Ohiko udaberria ez da izan aurtengoa, tenperaturen eta prezipitazioen joera alderantzizkoa izan delako; uda gerturatu ahala, egunak hozten joan dira eta ohi baino euri gutxiago egin du. Uda lehorra eta beroa izango dela diote.
Uda hasi da dagoeneko! Tenperatura altuak horren lekuko. Gehienek beroarekin eta oporrekin lotzen duten urtaroa aurreko asteko ostiralean iritsi zen, ekainaren 21ean, 17:54ean. Martxoaren 20an 22:58 inguruan bere eguraldi nahasi eta aldakorrarekin etorri zen udaberriari hartu dio lekukoa. Uda irailaren 23ra arte luzatuko da, eta 93 egun eta 15 ordu iraungo du.
Aurtengo udaberriak, berriz, 92 egun eta 18 orduko iraupena izan du, eta hasi eguzkitsu eta tenperatura epelekin hasi zen, baita neguko azken egunetako prezipitazioen ondorioz Aizkorri eta Aralar inguruko parajeak elurtuta zeudela ere; agurtu, berriz, giro nahasiarekin, euri piska batekin eta ohi baino tenperatura freskoagoekin egin da.
Alderantzizko joera
Aemet Espainiako meterorologia agentziak kaleratu berri du 2019ko udaberriaren balantzea, eta urtaroak Euskal Erkidegoan izan duen joera azpimarratu du, ez baita ohikoa izan; uda gerturatu ahala tenperaturak igotzen joan beharrean, geroz eta hotzagoak izan dira eta urtaro osoan ohi baino euri gutxiago egin du. Normalean alderantziz izaten denez, urtaro aldrebesa izan da.
Hilabetez hilabeteko datuei erreparatuta, argi eta garbi ikusten da alderantzizko joera hori. Hala, Aemeten balantzearekin jarraituz, martxoa «epela eta lehorra» izan zen erkidego osoan. Apirila ere epela eta «normala», eta apur bat lehorra izan zen. Baina maiatzarekin tenperatura jaitsierak etorri ziren, eta hilabete «hotza» izan zen, eta Gipuzkoan, euriagatik, «oso hezea» gainera. Ekaina, aldiz, tenperatura beroekin hasi zen baina udaberriari amaiera emateko, hoztu egin ziren.
Bat datoz balantze horrekin Goierrin jasotako datuak eta Legazpiko meteorologia estazioaz arduratzen den Alonso Francesek azaldutakoak. Martxoaren amaieran garai horri zegozkionak baino tenperatura altuagoak neurtu ziren (22-24 gradu arteko maximoak), nahiz eta minimoak ohikoak izan; halere, hilabete osoko datuak kontuan hartuta, batez besteko tenperatura 9,40 gradukoa izan zen, ohi baino altuagoa. Euria, aldiz, eskasa; udaberriaren hasieran 10 egun jarraian izan ziren euririk gabe.
Apirileko tenperaturak hilabete horri dagozkionak izan ziren, apur bat epelagoak agian (11,4 gradu batez beste). Eta ohi baino euri gutxiago egin zuen, hilabete honetako batez bestekoaren azpitik.
Maiatzeko temperaturen batez bestekoa 12,44 gradukoa izan zen, «normala» Francesen esanetan, baina egun batzuetan termometroak behetik ibili ziren. Euriari dagokionez, 100 litroren bueltan ibili zen hilabete horretan egindakoa, hori bai, bi egunetan jaso zen kopuru horren erdia. Urretxun eta Zumarragan Beitia mendi martxa egin zen asteburua (maiatzaren 19an) izan zen euritsuena; mendizaleek euriarekin, lainoarekin, hotzarekin eta lokatzarekin egin zuten ibilbidea .
Ekaina, azkenik, tenperatura altuekin hasi zen (30-31 gradu artean Zegama-Aizkorriko maratoiko asteburuan); Legazpin, 30 gradutik gorako lau egun izan ziren hilaren 21era arte. Hala ere, ez ziren horiek nahikoa izan batez bestekoa igotzeko, eta hori 16,19 gradutan geratu zen. Euria ere gutxi egin zuen, garai horretarako behar baino gutxiago.
Uda, beroa eta lehorra
Giro nahasiarekin ekainaren 21ean hasi zen udak irailaren 23ra arte iraungo du. Hasiera beroa izan da, baina nolakoa izango da urtaro osoa?
Alonso Frances legazpiarrak honela laburbildu du espero duena: «Euri gutxi, beste urteetan baino gutxiago eta bero handiagoa; lehorrago nabarituko dugu giroa. Hala ere, euriarekin inguru honetako udetan jasotako batez bestekoa beteko delakoan nago».