Zumarragako Musika Bandak eta Gozategi taldeak kontzertua egingo dute igande gauerdian, Euskadi plazan. Orioko taldearen kantak joko dituzte. Kontzertu hori bandaren 150. urteurreneko ospakizunen barne antolatu dute.
Orioko Gozategi taldeak eta Zumarragako Musika Bandak (ZMB) elkarrekin joko dute igande gauerdian, Euskadi plazan. Oso kontzertu berezia da bi taldeentzat. Izan ere, oriotarrek ez dute sekula banda batekin jo eta zumarragarrek lehenengoz joko dute erromeria talde batekin. Kontzertu hori bandaren 150. urteurren ospakizunen barne antolatu dute.
Iñigo Goikoetxea Gozategi taldeko baxu-jotzaileak aipatu du kontzertu hori duela 15 urte hasi zirela mamitzen. «Duela 15 urte, egun Zumarragako Bandako zuzendari ere baden Luis Orduñak Altsasuko bandaren zuzendaritza hartu zuen. Garai hartan ezagutu nuen, Urdiainen bizi bainaiz. Gozategik eta bere bandak elkarrekin jotzea bururatu zitzaigun, baina urte hauetan guztietan ez da horretarako aukera suertatu».
ZMBren 150. urteurrenak aspaldiko ametsa betetzeko aukera eskaini die. «Iazko urte amaieran Luisek bandak 150. urteurrena ospatu behar zuela esan zidan eta elkarrekin jotzea proposatu. Une politean harrapatu gaitu eta baiezkoa eman genion. Hala, lanean hasi ginen».
Juanma Sanzek Gozategi taldearen kantak moldatu ditu, bandarekin jo ahal izateko
Kontzertuan hamalau kanta joko dituzte eta horien artean ezagunenak egongo dira
Kontzertuan joko dituzten abestiak Gozategi taldekoek aukeratu dituzte. Juanma Sanz gasteiztarrak, berriz, bandarekin jo ahal izateko moldatu ditu. «Abestiak Gozategi taldekook aukeratu ditugu, baina aukeratzeko erabili dugun irizpideetako bat banda batek jotzeko modukoak izatea da. Eztabaida dezente izan dugu. Egia da abesti lasaienak banda batek jotzeko egokienak direla, baina abesti ezagunenak ez ditugu kanpoan utzi. Denetik sartu dugu. Izan ere, bandak bere ezaugarriak ditu, baina guk gureak. Bien ezaugarriak errespetatu nahi izan ditugu». Igandean hamalau kanta joko dituzte: hitzak dituzten hamar, bi fandango eta bi arin-arin.
Prestaketa lana
Sanzek urtarrilean ekin zion abestiak moldatzeari. Ondoren, moldaketak Gozategi taldekoei eta ZMBkoei pasa zizkien. Musikariak martxoan hasi ziren entseatzen. Azken bi entseguak elkarrekin egin dituzte. «Kontzertu polita izango da. Ez gaude bandaren soinura ohituta, zuzenean dugun soinura baizik, baina entseguak ondo joan dira».
Zumarragako Bandak maila ona duela dio. «Bandak maila polita du. Zuzendariak zerbait eskatzen dien bakoitzean, berehala erantzuten dute. Horrek musikari onak direla esan nahi du».
Gozategikoek behin baino gehiagotan jo dute Urretxu eta Zumarragan. «Iaz Kilometroak festan jo genuen eta duela bi urte Geltokietako jaietan. Urretxuko jaietan ere jo dugu. Azken urteetan, bi aldiz. Taldea duela 27 urte sortu zen eta dagoeneko Gipuzkoa osoan kontzertu asko egin ditugu».
Igandekoa berezia izango da, ordea: lehenengoz banda batekin joko dute. «Txistulari talde batekin jo genuen, baina banda batekin ez dugu sekula jo. Lehen aldiz, sinfoniko aldera egingo dugu. Pauso berri bat da».
ZMBk eta Gozategi taldeak Zumarragan egingo duen kontzertuak ikusmin handia piztu du. Baita Zumarragatik kanpo ere. «Hamabost dei jaso ditugu, beste banda batzuekin jotzea eskainiz. Aukera hori hor dago eta ikusiko dugu. Euskal Herria txikia da eta bandetako zuzendari gehienek elkar ezagutzen dute. Hala, ez da harritzekoa Zumarragako Bandarekin egingo dugun kontzertuaren berri izatea».
Ken Zazpi taldeak eta Benito Lertxundik Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin diskoak grabatu zituzten. Oskorrik, berriz, Bilboko Bandarekin disko bat grabatu zuen. Ondoren, Euskal Herriko hainbat bandekin kontzertuak egin zituen. «Banda bat orkestra sinfoniko bat baino herrikoiagoa da, eta guk egiten dugun musikaren antz handiagoa du».
Oskorrik eta Bilboko Bandak diskoa argitaratu zuten, baina Gozategik eta ZMBk ez dute halakorik egingo. «Kontzertua grabatu egingo dugu, baina guretzako. Guretzat gauza berria da eta igandea iristeko irrikatan gaude. Jendearen erantzuna ikusi nahi dugu, egitasmo honek zein bide hartzen duen ikusi… Une hau emozioz bizi dugu». ZMBko kideentzat ere oso kontzertu berezia izango da. «Guretzat ohore bat da Gozategi taldearekin jotzea», esan du Ibon Elgarresta bandako lehendakariak.
Bandako kideek 2019a ez dute luzaroan ahaztuko. Otsailean Donostiako Orfeoiarekin jo zuten eta gaur gauean jaietako pregoia irakurriko dute. Danborradaren ondoren, bandaren ereserkia estreinatuko dute. Jose Migel Laskurain bandako kideak konposatu du.
Uztailean Valentziako Aldaia herrian joko dute eta irailaren 28an Antioko Musika Zikloaren azken kontzertua egingo dute, Jacob de Haan herbereetarraren zuzendaritzapean. Gizon hori munduko banda zuzendari ospetsuenen artean dago. Azaroan, Santa Zezilia ospatzeko, kalejira eta afaria egingo dituzte. Afarira bandako kide ohiak gonbidatuko dituzte. Bandatik pasa diren guztiek jarri baitute bere aletxoa.