Duela egun batzuk 11 urte inguru nitueneko argazki bat bidali zidan lagun batek. Argazkia ikusi nuenean ikaragarrizko tristura sartu zitzaidan. Hainbeste urteetan zehar gorrotatu izan dudan haur hura, aurpegi hura, gorputz hura nire mutur aurrean neukan eta ez zen nik buruan sartuta izan nuen bezalakoa. Haur polit bat ikusi nuen argazkian, lagunekin zoriontsu zena. Atsegina. Alaia.
Argazkia jaso nuenetik pentsamendu bakar batekin nabil bueltaka… Zer gauza txar egin ote zidan neska horrek egin diodan guztia jasan behar izateko… Urte asko pasatu ditut ume hori, gorputz hori, desagerrarazi nahian. Mina egiten, zapaltzen, gosez akabatzen… zigortzen eta gorrotatzen.
Atzera bueltatzerik izango banu, eta ni-haurrarekin topo egiterik banu, barkamena eskatuko nioke. Zer kable kruzatzen ote zaigu buru barruan bakoitzak bere buruaren kontra horrelako gerra bat hasteko? Non dago horrelako astakerien hasiera?
Haur bakoitza den bezala, bera ere bakarra, aldaezina eta baliotsua dela esango nioke. Jaiotzen garenetik hil arte gure gorputza dugula bizileku, eta altxor hau zaindu behar dugula. Bakoitza den bezalakoa onartzen ikasi behar dela, bere akats zein gauza onekin (onak, txarrak baino gehiago dira eta!). Gustatzen ez zaigun hori aldatzeko aukera asko daudela. Eta aldatu ezin den hori den bezala onartzeak lasaitasun asko emango digula.
«Ikasleak klasean hasi diren mementotik nire ‘radar’ propioa martxan jarri da eta elikadura nahasteak dituzten hainbat kasu detektatu ditut. Begirada triste hori. Bakardadea. Erlazionatzeko modua…»
Kanpoko presioei erantzun on bat ematen erakutsiko nioke. Bere burua ondo zaindu eta mimatzen. Berak ez, eta beste inork ere ez duela gaizki tratatzeko eskubiderik esango nioke, eta hau gertatzen denean bere burua aldezten, defendatzen, erakutsiko nioke. Kalte egin dion horri erantzun bat ematen: «Zuk ez duzu ni horrela tratatzeko eskubiderik», esaten.
Errespetua oinarri hartuz bera eta ingurukoak zaintzen…
Duela gutxi ikastetxe batean lanean hasi naiz, ikasleak klasean hasi diren mementotik nire radar propioa martxan jarri da eta elikadura nahasteak dituzten hainbat kasu detektatu ditut. Begirada triste hori. Bakardadea. Erlazionatzeko modua… Ez nau harritu ikusi dudanak. Gaur egungo umeek eta gazteek ikaragarrizko presioa jasan behar izaten dute. Gauza guztietan eman behar duten maila oso altua da. Ikasketak, lagun-artea, kanpoko itxura… denetan izan behar dira onak eta azkarrak (onenak eta azkarrenak ez esatearren). Itxurari, bakoitzaren ongizateari baino garrantzia gehiago ematen diogun gizarte honetatik alde egiteko modu bat izan daiteke jateari uztea edo janariarekin obsesionatzea.
Horrelako arazo batean sartzen ari den haurra laguntza eskatzen ari da. Zerbait ez dago ondo bere barruan eta berak ere ez daki nola kudeatu. Egiten ari den horretan zentratzea baino (jateari uztea, botaka egitea…), sentitzen ari den horretan sakondu behar dugu. Non galdu da? Zer sentitzen du? Zer da barruan krak egin dion hori?
Zulo sakonago batean sartu aurretik arazoa ikusteak berebiziko garrantzia dauka, baina oraindik eta garrantzitsuagoa da zulo beltz horretara gerturatu gabe bizitzan aurrera egitea.
Betikoa, ezinbestekoa dugu prebentzioan indarra jartzea.
Argazkian ikusten dudan ume horri egindako zauriak dagoeneko sendatu dira, ez da lan erraza izan, baina poliki-poliki osatu dira. Zaurien markak hor jarraituko duten arren, izan nintzena, egin nuena eta sentitu nuenaren ispilu.
*Artikulu honen aurreneko bertsioa guraso.eus atarian argitaratu nuen, 2019ko irailaren 15ean.