Abuztuaren hondarrean ere festarako aukera izango da Goierrin. Ataunen San Gregorio festak hasi berriak dituzte –gaur kuadrilla eguna dute, bihar haurrena eta asteartean zaindariarena–, Itsason San Bartolome jaien azken eguna ospatuko dute bihar, baita Brinkolako San Agustin festetan ere. Beasainmendin, aldiz, erromeria giroko Agortako jaiak dituzte larunbat eta igandean. Festak Ataun San Gregorion, Itsason, Brinkolan eta Agortan.
Abuztua agurtzeko Garagardo festa egingo dute Idiazabalen
Idiazabalgo Areto Futbol taldeko neska-mutilek antolatuta, XVII. Garagardo Festa egingo dute Zelaa kiroldegian. Atzotik martxan da azoka, baina gaur eta bihar (hilak 30 eta 31) ere zabalik egongo da, arratsaldetik gauerdira arte. Bi egunotan DJ Elortxak girotuko du afalondorena, eta bihar baita Hell Riders taldeak ere. Abuztuak 30 eta 31, iluntzetik gauerdira, Zelaa kiroldegian.
Gipuzkoako Artzain Eguna jaian Legazpi
Iraileko lehen igandearekin bat eginez ospatu ohi den Gipuzkoako Artzain Eguna egingo da jaian Legazpin. 35. Artzai Gazta lehiaketaz gain, goizean hainbat erakustaldi eta trebatze saio izango dira Euskal Herria plazaren inguruan, eta artisau postuek ere ez dute hutsik egingo. Arratsaldean, berriz, 17:30ean hasita, 51. Artzain txakur txapelketa jokatuko da Urtatzako zelaian. Irailak 1, igandea, Legazpin, 10:00etatik aurrera.
Usurbeko igoera jokatuko da igandean
Iraila hastearekin batera krosak itzuli dira Goierrira, eta lehen proba igandean bertan jokatuko da: Usurbeko igoera. Lasterkariak 11:30ean abiatuko dira Beasaingo Artzai-Eneako plazatik. Egunean bertan edo herrikrossa.eus gunean eman daiteke izena. Irailak 1, igandea, Beasaingo Artzai-Enetik abiatuta (11:30).