‘Igartubeiti dantzan’ erakusketa ondu dute ‘Dantza’ filmak baserrian utzitako irudi eta materialekin.
Ez dirudi espiritualitatearen nahiz bizitzaren sakralizazioaren beharra dagoenik guztia zenbatu, saldu eta eros daitekeen bizimoduan. Ikus ezin daitekeena ez da, printzipioz, sinesgarria. Haatik, Ezkioko Igartubeiti baserrira sartu, eta zentzuak zabalik izanez gero, hitzez ezin adieraz daitekeen zerbait senti daiteke, akaso, espiritualitatetik eta sakratutik zer edo zer baduena. Baserria mendeetan zutik egon da eta sagarra zukutzeko arbasoen sistema gorde du.
Han, espazio hartan, grabatu zuten Telmo Esnal zuzendariak eta bere lantaldeak Dantza filma. Eta dantzak ere, are tradiziotik datozen herri dantzek, badute sakratutik, badute espiritualitatetik. Igartubeiti dantzan erakusketak batuketa bat dakar: baserria, filmaren grabazioa eta sagar usaina, ez soilik atzoko nahiz gaurko sagarrena, gure kulturaren oinarri den sagarraren sinboloaren aroma baizik. Batuketa horren emaitza da Xabier Artolaren argazkiekin Igartubeitin ikusgai dagoen erakusketa. Artola filmaren grabazioaren lekukoa izan zen bere kameraren objektiboaren beste aldetik. Lekukotza horren isla da erakusketa.
Bildumak bi atal barne biltzen ditu. Aurretik Handia filmarekin egin bezala, baserrian jarri duten atalean fikzioak eta errealitateak bat egin dute; hala gertatzen da zinean ere. Interpretazio zentroan, aldiz, filmari eta errodajeari buruzko informazioa batu dute, hala Telmo Esnal zuzendariak idatzitako lekukotzak nola Koldobika Jauregi arte zuzendariaren sorkuntza prozesuaren testigantzak; adibidez, zirriborroak eta dantzariek Igartubeitin jantzi zituzten jantziak eta egurrezko kaxak zeinen gainean dantza egin zuten. Kirikoretak, Jauregik filmerako espresuki sortutakoak, baserri barruan daude. Interpretazio zentroan Artolaren argazkiak ere badaude. Making off edo filmatze prozesuaren argazkiak dira, non ikusleek filman agertzen ez diren jakingarrien berri izango duten.
«‘Dantza’ filman une berezia da sagarra sagardo bilakatzen dena, Igartubeitikoa» Telmo Esnal, film zuzendaria
«Sagarra gure espiritualitate sakonenaren parte da, paradisuko fruitu debekatua» Juan Antonio Urbeltz, folklore aditua
Erakusketa Igartubeitin gauzatzen ari diren proiektu zabalagoaren barruan dago. Hain zuzen, Zinema eta Igartubeiti proiektua dute esku artean. Aurretik Handia filmaren grabaketa lana oinarri beste erakusketa bat egin zuten; orain, Dantza filmarena.
Dantza filmaren erdigunean sagarra kokatu du Telmo Esnalek: «Igartubeitiko zatia filmaren erdian dago, une berezia da sagarra sagardo bilakatzen den unea». Juan Antonio Urbeltz folklore adituak filmaren dantzen koreografiak ondu zituen.
«Garai batean, baserrietan, familia giroan egiten zen dantza, gari neurri baten gainean dantzatzen zuten eta erronka han goian orekari eustea zen. Nik Traziako tradizio batetik edan nuen, gurearekin ez dute zerikusirik, baina oinarria berbera da».
Hizkuntza baino gehiago
Urbeltzek ederki adierazi du dantzaren zentzua zein den: «Dantza ez da hizkuntza soila, dantza tradizionalak euren eskola dira eta euren baitatik baino ezin dira berritu». Sagarraren gaiari ere heldu dio adituak: «Sagarra gure espiritualitate sakonenaren parte da, paradisuko fruitu debekatua da. Dantza filmak hainbat elementu jaso eta josi ditu, eta Europan nekez onduko da halako beste testigantzarik». Adituak beste ñabardura bat egin du. Hain zuzen, zinearen eta bestelako arte sorkuntzen premiari azpimarra egiten diona: «Estaturik gabeko herri bat gara, ez dugu gure etnografia propioa jasoko duen erakunderik eta film honek hutsune hori betetzen du».
Xabier Artola, Koldobika Jauregi bezala, Alkizan bizi da. «Koldobikak deitu zidan proiektu arraro batean sartuta zegoela esateko. Irakurtzeko paper batzuk eman zizkidan eta hasieratik erakarri ninduen. Etorri nahi al dek?, galdetu zidan». Eta joan zen. Igartubeitin argazkiak egitea zaila dela dio, eta errodajearen baldintzei buruz mintzatu da argazkilariaren ikuspuntutik: «Alde batetik onak dira. Errepikak daude, argiztapena emanda dator, eszenak ere bai… Aitzitik, isilik egon behar da eta ezin zara ia mugitu». Zailtasunak zailtasun argazkiak egin zituen. Gero erakusketa prestatu zuen. Zarautzen eta Donostian egon da jada, eta Bertizen (Nafarroa) ere jarriko du.
Erakusketaz gain
Igartubeiti dantzan erakusketaren bueltan ekintza ugari prestatu dituzte Ezkioko baserrian irailaren 30era bitartean, erakusketa itxiko duten egunera arte. Haurrentzako tailerrak egingo dituzte dantza oinarri hartuta eta beste tailer bat antolatu dute familia osoari zuzenduta. Irailean Dantza filmeko arte zuzendari Jauregik eta Artola argazkilariak gidatutako bisita izango da.
Irailaren 28an Dantza filmaren emanaldia egingo dute. Bien bitartean, Igartubeiti Baserri Museoko webgunera Jauregiri eta Artolari egindako elkarrizketak igoko dituzte. Halaber, sare sozialetan lehiaketa bat antolatu dute; egurrezko zabarrarekin dantza egin eta argazkiak sare sozialetara igo behar dira.
Urbeltzek Igartubeitik hunkitzen duela dio. Erakusketa honek dantzaren emozioa gehitu dio berez hunkitzeko gaitasuna duen baserri-tenpluari.