Cristina Palita errumaniar jatorriko ordiziarrak jantziak konpontzeko, moldatzeko eta pertsonalizatzeko Inakat tailerra ireki du Ordizian. Goiekiren Ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onenaren saria jaso du.
Ametsak borrokatuz eta ekinez bihurtzen dira egi, eta horixe da errumaniar jatorriko Cristina Palita ordiziarrari gertatu zaiona. Inguruan dituen lagunek bultzatuta, Inakat tailerra ireki du Ordiziako Barandiaran plazan: jantziak konpontzeko, moldatzeko eta pertsonalizatzeko tailerra sortu du. Ametsa egi bihurtzeko borrokak saria izan du gainera, Goiekik antolatutako enpresa ekimen berrien atalean 2.000 euroko saria lortu baitu, aurten sortutako Ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onenaren atalean. «Lan munduan txertatzeko zailtasunak eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonen ahaleginak balioztatu eta ekintzailetzaren bitartez lan munduan txertatzeko bultzakada» ematea izan da sariaren helburua.
Sentimenduz betea
Inakat tailerra sentimenduz betetako gunea da, izenetik bertatik hasita. Hiru esanahi dituen hitzez osatua dago Inakat izena, Cristina Palitak argitu duenez. «Batetik, Cristinaren azkeneko hiru hitzak dira. Nire anaiak txikiak zirenean ez zuten Cristina esaten, Ina baizik. Cristina asko daude eta Ina hartu dut, niretzat esan nahi berezia duelako. Eta bestetik Kat: inglesez moztu esan nahi du, eta katuak ere asko gustatzen zaizkit. Hiru esanahi ditu, beraz».
«Bizitza guztian eduki izan dudan ametsa da Inakat tailerra»
«Nigan asko sinestu duten lagunengatik iritsi naiz honaino»
Cristina Palita, Inakat tailerra
Iraganari leku berezia eginda hasi du bizitzako proiektu berria Palitak. Izan ere, 100 urterekin hil zen amonak erakutsi zion josten txikia zenean, «behartuta». «Behartuta» ikasitako hura, bizibide du orain errumaniar euskaldunak: «Bizitzeko lana egin beharra zegoen eta ikasketak utzi, eta bizkarrean motxila eta katu txiki bat hartuta etxetik joan nintzen».
Amonak erakutsitakoa berehala jarri zuen praktikan: «Gauza handirik jakin gabe hasi nintzen lanean fabrika alemaniarretan. Hemen ez, baina oso marka ezagunak dira. Ia 13 urtean lan egin nuen. Asko ikasi nuen». Hala ere, berriz ere ikasketei ekin, eta moda eta joskintza tekniko ikasketak osatu zituen Palitak. «Ordutik aurrera, joskintzan izan ezik, beste lan askotan aritu izan naiz».
Errumania utzi eta Madrilera joan zen lehenengo, eta Ordiziara gero. «Lehenengo aldiz duela 10 urte etorri nintzen Ordiziara, oporretan, Madrilen bizi nintzenean. Asko gustatu zitzaidan, nire jaioterriaren antzekoa delako: klima, mendiak, errekak, basoa…». Urtebete beranduago etorri zen mutil lagunarengana, Ordiziara. «Etxean sentitzen naiz, horregatik erabaki dut etxea hemen erostea eta negozioa hemen irekitzea. Zoriontsua naiz Ordizian. Oso ondo hartu gaituzte. Ez daukat Errumaniara itzultzeko gogorik. Hori bai, hemengo lagunekin joan nahi dut Errumaniara bisitan, zein polita den erakusteko».
Amonak erakutsitakoa
39 urte ditu Palitak eta lan ugaritan aritu da ondoren, «benetan gustatzen» zaionari heldu –amonak erakutsitako joskintza alegia– eta ametsen tailerra eraiki du. «Bizitza guztian eduki izan dudan ametsa da. Nigan asko sinestu duten lagunengatik iritsi naiz honaino. Bakarrik ezin da ezer egin, borrokatu egin behar da, eta lagunak eduki behar dira». Goieki garapen agentziaren laguntza ere izan du errumaniar ordiziarrak, bideragarritasun plana egin eta proiektua aurrera ateratzeko bidean. «Goiekin asko lagundu didate, ez nekien nondik hasi, eta Goiekin berehala lagundu zidaten».
Tailerraren sarrerako erakusleiho txikian, Goiekiren sariaren oroigarriaren ondoan, Palitaren hain garrantzitsua den iraganeko aztarnak ikus daitezke, inguruko lagunek utzitako tresnekin: 80 urteko larruzko hariak, Elgoibarren egindako 101 urteko Sigma josteko makina, plantxa zaharrak, enborra… «Esanahi berezia du erakusleihoko elementu bakoitzak», nabarmendu du.
Tailerraren barruan, berriz, oraina eta etorkizuna daude, teknologia berriez hornituta. Arropa konpontzeko, moldatzeko eta pertsonalizatzeko behar duen tresneria guztia du: brodatzeko, josteko, larrua josteko plantxa industriala… Apalak pixkanaka hariz betetzen ari da. «Kolore asko falta zaizkit oraindik». Oihalik ez du tailerrean, «ordena» gustatzen zaiolako.
Oraingoz bakarrik ari da tailerren lanean, baina beste bi lagun gehiagorentzako lekua egiteko asmoa du: «Ea zer gertatzen den gaur, eta bihar ikusiko dugu. Ea nola doan negozioa». Ekainaren 1ean ireki zuen denda eta oraingoz, gustura ari da lanean. «Jendea gustura dagoela ikusten dut, gustatzen zaie egiten dudan lana». Ilusioa eta goxotasuna adierazten duten elementu gehiago ere badaude Inakat tailerrean: «Adibidez, praka barrenak hartzen ari naizen bitartean, kafetxo bat eskaintzen diet bezeroei».
Arropa bilduma
Bizitza guztian izan zuen amets nagusia bete du Cristina Palitak, baina beste desio bat ere badabilki buruan: «Nire arropa bilduma egitea».