Uda ohi baino berogoa izan da aurten; batez besteko tenperatura aurreko urteetakoa baino 1,1 gradu altuagoa izan da. Euria, berriz, beti bezala egin du, gutxi. Udazkena bertan da eta pronostikoak dioenez, epela eta lehorra izango da.
Aurtengo uda joan da eta udazkenak egin ditu bere lehen egunak, zorua zuhaitzetako orbelekin betetzen hasteaz bat.
Ekainaren 21ean 17:54an iritsi zen urteko garairik beroena eta argitsuena, eta duela egun gutxi batzuk, irailaren 23an, 09:50ean agurtu da hurrengo urtera arte, 93 egun eta 15 ordu eta gero. Hasi eguraldi bikainarekin eta beroarekin hasi bazen, zeruan gris kolorea nagusi zela, ateri eta 20 graduren inguruko tenperaturarekin bukatu da.
Kolore gorrixka eta marroixkarekin lotzen den urtaro berria, aldiz, abenduaren 22ra arte geratuko da, 89 egun eta 20 ordu guztira. Aurtengo udazkena epela eta lehorra izango dela diote pronostikoek; lehen egunak hala joan dira, gerokoak ikusi behar.
Ohi baino uda epelagoa
Agurtu berria den uda ohiko parametroetan joan da metereologiari dagokionez Euskal Erkidegoan, baina apur bat epelagoa izan da. Hala esan dute Euskalmet agentziako meteorologoek urtaro horren balorazioa egiterakoan: «Uda, beste behin, beroa izan da». Azken urteetako tenperatura neurketetan oinarritu dira halako baieztapena egiteko: «Udako tenperatura, 1981-2010 denboraldi klimatologikoaren batez bestekoarekin alderatuz, 1,1°C altuagoa izan da». Zortzigarren uda jarraian izan omen da batez besteko tenperatura hori gainditu dela, «eta 1950. urteaz geroztik izandako bost uda beroenen artean dago» aurtengoa. 2003ko uda askoz ere berogoa izan zela ere gogoratu dute, baita azken 16 urteen artean 12 kasutan udak beroak izan direla ere.
Ordizian 40 gradu
Goierrin ere uda beroa izan da; horren lekuko Legazpiko, Ordiziako eta Zegamako Aemet eta Euskalmet agentzietako estazio meteorologikoetan jasotako datuak.
Ekainean, hasteko, «tenperatura altuak izan dira ekaina izateko, eta hilabete honetako batez bestetik goragokoak» dio Legazpiko estazioaz arduratzen den Alonso Francesek.
Uztailean ere tenperaturak altuak izan dira, «baina normalean hilabete beroena izaten da eta aurten ez». Hala ere, uztailak eman ditu uda osoko tenperaturarik altuenak: 40 gradu Ordizian, uztailaren 23an.
Uztaileko batez besteko tenperatura 19,96 gradukoa izan da, eta abuztukoa 20,54koa (Legazpiko datuak dira). «Hilabete beroena izan da, baina beste urteetan baino tenperatura bajuagoak neurtu dira» azaldu du Francesek.
Iraila hastearekin bat, berriz, tenperaturek behera egin dute, eta udazkena iritsi arteko batez bestekoa nabarmen jaitsi da: 16,72 gradukoa Legazpin. Udaren azken egunek, halere, izan dute berotik, hego haizea tartean, 30 gradu ingurukoak izan baitira hilaren erdi aldera.
Euri gutxi
Prezipitazioen aldetik uda normala izan da, euri gutxi egin du ohi den bezala: 140 litro inguru Ordizian, 176 litro Legazpin eta 190 litro Zegaman. Ekaineko azken egunak edo udaren hasiera izan da lehorrena hiru estazioetan, eta euritsuena, berriz, uztaila Legazpin eta abuztua Ordizian eta Zegaman.
Orain urteko urtarorik hezeena badator ere, «ohi baino lehorragoa» izango dela aurreikusten du Francesek. Hala ere, neguaren amaieran, udaberrian eta udan batutakoari gehituko zaionarekin, urteko batez bestekora «ondo» iritsiko dela uste du.