Bigarren automobilismo denboraldia bukatzera doaz Mikel Nazabal (30 urte) eta Eneko Nazabal (26 egitear) anaiak. Orain arteko ibilbide motz baina ezin oparoagoa, aurreneko txapela garrantzitsuarekin hornituko dute: Euskal Rallyesprint Txapelketa, 4. klasean jaun eta jabe izan dira.
Iaz, estreinako urtean, probatzea eta ahalik karrera gehien korritzea jarri zuten helburu. Aurten, rallyesprint modalitatean ipini dute arreta, karrera puntuagarri denetan irtenez, eta bukatzeko ahalegin guztiak eginez. Lortu dute. Proba baten faltan –Ugaoko Rallyesprinta, azaroaren 2an–, txapeldun dira matematikoki.
«Goierriko Rallyesprinta, Azpeitikoa eta Aramaiokoa irabazi ditugu, eta Gabiriakoan ateratako puntuekin lortu dugu txapela. Rallyesprint denak bukatzea genuen helburu», azaldu du Mikel Nazabal gidariak.
Ez hori bakarrik. Erregulartasun ezohikoa, eta berriak izan arren, beteranotza harrigarria erakutsi dute. Gabiriako Rallyesprintean, 2018ko martxoaren 4an debutatu zuten. Harrezkero, parte hartutako karrera guzti-guztiak bukatzea lortu dute: «16-18 bat dira, eta denetan bukatu dugu. Gabirian kolpe bat hartu genuen, baina ailegatu ginen helmugara», dio Eneko Nazabal kopilotuak.
Eurek jarritako autoa
Zaldibiako Mendi-Ondo etxadiko garaje batean daukate tailerra, lagun batzuekin partekatuta. Geratzen zaizkien ordu libre ia guztiak han sartzen dituzte. «Mekanika ere rallyetarako zaletasunaren barruan doa. Gaztetatik hasi ginen saltsan, eta geuk jarri dugu autoa», dio Mikelek.
Rallyesprintetako hiru karrera irabazi dituzte Nazabal anaiek aurten, euren 4. klasean
Bi urte daramate errepideko karrerak lehiatzen, 16-18 karrera.Guztiak bukatu dituzte
«Garbi» zeukaten zein kotxe nahi zuten: BMW 325 bat. Aurretik, zirkuituetan ere berdin bat erabili zuten. «Karrozeria Asturiastik ekarri genuen. Dena hustu, margotu, eta mekanika geuk sartu genion; elektronika eta esekidura, adituek. Lan asko dauka prestatzen, lau-bat hilabete hartu zigun».
Auto fidagarria sortu dute, haatik. 2.500 zentimetro kuboko eta sei zilindroko motorra dauka, eta 200 bat zaldiko potentzia errenditzen du, gehienez. Lagunei, ematen dieten laguntza eta lasterketetako asistentzia eskertu diete biek.
Jarraitzeko asmoan
Denboraldia bukatzeko pare bat lasterketa dituzte oraindik: Ugaokoa eta Zamudioko rallya. Otsail aldera, Euskal Automobilismo Federazioaren galan jasoko dute rallyesprintetako 4. klaseko irabazleen garaikurra.
Eta asfaltoan segitzeko asmoa dute, noski. «Karreretan sortzen den giroa polita da. Minutu gutxi batzuk korritzeko, egun osoa han igaro behar izaten dugu, baina merezi du».
Rallyetan ikasten segitzea da beste helburu bat. «Ez da azkar joatea bakarrik, segimendu bat eskatzen du. Ibiltzea da gakoa, nahi gabe ere azkarrago gidatzen da horrela».