Eustaten azken kontaketen arabera, Goierrin hamabost eta 29 urte bitarteko 9.472 gazte bizi dira. Biztanle kopurua gora egiten ari den arren, gazte kopuru absolutua txikitzen ari da. Duela hamar urte baino mila gazte gutxiago bizi da Goierrin, eta ia bi puntutan jaitsi da adin tarteak gizartean duen pisua. Egun, ehun biztanletik hamalau dira hamabost eta 29 urte bitarteko gazteak.
Goierriko gizartea, hortaz, zahartzen ari da. 2008. urtean 64 urte baino gehiago zituzten ehun biztanleko 80 gazte zeuden. 2018an, aldiz, 65. Egun, 14.572 heldu bizi dira Goierrin, biztanleria osoaren bostena baino apur bat gehiago.
Goierriko datuak bat datoz Euskal Autonomi Erkidegoko emaitzekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamabost eta 29 urte bitarteko 267.406 gazte bizi dira, biztanleria osoaren %12. 2003an %20koa zen pertsona gazteen proportzioa biztanleria osoan.
Bizi itxaropenak, gora
Gazteak galtzen ari diren presentzia 64 urte baino gehiagoko helduak hartzen ari dira. 2006an, 97 gazte zeuden 64 urtetik gorako 100 pertsonako; 2018an, ratio hori 60ra jaitsi zen. Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleen %22k 65 urte edo gehiago ditu, zehazki, 479.375 lagunek.
Goierrin hamabost eta 29 urte bitarteko 9.472 gazte bizi dira, biztanleria osoaren %14
2008. urtean 64 urte baino gehiagoko ehun biztanleko 80 gazte zeuden. 2018, aldiz, 65.
Gauzak honela, Goierriko eta Euskal Autonomi Erkidegoko gazteen indizea Europako eskualdeetako baxuenetako bat da. Hain zuzen ere, Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetako gazteen batez besteko indizea %17koa da.
Jaiotza tasa baxuagoa da, eta bizi itxaropena geroz eta handiagoa. Ondorioz, helduen taldeak geroz eta pisu gehiago du gizartean, eta atzetik gazte gutxi dator balantza orekatzeko; fenomeno hori azaltzeko hainbat arrazoi sozio-ekonomiko daude, baina nagusiena gazteek lan mundura sartzeko eta egoera ekonomiko egonkor bat izateko duten zailtasuna da. Eustaten arabera, Gipuzkoan ama izateko batez besteko adina 32,8 urte da, Europar Batasunean baino 2 urte gorago, eta ia desagertu egin dira hirugarren edo gehiagoko jaiotzak.
Halaber, zientziaren aurrerapenei eta bizi kalitatearen hobekuntzei esker gora egiten ari da bizi itxaropena. Gipuzkoan, batez beste, 83 urtekoa da, 86, 4 urtekoa emakumeen kasua. Goierrin, ehun urteko langa gainditua duten hamabost biztanle daude Eustatek apirilean argitaratutako txostenaren arabera. Hamahiru emakume eta bi gizonezko.