea ordea ez da onartzen eta gorputzak, oso anitzak direla ez genuke ahaztu behar.
Urte askoren ondoren esperimentatzen ari naiz ni. Hormonak hartu nituen urte t’erdian. Ondoren utzi egin nituen, baina berriro hasi naiz hartzen. Dena den, ez dakit nora iritsiko naizen.
«Ekainaren 28a borrokarako eta aldarrikapenak kalean jartzeko eguna izango da»
«Biologiak eta medikuntza estandarrak intersexuala izatea patologizatu dute»
«Urte askoren ondoren, hormonekin esperimentatzen ari naiz berriro»
Ezarri dizkiguten estereotipoek zein eragin dute?
Gaur egun generoa teknologikoa da, zure sexu asignatua zuk nahi duzun horrekin bat ez datorrenean erabiltzen da. Baina biak bat datozenean ere erabiltzen da teknologia hori eta horra hor kirurgia plastikoa. Kirurgia hori gehien kontsumitzen dutenak ez dira transexualak. Hori da hain zuzen ere eraginetako bat. Sortu dizkiguten gorputz irreal horiek bezalakoak izan nahi du jendeak.
Eta gauza oso kuriosoa gertatzen da, transexual baten ebakuntza arrarotzat du gizartearen zati handi batek, hori patologia bat da. Baina normaltzat dute ezinezkoak diren gizon edo emakume ereduak teknologiaren bidez gorpuztea, eta gainera, hori ez da patologia bat kontsideratzen.
Aktibista ezaguna izateaz gain irakaslea ere bazara. Nola hartzen zaituzte ikasleek?
Oso ondo. Egunero hainbat teoria baieztatzeko balio dit irakaskuntzan lan egiteak, baina aldi berean, nerabeek izan duten eboluzioa ere ikusten dut. Nesketan nabaritzen dut aldaketa handiena. Ahaldundu egin dira.
Eskolan askatasun gune bat sortzen saiatzen naiz, balio etikoak, filosofia eta psikologia bezalako gaiak ematen ditut. Balio etikoak oso inportanteak dira eta eskolak normalizazio gune bat izan behar du.
Baina oraindik ere biolentzia sentitzen dute gazteek. Zer getatzen da komunera joan nahi eta emakume edo gizon identifikatzen ez denarekin? Ezin du berak aukeratu, eta hortxe hasten da biolentzia.
Hezkuntza sistemaren papera zein izan beharko litzateke?
Sistema publiko baten aldekoa naiz eta hezkuntza sistema publiko horrek askatasuna bermatu behar du, indarkeriarik gabeko bizitza bermatu behar du. Gaur egun, badago lerro horretan lan egin nahi duen jende asko, eta pozgarria da.
Komunikabideek ere erantzukizuna dute bide horretan.
Bai, horregatik askotan oso gogorrak diren gauzak ikusi behar ditugu. Nola da posible Manada-koen abokatuak telebista guztietan tokia izatea? Bortxaketaren apologia egin du eta medio horiek konplizeak dira. Komunikabide horiek kudeatzen dituztenak nolako balioak dituzten imajinatzeko balio digu horrek. Komunikabideak gladiadore zirkoak dira. Herritarrak lokartzea dute helburu.
EITBn gertatzen dena ere gogorra da. Nola da posible telebista publiko bat Telecincori begira egotea? Eskolei tokia eman beharko liokete, aniztasunari, eta ahalduntzeko espazio bat izan beharko litzateke.