Ion Muñoa
Lehengoan zur eta lur geratu nintzen, egungo entzierroaren emozio faltaz kexu agertu zirenean hainbat korrikalari prentsaurrekoan. Diotenez, lurrean irrist ez egiteko produktuak botatzeak eta zezenen korrikaide diren idiak entrenatuta edukitzeak entzierroa azkartu eta emozioa kendu omen diote. Handik egun pare batera, Tourreko etapa Thomas De Gendt-ek irabazi zuen ihesaldi zoragarri eta zirraragarriari zukua atera eta helmugan eskuak jasota. Xabier Usabiagaren hitzetan, Belgikako txirrindulariak erasoa jotzean ez du atzera begiratzen eta ez du estrategia berezirik erabiltzen, jakin bai baitaki, ordu erdiz 500 wattiotako potentzian joateko gai dela eta hori eginez gero, garaipenaren lehian ibiliko dela.
Itxuraz, entzierroko emozio faltaren auziak eta De Gendt-ek jokabideak ez dute lotura handirik, baina niri egungo munduan geroz eta nabarmenagoa den zerbait ekarri didate burura: ezustekoentzat uzten ari garen geroz eta leku estuagoa. Zientziaren eta teknologiaren aurrerapenek gizakiaren esku ez dauden hainbat eta hainbat faktore geroz eta kontrolagarriago egin dituzte. Gaur badakigu euria ze ordutan egingo duen, etapa irabazteko zenbateko potentzia mugitu behar den, zenbat kaloria galdu ditugun egunean emandako 18.658 pausoekin, Goierritik Parisko edozein kaletara joateko zenbat denbora beharko dugun biderik galdu gabe, etab.
Ez naiz ni hasiko teknologiaren eta zientziaren kontra. Ez dut gizakiak ingurune otzana kontrolatu nahi izateko duen berezko senaren onuren aurka egingo. Baina, zein leku dute ezustekoek gure bizitza azkar-modernoetan? Eta ez ote dira ezustekoak (onak zein txarrak) bizitzaren bere-berezko zentzuemaile? Galderak galdera, honetan utzi behar dut, entzierroa hastera doa eta!
Eneritz Gorrotxategi
Zuk aipatzen dituzun ezustekoek beti topatzen dute azaltzeko tartea, berez etorri ohi dira, inongo aterik jo gabe. Urrutira joan gabe, Beasaingo bortxaketa da burura datorkidan azken adibide arbuiagarria. Zuri entzierroko korrikalarien plantoak eragin zizun zirrara, baina niri barrua mugitu zitzaidan albiste hau entzutean. Bizitzak, nolabait esateko, bestelako ezustekoak ere eskaintzen ditu, baina, egunerokotasuna hankaz gora jartzea eragiten duten horietakoen aurrean, beharrezkoa da zientziaren eta teknologiaren garapenaren bidaide, emozioen arteko oreka ere izatea. Gaixotasunek aurrera egiten dute, garatzen asmatzen dute, eraldatu egiten dira, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa da ikerketaren garapena, teknologia aproposak topatzea eta gaixoen emozioak bideratzeko lan egitea. Beraz, esango nizuke puzzle baten modura denen arteko nahasketa eta orekan dagoela gakoa. Eta abantaila horiek guztiek dakarten onuraren erabileran.
Bizitzaren zentzu-emailetzat jo dituzunak, niretzako hasieran aipatzen dituzun emozioak dira. Baina ezinezkoa da emozio soiletan geratzea ere, prudentzia izeneko beste elementu bat tartean sartu gabe. Entzierroa korritzen dutenak emozioa nahi dute, baina prudentziaz jokatuz? Estafetako bihurgunean zezenak harrapatzeko aukera asko duela esango al diote atzerritik datorren eta zezenak nondik datozen ez dakienari? Edo emozioa horrek ematen dio, ez esateak? Gizarteak aurrera egiten duen neurrian, dena egokitu behar da: teknologia, zientzia, emozioak kudeatzen ikastea… Eta horretarako gakoa eta giltza topatzea izan liteke bizitza honetako erronketako bat.