Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) sortutako eta osatutako ‘Soka. Euskal dantzaren urratsetan’ erakusketa Beasainen ikus daiteke, Igartzan, urriaren 23a arte. Euskal dantzaren sokara gerturatu nahi dituzte bisitariak.
2015ean sortu zuen EKE erakundeak Soka. Euskal dantzaren urratsetan erakusketa ibiltaria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Euskal Herriko zazpi herrialdeetara eraman dute, EKEko Jakes Larreren esanetan, «erakusketaren 20. ezarpena» Beasainen egin dute; 21.a eta azkena, Eibarren izango da, azaroan.
Euskal dantzen izaera, historia, transmisioa, gizartean izan duen eragina… gizarteratu nahi izan dute EKEkoek, eta era berean hausnarketa eragin: «Iparraldean 3.000 haur inguruk ikasten dituzte euskal dantzak. Baina badira arazoak formakuntzari dagokionez. Askotan dantzak erakusten dira, baina bere historia, soka luze hori azaldu gabe». Hortik bururatu zitzaien, multimedian oinarritutako erakusketa ibiltaria egitea. Lau hizkuntzatan egina dago: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.
130 metro koadro hartzen dituen erakusketa da Soka. Igartzako jauregiko bigarren solairuan jarri dute, lau gunetan banatuta: Dantzaren bizipen intimoak, Euskal dantza & historia, Euskal dantza & gizartea eta Sorkuntzaren bideak. «Altxor handiak daude». 400 ilustrazio baino gehiago, 200 lekukotza, zazpi pantaila handi, 14 terminal interaktibo, ukipen pantailak, 9 irakurgailu multimedia… biltzen dira erakusketan. Larrereren esanetan, «irakurketa maila desberdinen arabera antolatu dute erakusketa. Adibidez, euskal dantzaz gutxi dakienak 15 minutuan, irudi ederrak ikusiko ditu zazpi pantaila handietan, bideo laburretan. Euskal dantzaz irudi positibo bat hartuko du, aberastasunaz eta edertasunaz ohartuko da». Dantzariak edo euskal dantzaz gehiago dakitenak, berriz, «ukipen pantailen aurrean jarriko dira batez ere, eta hainbat gai sakonduko dituzte».
Azken batean, euskal dantzaren sokara herritarrak inguratu nahi dituzte erakusketarekin. «Euskal dantzak ikasteko edota ezagutzeko gogoa piztu nahi zaie. Logotipoko soka ez da hertsia, irekia dago. Sokadantzan aurreskularia eta atzeskularia egoten dira, eta posible da dantza horretan dantzari gehiago sartzea». Soka ez baita eten.