Urtean gutxienez bi auzolan saio egiten dituzte itsasondoarrek; bata udaberriarekin, eta udazkenarekin bestea. Aurreikuspen handiarekin jokatzen dute, taldeak eta materialak ondo prestatzeko.
Kizkitzako ermitaren itsasargiak bezala, auzolanak Itsasoko bizilagunen jarduna eta komunitate izaera argitzen du. Urtero gutxienez bitan egiten dute; bat udaberrian, bestea udazkenean. Ez dira bakarrak, halere, auzolan ekitaldi gehiago ere egiten dituzte eta parte hartu ohi duten 50-60 bizilagunek, adin guztietakoek, nork bere argitxoa gehitzen diote ondokoari, eta horrela argiz argi komunitatea trinkotzen ari dira, gero eta gehiago, belaunaldiz belaunaldi, bakoitza udalerriaren arimaren parte dela agerian ipiniz.
Aspaldi-aspaldiko ohitura da euskal herrietan auzolana. Batzuetan gorde da, beste askotan bizimodu azkarraren eta askotan zoroaren lurrunak eraman du. Itsason gorde dute, udalerri izan aurretik ere aritzen ziren.
Pilare Muxika itsasoarrak «ikasten ari» direla dio: «Aurreikuspen handiarekin jokatzen saiatzen gara auzolan ekitaldiei harik eta etekin gehien ateratzeko. Lanak zehaztu, arduradunak izendatu, taldeak osatu eta materialak prestatu egiten ditugu aurrez».
Garai batean bideak txukundu zein garbitu egiten zituzten auzolanean. Ondare erlijiosoa ere mimo handiz gorde eta zaintzen ari dira. Egun, auzolanak «ez du mugarik», Muxikaren hitzetan. Udalerria apaintzen dute, margotze nahiz konponketa lanak egiten dituzte, lorez apaintzen dituzte udaletxeko balkoiak eta lerro hauetan guztietan kabitzen ez diren hamaika lan egiten dituzte elkarrekin. Taldeak osatu eta hainbat lanetan trebatu diren itsasoarrak badira; aitzitik, egitekoak aldatzen dituzte eta, modu batera edo bestera, denak aritzen dira guztiena den herriaren beharrei erreparatzen eta haiei kasu egiten.
Komunitate izaeraren muina guztiona dena zaintzea bada, zalantzarik gabe, Itsason komunitatea dira. Lana amaitzen duenak amaitu gabe dagoenari laguntzen dio eta, behin denek bukatzen dutenean, hirugarren denborarako biltzen dira. Hots, elkarrekin afaltzen dute ostatuan. Larunbat arratsaldez aritzen dira eta hala gazteen nola helduen egutegietan auzolanerako gordetako datak gorriz margotuta daude.
Orain, gainera, proiektuak gauzatzeko diru laguntzak bilatzen eta aurkitzen dituzte komunitatea izateaz gain, udalerri ere badirelako. Beharbada komunitate direlako dira gaur-gaurkoz udalerri.