Hondakinen kudeaketak geroz eta kezka gehiago sortzen du herritarren artean. Itsasondoarrak gai horri dagokionez ez daude besoak gurutzatuta, eta sortzen dituzten hondakin organikoaren erantzunkizuna haien gain hartu dute. 2019. urte hasieratik, herrian bertan kudeatzen dute hondakin organikoaren frakzio osoa eta ez dute Sasieta Mankomunitateko kamioiaren beharrik, auzo desberdinetan konpostaguneak baitituzte.
Gai horren inguruan interesa erakutsi du Txinako politikari eta hondakinen inguruko teknikari talde batek, eta Itsasondon ezarri duten sistema hori ezagutzen izan ziren ostegunean, haien herrietan aplikatzeko moduko proiektua izan daitekeelakoan.
Baina honaino iristeko bide luzea egin behar izan dute Itsasondon. Horren berri ondo daki Danel Etxeberriak. Denboran atzera egin eta «bizilagunek hondakinez betetako poltsak, kalean, lurrean uzten genitueneko garaiak» ekarri ditu gogora. Sasieta Mankomunitatea sortzeko zegoen oraindik. Garai hartan «Itsasondok errauskailu txiki bat zuen». Zaborrak biltzeko edukiontzi berdea iritsi zen lehenik. Zaborrak sailkatzeko kolore desberdinetako edukiontziak beranduago. Errefusa eta organikoa sailkatzeko aukera izan da azkena.
Itsasondoko udal ordezkariek hondakinen inguruan zuten kezka aspaldi erakutsi zuten Sasieta Mankomunitatean, «hondakinen %40 organikoa da». Hala, beste herrialde batzuetako ereduari jarraituz, Sasieta Mankomunitatean hondakinen frakzio hori biltzeko sistema bat ezartzeko proposamena egin zuten lehenak izan ziren. Proposamena egin eta bederatzi urte igaro ziren Goierrin lehen edukiontzi marroia jarri zuten arte. Itsasondon izan zen hori.
Edukiontzi berriarekin, «emaitzak ez ziren nahi bezain onak». Atez atekoa iritsi zen ondore,n eta sistema mistoa ezarri zuten, «errefusa atez ate biltzen hasi ziren, gainontzekoa edukiontzien bidez». Datuak «zerbait hobetu ziren, baina oraindik hobetzeko asko zegoen». 2011. urteaz geroztik «benetako atez ateko sistema» jarri zuten martxan.
Herritar gehienek ez dute jakingo, baina gaur-gaurkoz herri guztietan edozein frakzioren bilketa egin aurretik kamioia pixatu egiten dute. Bilketa egiten dute eta ondoren berriz ere pisatzen dute. Sasieta Mankomunitateak jasotako hondakin kantitateari dagokion dirua udal bakoitzak jasotzen du.
Errefusak eta organikoak ordea, ez du diru sarrerari suposatzen, gastua baizik, tratamendu bat jasotzen duelako, eta gainera, Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak duela bi urte abisatu zuen herri bakoitzean bildutako hondakin organikoan %5 baino gehiago hondakin organikoa ez denarekin nahastuta egonez gero, errefusa bezala tratatu behar dela.
Konpostguneak
Kudeaketa egoki baten inguruko kezkarekin eta hondakinen sailkapenean emaitza onak lortzen hasita zeudela ikusita, organikoa kudeatzeko «konpostguneetan pentsatu»zuten. Han eta hemen eredu desberdinak ezagutzen ibili ondoren Joseba Sanchez Luar enpresako ordezkaria ezagutu zuten. Hark zioenez, «Itsasondon biltzen ziren kantitateak ikusita, hondakin organikoaren kudeaketa herrian bertan egiteko aukera egon bazegoen, dentsitate handiko herria ez delako eta berdeguneak badaudelako, besteak beste».
Ordura arte ezagutzen ziren konpostagailuekin ez ziren emaitza guztiz onak lortzen, baina Sanchezen bidez, «efizienteagoak» lortu ahal izango zituzten.
Herritarrekin batzar informatiboak egin ziren «pauso hori emateak lekarkeenaren inguruko xehetasun guztiak emateko». Herritarrak animatzen hasi ziren eta auzoka antolatu ziren. «Herritarrentzat erosoa izatea ere nahi genuen, eta horregatik zortzi konposgune ditugu martxan oraintxe».
2018an «180-185 kubo jasotzen zituen Sasietako kamioiak, baina kantitate hori gutxitzen joan da». Irail-urrian «20-25 kubo jasotzen zituzten», eta urte amaieran beste batzar bat deitu zuten herritarrei proposamen bat egiteko. Kubo gutxi haiek jasotzeak «gastu handia suposatzen zion herriari, 15.000 euro inguru, eta konpostagunea erabiltzen ez zuten herritarrei gastua haien gain hartzeko proposamena egin genien». Informazio guztia eskuan, «herritar haiek ere animatu ziren konpostagunea erabiltzera».
Dagoeneko bederatzi hilabete igaro dira herrian sortutako hondakin organiko osoa herrian bertan kudeatzen dutela, eta herritarrek ordaintzen dituzten tasetan ere antzeman dute hori.
Ibilbide luze-luzearen ondoren, hondakin organikoari dagokionez autogestioaren eredu dira itsasondoarrak, eta mugaz gaindi interesa piztu du horrek. Izan ere, nondik eta Txinatik etorri zitzaiezkien bisitan. Helburua garbia da, hondakinen kudeaketan benetan ekitea. Espainiar estatuko hainbat herritan egiten ari diren hondakinen kudeaketak ezagutuko dituzte, eta Itsasondokoaz gain, baita Euskal Herriko beste herri batzuetan egiten dutena ere.
Goierrin, pauso hori eman duen herri bakarra da. Etxeberriak nabarmendu duenez, «biztanle askoko herrietan agian beste sistema batzuk beharko lirateke, baina txikietan egin daitekeela erakutsi dugu».