Eneritz Gorrotxategi
Aho bete hortz utzi nau duela egun batzuk Greziako Lesbos irlan, errefuxiatuen kanpaleku batean izan berri den lankide baten kontakizunak. Horrelako egoera latzetan nola ez, emakumeak dira zapalduenak: Hala-moduzko aterpean, eguneko otordu bero batekin biziraun eta hori gutxi balitz, gauez komunera joanez gero bortxatuak izateko arriskua dute. Lotsagarria. Nola da posible horrelako egoera latz bat Europan izan eta horrenbeste herrialdek ezikusiarena egitea? Gobernuz kanpoko erakundeak lanean ari diren bitartean tapatuta izateko moduko arazoa ote da? Zergatik ez ote dio Europak errefuxiatuen arazoari muinetik heltzen eta jende horri irtenbide duin bat ematen? Etorkizunerako eskubiderik ez al dute?
Baina Lesbosen bakarrik ez. Gure inguruko komunikabideetan ere gero eta talde-bortxaketa gehiagoren berri jasotzen ari gara. Baina zer da hau? Zer gizarte egiten ari gara? Zein etorkizun izango dute gure ondorengo belaunaldietako neska gazteek? Etxetik irtetzeko ere beldurrez bizi behar ote dute? Gizartea aurrera egin ordez, atzera egiten ari ote da arlo honetan? Ez dakit gizonezkoek ere gizartearen gaixotasun hau ikusteko betaurrekoak jantzita ote dituzuen, baina emakumeon begiradatik jasangaitza egiten ari dela esango nuke. Nahikoa da, aski da. Zapalduen artean zapalduenak izan ez gaitezen, ba ote da formularik?
Ion Muñoa
Bi injustizia larri mahaigaineratu dituzu sumindurik, eta beren arteko efektu biderkatzailearekin plazaratu gainera. Gizon eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasun, desoreka, indarkeria eta abarrei unean uneko bestelako gerra edo krisi humanitarioak gehitzean, biderkatu egiten dira lehenak; alegia «zapalduen artean zapalduenak» (diozun moduan) edo hainbat bider biktima bihurtzen zarete emakumeak. Errealitate zinez salagarriak eta onartezinak dira giza eskubideen eta edozein gutxiengo etiken lenteetatik begiratuta. Norberaren arabera, gehiago asaldatu, sumindu, beldurtu edo haserrarazi gaitzakete, gizon edo emakume izatearen arabera aurrezarritako betaurreko deterministek baino.
Injustiziei aurre egiteko bideak eta moduak badaude; baina era berean, gizakiaren historiari so, argi dago egoera bidegabeak gizakiaren beraren parte direla beti, naturaren parte diren bezala. Eta hain justu, gizakiaren historia injustizia horien aurkako borroka konstantea da neurri handi batean. Hori aintzat hartuta, ezin dezakegu onartu gure garaiko injustizia nagusiei aurre egiteko aukerarik ez dagoenik; aitzitik, Mendebaldeko gure belaunaldioi dagokigu utzi diguten munduak dituen bidegabekeria nagusiak gainditzeko zerbait egitea.
Nola egiten da zerbait? Zein da formula? Berriro historiari begiratuta, argi dago formula magikorik ez dagoela. Horregatik, uste dut formula zein den baino gehiago galdetu beharko genukeela zein ez den, horrela aurrerabide eraikitzaileak jorratzen saiatzeko. Nire ustez, balio ez duen formula egiturazko arazoei urruneko irtenbide orokorrak ematea da; alegia, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak konpontzeko hezkuntzan jartzea esperantza, edo errefuxiatuen krisiari begira Europari botatzea erantzukizuna. Urruneko entitate ia abstraktuetan kokatzean esperantza eta erantzukizuna, bidegabekeriak perpetuatzea eta sumindura handitzea baino ez dugu lortzen.