Lander Ugalde (Segura, 1993) Gurutze Gorriko Larrialdi Egoerako Erantzun Azkarretako Taldeko kidea da, eta besteak beste, mendi lasterketetan segurtasun eta prebentzio lanak egiten ditu. Urtero egin du lan Ehunmilak proban.
Ehunmilak proban zeintzuk izaten dira artatzerik ohikoenak?
Arazoak, ahal diren neurrian, ekidin egin behar dira, horregatik, prebentzioa izaten da gure eginbehar nagusiena. Jende asko pilatzen da mendian lasterketaren aitzakian, eta guztien segurtasuna bermatu behar izaten dugu. Baina Ehunmilak oso proba gogorra da, eta artatzeak ohi baino gehiago izaten dira: oinetan babak, bihurrituak, zorabioak…
Zuen laguntza behar duen korrikalariak nola eskatzen du?
Korrikalariak elkarren artean beti laguntzen dira, eta askotan beraiek ematen digute abisua kontrol-guneren batean. Gainera, egun korrikalari guztiek GPSa eraman behar izaten dute segurtasuna bermatzeko, eta lana asko errazten du horrek.
Nola antolatzen zarete?
Beasaingo udaletxean koordinazio puntu bat izaten dugu, eta postu txikiagoak izaten ditugu lasterketa guztian zehar: Aralarren, Larraitzen, Lizarrustin, Etzegaraten… Puntu bakoitzak bere lantaldea du. 12 orduko lanegunak izaten dira, eta bitartean gainerakoek atseden hartzen dute. Gutxi gorabehera, lur orotako 30 ibilgailu eta ehun pertsona ibiliko gara lanean.
Kanpoko laguntza behar izaten duzue?
Ehunmilak oso proba handia eta gogorra da, eta Goierriko Gurutzen Gorriaren baliabideak ez dira nahikoak. Zumarragatik, Azpeititik eta Tolosatik ere pasatzen denez ibilbidea, eskualde horietako Gurutze Gorriak ere lan egiten du. Are gehiago, boluntarioak Gasteiztik, Gernikatik, Durangaldetik… etortzen dira, baita Mirandatik ere.
Korrikalariek eskertzen dute boluntarioen lana?
Oso barneratua dugu mendikultura, eta horregatik segurtasun eta antolaketa lanak oso ongi egiten dira. Mundu mailako korrikalariek ere aitortzen dute hori, eta eskertzen dute. Jaso izan ditugu esker oneko eskutitzak, eta bete egiten zaitu horrek; baina, segurtasuna, ardura handiko lana ere bada, eta zorrotz bete behar izaten ditugu protokolo denak.