Gema Hernandez (Zumarraga, 1978) triatloilariak distantzia erdiko Munduko Txapelketan parte hartuko du irailean, Nizan (Frantzia). Hernandez denboraldi bikaina osatzen ari da. Les Sables d’Olonne-ko triatloia irabazi zuen bere kategorian, eta Gasteizko Ironman proban zazpigarren izan zen.
Beti izan al zara kirolzalea?
Bai. Umetan igeriketa eta atletismoa egin nuen eta eskola kirolean aritu nintzen. Ondoren, futbolean jokatu nuen, Seirak taldean. Belaunean min hartu nuenean, bakarkako kiroletan hasi nintzen. Hasieran korrikan aritu nintzen, ondoren bizikleta probatu nuen eta azkenean triatloia egitea erabaki nuen.
Lesioa gogorra izan al zen?
Lotailu-haustura izan nuen eta denbora dezente behar izan nuen osatzeko.
Osatu ondoren, korrika egin zenuela esan duzu. Zein probatan parte hartu zenuen?
Lasterketa herrikoietan parte hartu nuen: Behobia-Donostia, Azkoitia-Azpeitia… Asierrek (senarrak) ere korrika egiten zuen eta elkarrekin aritzen ginen.
Nolatan animatu zinen bizikletan ibiltzera?
Aita bizikletan ibiltzen zen eta hasieran berarekin eta osabarekin joaten nintzen. Ondoren, Goierri elkartekoekin joaten hasi nintzen.
Noiz egin zenuen lehen triatloia?
Oso berandu: Malen (alaba) jaio baino urte bat lehenago. Zumaiako lagun batek triatloia egiten zuen, probatzea proposatu zidan eta hala hasi nintzen. Haurdun gelditu nintzenean utzi egin nuen, baina ondoren berriro ekin nion.
Zein izan da orain arte lortu duzun emaitza onena?
Bi emaitza onenak Gasteizko Ironman proban lortu ditut. Duela bi urte, 10 ordu eta erditik jaitsi nintzen eta bosgarren postuan sailkatu. Aurten denbora hori hobetu dut: 10 ordu eta 14 minutu behar izan ditut proba bukatzeko. Parte hartzea askoz hobea izan denez, 18. postuan sailkatu naiz. Gasteizen Ironman bat edukitzea gauza handia da, etxean bertan lo egiteko aukera ematen baitu. Gainera, ezagutzen ez duzun toki batean lehiatu behar zarenean, estresa handiagoa da. Eta garestiagoa da.
Ironman gehiago egin al dituzu?
Bost egin ditut: Vichyn, Zurichen, Austrian eta Gasteizen. Azken hori, bi aldiz. Hasieran proba motzak egiten nituen, baina orain luzeak atsegin ditut. Izan ere, urteekin esplosibitatea galtzen da. Proba luzeetan, berriz, esperientzia oso garrantzitsua da.
«Triatloiaren eskutik lagun asko egin ditugu eta toki asko ezagutu ditugu»
«Senarra, alaba eta hirurok talde bat gara: hor daude beti, lagundu eta animatzeko prest»
«Alaba ere triatloiak egiten hasi da eta egunen batean berarekin lehiatu nahi dut»
Proba luzeak prestatzeko denbora asko behar da, ordea. Eta beteranoek lana eta seme-alabak izan ohi dituzue.
Komeriatan ibiltzen naiz lana, familia eta kirola uztartzeko. Zumarragako kiroldegian lan egiten dut eta kiroleko arroparekin joaten naiz handik irteten naizenean zuzenean entrenatzera joateko. Zorionez, Asierrek eta Malenek asko laguntzen didate.
Zenbat ordu entrenatzen duzu astean?
Denboraldiko une gorenean egunean hiru bat ordu entrenatzen dut. Bizikletako entrenamendu luzea astebururako uzten dut. Zikloturista martxetan parte hartzea gustatzen zait. Astegunetan korrika eta igeriketa egiten dut batez ere eta eguerdian aritzen naiz, Malen ikastolan dagoenean. Goizean goiz ere entrenatu izan dut. Sukaldeko lanak ere goizean goiz egiten ditut. Eibar taldeko nutrizionistarekin lan egiten ari naiz eta hobekuntza nabaritu dut.
Noiz arte jarraituko duzu maila horretan lehiatzen?
Gustatzen zaidalako egiten dut, baina oso argi dut garrantzitsuena familia eta lana direla. Hori bai, dortsala jartzen dudanean, gauzak ondo egitea gustatzen zait. Nire buruari ahal duen guztia ematea eskatzen diot. Egun, hilean triatloi bat egiten dut. Malen txikiagoa zenean, triatloi gehiago egiten nituen. Baina oso nekagarria zen.
Zer ematen dizu triatloiak?
Guretzat bizitzeko modu bat da. Triatloiaren eskutik, lagun asko egin ditugu eta toki asko ezagutu ditugu. Izan ere, triatloia bidaiatzeko eta toki berriak ezagutzeko aitzakia bat ere bada. Denboraldi hasieran, nora joan erabakitzen dugunean, toki berriak aukeratzen saiatzen gara. Ahal dugun guztietan hirurok joaten gara eta Malenentzat ekintzak egoteari garrantzia ematen diogu. Okerrena, proba gehienak igandetan izaten direla da. Larunbatetan ezin dut nahi bezainbeste gozatu.
Zein da gehien gustatzen zaizun triatloia?
Zarauzkoa. Zarautzen dagoen giroa ez dago beste inon. Zarauzkoa gutxienez bizitzan behin egin beharrekoa da. Nik sei aldiz parte hartu dut. Duela urte batzuk toki berriak ezagutzea lehenetsi genuen, baina datorren urtean berriro egin nahi dut.
Hau guztia ez zen posible izango senarraren eta alabaren laguntzarik gabe.
Talde bat gara. Beti hor daude, laguntzeko eta animatzeko prest. Malen txikiagoa zenean, Asier arduratzen zen eskolatik kanpoko ekintzetara eramateaz eta arratsaldetan bera arduratzen da etxeko lanez. Triatloiak egiten jarraitzen badut, beraiek gustura daudelako da. Malen ere triatloietan parte hartzen hasi da, gainera. Asier, berriz, logistikaz, izen-emateaz, gidatzeaz… arduratzen da. Nire managerra dela esan daiteke. Eskertzekoa da egiten duen lana.
Zein asmo dituzu datozen urteetarako?
Urtero Ironman bat prestatzea oso gogorra da. Datorren urtean, beharbada, distantzia erdikoak bakarrik egingo ditut. Izan ere, denbora gutxiago behar da prestatzeko. Gainera, adinean aurrera noa. Hori bai, egunen batean Malenekin lehiatu nahi dut.