Legazpiarrek Armen Alardea berreskuratu zutela 25 urte beteko dira aurten. Agiririk zaharrenean agertzen den haren arrastoa 1506koa da. 1875.ean, foruen galerarekin bertan behera geratu zen. Igandean aterako dira alardean.
Alarde hitzaren etimologiak nahikoa pista ematen ditu ekintzaren izaeraz. Arabieraz al ‘ ard funtzionario bati egiten zaion ikuskatzea da. Armen alardea hiribilduek zuten boterearen erakustaldia zen, hau da, herria defendatzeko zuten armen erakustaldia. Legazpiko Alardearen lehenengo dokumentu-arrastoa 1506koa da. Arrastoak segi daitezke 1875eraino, foruak galdu zirenera arte, alegia. Legazpin, baina, arrastoaren etenari auzolanak puntu eta jarrai jarri zion 1994an. Haztegi ikastolak antolatu zuen lehenengo Kilometroak festaren aitzakian berreskuratu zuten, eta gaur arte. 25 urte pasa dira ordutik, eta etzi, San Joan bezperan, 110 lagun inguru aterako dira eskopetari, txilibitero, zaldun eta beste batuta. Etorkizun hurbilean eten gehiagorik egon ez dadin, antolatzaileek gazte jendea erakarri nahi dute.
Jose Luis Ugarte legazpiarrak Auñamendi entziklopediara eraman zituen Legazpiko Alardeaz han eta hemen aurkitutakoak. Lehenengo data hark, 1506koak, Legazpi Seguraren mende zegoeneko garaira garamatza. Legazpiarrak hango arma erakustaldira joan behar ziren derrigor. Ibilaldi nekeza zen eta legazpiarrek, antza, ez zuten oso gogoko. Hala, XVI. mendearen bigarren atalean auzitan aritu ziren alardeak Legazpin bertan egin ahal izan zituzten arte. 1608. urtean Legazpi Seguratik askatu zen.
Armen erakustaldiaz gain, herriek zuten giza indarraren isla ere baziren. Kapitain, alferez, sarjentu, soldadu eta banderadunak aipatzen dira dokumentu zaharretan Ugartek entziklopedian jaso zuenaren arabera. Areago, alardean udalerrian gai ziren bizilagun guztiek parte hartu behar zutela agintzen zuen dekretua ageri da.
Garai batean udalerrian gai ziren gizon guztiek parte hartu behar zuten alardean
Aro berrian lehengo ezaugarriak berriekin uztartu zituzten alardea berreskuratzeko
Ugarteren idatziak historiaren pasarte bat ere badakar. Hain zuzen, 1615ean, Ana Austriakoa Legazpitik pasa zenekoa. Frantziako erregina zen eta Felipe III.aren alaba. Pasaera haren harira, 18 urtetik 56 urtera bitarteko legazpiar guztiek atera behar izan zuten alardean; jakina, gizonezkoak.
Maiztasunari erreparatu zion Ugartek jasotako informazioan. XVI. mendean urtean behin egiten ziren alardeak Legazpin, Pazko igandez. Hurrengo mendean, aldiz, gero eta sarriago egiten hasi ziren ospakizunaren indarra areagotu zelako. Santa Kruz egunean –Legazpiko jai handia, maiatzaren 3an–, Gorpuzti egunean, Oktabario egunean –Gorpuzti egunaren zortziurrenean– eta San Joan egunean. Hainbesteko indarra hartu zuten, ezen 1730ean udaletxea eta plaza berria eraiki zituztenean, arma erakustaldia bertan egingo zutela aurreikusi zutela.
XVIII. mendean, Frantziatik ideia iraultzaileak Euskal Herrira iristean, herri milizien izaera auzitan jarri eta alardea jai soila bilakatu zela, azkenean, foruen galerarekin batera, alardea bertan behera geratu zen arte.
Legazpiko kaleetan ez ziren denbora luzean alarde armen hotsak entzungo; armen harrabotsak bai, tamalez. 1994an, Haztegi ikastolaren aldeko Kilometroak jaiarekin berreskuratuko zuten. Anjel Muruak ikertua zuen jada alardearen nondik norakoa, hark jasotakoarekin elikatu zuen Ugartek Auñamendi entziklopediara eramandakoa, baita Juan Agirrek nahiz Juan Antonio Urbeltzek egindako ikerketekin ere.
Alardearen aro berria
1990eko hamarkadako Legazpiren argazkian langabezia eta krisi ekonomikoa daude ezinbestean. Ezaugarri horiei identitate krisia gehitu die Ugartek. Herriko giroa apalduta zegoen eta egoera horri aurre egiteko ekin zioten alardearen aro berriari. Antzinako elementuak berreskuratu zituzten eta berriekin uztartu zituzten. Aurrekoaren aztarna da, esate baterako, Bikuña jauregian egiten duten geldialdia, baita ere, konpainiatan ibiltzea edota musikarien zein banderadunen laguntza; egungo alardeak berritik dauzka txilibitu jotzaileak, zaldizkoak edota gurdiak.
Denborarekin militar kutsuak eragindako errezeloak gailendu eta Legazpiko jai egutegiaren parte bilakatu da. Aldi berriko lehenengo alardean 42 bat lagun atera ziren, asko eta asko ehiztariak. Etziko alardean 110 lagun inguru aterako dira eta, ehiztariez gain, udalak jaurtigairik gabeko 50 eskopeta erosiak dituenez, arma baimenik ez dutenak ere atera daitezke eskopetari rolean. Legazpiko Alardean sekula ez diote izkin egin emakumezkoen presentziari eta haurrak ere ateratzen dira kartutxo eramaile edo bestelako rolak jokatzen.
Bixente Garmendia eta Floren Gutierrez aro berria hauspotu dutenen artean daude. Tradizioa berreskuratzea izan da euren xedea eta horretan diraute. Erreleboa nahiko luketela diote. 25. urteurrena ospatzeko ez dute ekintza handirik egingo. Mokadutxoa bereziagoa izango da aurten, amaitzean, Gizarte Zentroan jaten dutena, eta argazkiekin nahiz informazioarekin horma irudiak jarriko dituzte, aurreko alardeak ahantz ez daitezen.