Joxepa Madariaga
Gainezka!, Inaxio, gainezka gaudek uda partean, kulturaz blai: kaleko ikuskizunak, ikuskizun txikiak (familia giroan bezala, lagun artean, kuadrilla biltzen dutenak) eta handiak, oso handiak; kirol saioak, erronkak, antzerkia, bertsoa, dantza, musika; musika, hotsa eta zarata, argiak; gau eta egun festak (santu-dunak eta santu-gabeak), ospakizunak, lehiaketak, etxeko ekoizpenak eta kanpokoak; baita protesta helburu duten kultur ekintzak ere; eta otorduak, gosariak, hamaiketakoak, bazkariak, meriendak eta afariak taldean, plazetan, zelaietan, kalean. Janak eta edanak, mahaiaren bueltan munduko arazoak konpontzeko. Poztekoa duk daukagun kultur martxa eta, batez ere, euskarazko ekintzak txalotzen dizkiagu guk, euskal kulturgintzan ari garenok.
Kulturak, kultur ekintzek, jantzi egiten gaitiztek, buruz jantzi, hezi, informatu. Aisia, aisialdia betetzea duk, batez ere, kultur ekintzen helburu nagusia, baina baita heziketa ere.
Denetik zagok merkatuan, prezioari dagokionez: doako ekintza asko (batez ere kalekoak eta, ia beti, herri txikietan antolatuak); beste batzuetan sarrera kobratzen zigutek, baina sarrera merkea, sinbolikoa; eta, ekintza askotan sarrera garestia, oso garestia, ordaindu behar izaten diagu. Kanpotik ekarritako ekoizpenak, gastu eta antolaketa handiak dituztenak dituk gehienak. Dirua lortzeko antolatutako jaialdi, saio eta ekintzak ere hor zeudek, asko eta eder askoak: artistek doan lan egin eta ikusleok sarrerako dirua hau ala hura laguntzeko ematen diagu.
Kultur kontsumoa ordaindu egin behar al diagu? Kobratu egin behar diagu/zigutek kultura? Zer iruditzen zaik, Inaxio?
Inaxio Usarralde
Kultura, niretzat, bizimoduarekin estu-estu lotuta zoan, Joxepa. Zer den ba kultura gu garena txirikordatzen duen ezaugarrien multzoa ez bada? Ezaugarri horietatik batzuk bizitzea egokitu zaigun garaiarekin lotuak izango ditun; eta, beste batzuk, lekuarekin, lurraldearekin. Kulturalki parekoak al gaitun lazkaotar bat, sabiñanigotar bat edo bordelar bat? Nik ez dinat esango antzekotasunik izango ez dugunik, baina, gehienean ezezkoan nagon, ez daukagula zerikusirik. Hori ezin argiago adierazi din Lazkaon ezaguna den Libe Goñi Garate irakasle ohiak Argia aldizkarian: «Ikastolatik pasatzen diren haurrak euskaldun sentitzen dira».
Beraz, zer gaitun, nondik gatozen? Batetik, hori jasotzen hamaika lan egin duten erakundeak zeuzkanagu gertu: Arantzadi zientzia elkartea, unibertsitateko ikerleak, museo desberdinak, batzuk aipatzearren. Gure herriaren tradizioa eta ezagutza jaso eta herritarron eskura jarri. Bestetik, sortzaile zerrenda bikaina zeukanagu. Eta zein dun hauen egoera? Euskal Herrian euskaraz sortzen duten musikarien, aktoreen, dantzarien, idazleen eta sortzaileen ahotan gehien entzuten den hitza zein dun? PRE-KA-RI-E-TA-TE-A. Alegia, askok ez dakitela hilaren bukaerara iristeko nola ibiliko diren…
Amaitzeko, galdera bat: zergatik gure alaba edo seme batek ballet dantzari edo aktore izan nahi duela esango baligu aurpegia zimurtuko geniken hamarretik hamaikak?