‘Euskal Emakumeen Kartografia Sentibera’ artelanaren egilea den Nathalia Heim-ek (Bahia Blanca, Argentina, 1982) umetatik maitatu ditu argazkilaritza eta bidaiatzea. Komunikazio ikasketak amaitu aurretik, publizitatean lanean hasia zen, eta ordurako argazkigintzan trebatzen ari zen. Buenos Airesera aldatu zen nerabe zela, baina Bahia Blancako sustraiak ez ditu galdu. Lurraldearekiko lotura hortik datorkiola dio. Egun argazkigintzan aritzen den artista da.
Nolatan sortu zen Igartubeitiko erresidentziaren aukera?
Madrilen bizi naiz, eta argazki erakusketak egin ditut Frantzian, Italian eta Espainian. Erresidentziaren aukera sortu zenerako emakumearen gaia jorratzen ari nintzen, sentiberatasunetik eta zentzumenetatik generoaren gaia lantzen. Izan ere, emakumeon borroka ez da soilik lurralde geografikoaren eremuan sortzen, gorputzaren esparruan ere bai. Hala gorputza eta lurraldea lotu zitzaizkidan.
Artera eraman duzu lotura hori ‘Euskal Emakumeen Kartografia Sentibera’ artelanean.
Artea erreminta politiko gisa ulertzen dut, jakintzat jotzen ditugun kontzeptuak auzitan jartzen ditu arteak. Arteak, halere, ez ditu aldaketak sortzen, pertsonek sortzen dituzte kalera ateratzean. Artelan hau kalera ateratzeko nire modua izan da.
Euskal emakumeen unibertsoan sakontzeko Goierriko emakumeak elkarrizketatu dituzu.
Bai, erresidentziarako egin nuen proposamena hortik zihoan. Iritsi nintzenean bazirudien euskal emakumeak diren horren kontzeptua oso itxia zela. Nire bidea solasaldiarena izan zen, emakume horien parean jarri eta kontzeptu horren korapilo itxia askatzen joatea. Solasaldi haietan, nahitaez, bakoitzaren bizitza pertsonala azaleratu zen. Bakoitzak bere historia zuen eta guztien historiek ezaugarri amankomunak zituzten. Helburua, baina, ez zen beste kontzeptu itxi bat sortzea inondik ere. Aurrejuzgurik gabe galdetu, entzun eta itxitzat ezer ez ematea baizik.
Eta elkarrizketeta haietatik guztietatik abiatuta argazkiak oinarri duten artelana sortu duzu.
Historia duten emakume horiek solasaldi poetiko bisual batean irudikatu nahi nituen, non lurraldea bakoitzaren gorputza den. Hor ez dago euskal emakumearen errepresentazio bat eta bakarra, norbere historia duten emakume euskaldunak daude.
Elkarrizketetan jasotako materiala zertan datza?
Haurtzaroa, mendia, ama, amona, matriarkatua –denak bat etorri ziren egon dela esaterakoan, baina esfera pribatuan betire–, amatasuna, lanbideak, bizi diren ingurua, figura maskulinoak agertu ziren… Inork euren bizitzei buruz sekula ez ziela galdetu sentitu nuen.
Argazkiak zirkuluan jarri dituzu instalazioan.
Bakoitzarekin izandako solasalditik argazkiak zer jaso behar zuen planifikatu nuen. Bakoitzak bere aulkia ekarri zuen eta argazkiak gainean daude, denak ezberdinak, zirkuluan, begietara begira, elkar deitzeko gai garela erakusten.
Zer esango zenuke euskal emakumeaz proiektua amaitu ondoren?
Euskal kulturan sorginen mundu hori garrantzitsua da. Musika ere bai, entzuten zena eta jotzen zena. Hizkuntzaren tokia itzela da. Bada zerbait oso indartsua euskararekin, sentitzen duten hori ondoen euskaraz adierazi dute emakumeok. Euskal gizartean minak badu bere tokia, eta nonbait euskararekin lotzen da, irekitako zauria da; nire hizkuntza hitz egiteagatik jotzen banaute mutu geratuko naizelako. Soka luze-luzea da hori, eta hori bai dela, zalantzarik gabe, emakume euskaldunak bereizten dituen ezaugarri bat, euskal lurraldeak berezkoa duena.