2013an egin zituen lehenengo urratsak Beasaingo Zanpaldunak joaldun taldeak. Urte batzutako etenaren ondoren, igandean egingo dute «bigarren saiakeraren» estreinaldia, Igartzatik abiatuta. Herriguneraino joango dira.
2013. urtean joaldun taldea sortu zuten hainbat gaztek Beasainen, «joaleen zarata herrian zabaltzeko eta Beasainen kultura aberasteko» helburuarekin. Zanpaldunak izena jarri zioten taldeari, zanpantzar eta joaldun hitzak uztartuta: «Iturenen eta Zubietan joaldunak deitzen zaie eta gainerako herrietan zanpantzarrak».
Ilusioz ekin zioten bideari eta «joaleen zaratak Beasain zeharkatzen zutela entzuteak miresmen eta poz handia zabaldu zuen herritarren artean eta esker oneko hitz asko iritsi ziren gure belarrietara». Hala ere, pixkanaka taldea txikitzen joan zen eta ezin izan zioten hasitako bideari jarraitu: «Lehen talde mugatua geneukan, zortzi joaldun eta artzain bat. Batek huts egiten bazuen ezin ginen atera».
Taldeari aukera berria emateko helburuarekin, aurtengo ekainean entseguetarako deia egin zuten oraindik ere Zanpaldunak proiektuarekin jarraitu nahi zuten bizpahiru lagunek. Erantzun ona izan dute eta taldea berrosatzea lortu dute. Zanpaldunak taldeko kideen esanetan, «zortzi eta artzaina behar dira gutxienez, ondo geratzeko». Momentuz, hamar joaldun eta bi artzain elkartu dira; tartean dira hiru neska.
Entseguetan ikasitakoa kalera ateratzeko unea iritsi zaie orain. Igandean –urriaren 13an– 12:00etan, Igartzan jarri dute Zanpaldunen bigarren saiakerarako hitzordua. Maoizko prakak, gona zuria, txapela, kamiseta zuria, abarkak eta galtzerdiak prest dituzte, gerrian ardi larruak eta joareak jarri eta eskuan isopoak hartu eta joare hotsa Beasaingo kaleetara eramateko. «Igandean aterako gara lehenengo aldiz, oraingoz helburu zehatzik gabe». Dena den, jakin badakite, jendearen «arreta erakartzen» dutela: «Jendeari gustatzen zaio. Jendearen aurpegiak ikusten ditugu.
Taldekide gehiago
Denborak esango du, beraz, zein izango den Zanpaldunak taldearen bigarren saiakeraren ibilbidea. Hala ere, ibilbide horretan laguntzeko, taldekide «gehixeago ere» hartuko lituzketela diote: «Taldea irekita dago. Etorri probatzera. Bizkarrarentzat nekagarria dela pentsatzen du jendeak, baina ez da hala. Nekatzen da, baina edozein jarduera fisiko egiten denean bezala. Ez da gogorra». Alkartasuna Lizeoa dute entsegurako tokia. Taldearekin harremanetan jartzeko bideak: zanpaldunak@gmail.com posta elektronikoa eta Facebooka.