Rezolak eta Maiorak jarritako marka ondu du Egeak. Txindokin, Izazpin eta Aizkorrin badira marka gehiago ordea.
Beste konturik ez da izan kirol zaleen artean. Aritz Egeak Ordizia eta Txindoki artean marka berria ezarri du asteburuan, eta probak sekulako ikusmina sortu du. Ez da izan aurreneko saiakera, ordea. Goierrin hainbat erronkak eman dute hizpidea XX. mendean zehar. Eta oraindik gogoan izango dituzte askok, garai batean egindako saiakera eta lorpenak.
Egearen aurretik, Iñaki Maiorak zuen Ordizia-Txindoki-Ordizia ibilbideko marka; 1978an jarri zuen, 24 urte zituela. Baina haren aurretik Juan Jose Rezola itsasondoarrak egin zuen aurreneko aldiz. Lagunartean sortutako erronka izan zen nonbait, eta 2 orduz azpitik ibilbidea osatzea zen helburua. Rezolak 46 urte zituen orduan, eta barazkijalea zen. 1.70 neurtzen zuen, eta 48 kilo besterik ez zituen pisatzen. Mendian gora planta dotorea eta arintasun handia omen zituen.
Garinen igoera
Txindokiko gainak eman du bestelako erronketarako aitzakiarik ere. 1972an, Asensio Olaberria ikaztegietarrak Larraiztik tontorrera arteko zatia egin zuen, 943 metroko desnibelarekin, 40 minutu eta 39 segundotan. Bi hamarkada geroago, 1993an, Juan Mari Garin zizurkildarrak egin zuen saiakera, eta baita marka berria jarri ere: 33 minutu eta 42 segundo. Ez da edonolako marka, gainera. Txindokiko Kilometro Bertikala antolatu zutenean ere, ez zen inor denbora horretara arrimatu ere egin.
Mota horretako marka asko jarritakoak dira Juan Mari eta Pello Garin anaiak. Azken horrek 1982an jarritakoa da oraindik Ezkiotik Izazpira joan etorri onenaren errekorra: 31 minutu eta 26 segundo. Hark ere, aurretik Joxe Aierbe ataundarrak 1978an jarritakoa (36:47) ondu zuen. 80ko hamarkadaren lehen erdian hainbat desafio egin zituzten Izazpin. Hainbat urtez utzita izan zen gero, eta 2016an berreskuratu zuen EzkiOn kirol- zale elkarteak. Aritz Egeak bi urtez irabazi du, baina ez du lortu Garinen marka ontzerik.
Txindokik ez ezik, Aizkorrik ere badu bere marka. Pedro Aranbarri Gorriñaga-k, Aretxabaletatik Aizkorriko gailurrera joan etorria 6 ordu eta 45 minutuan osatu baitzuen.