Iraia Oiartzabal
Azaroari tankera tristea hartu diot beti. Lagunartean aipatu izan dugu askotan. Ordu aldaketa, iluntasuna, lehen hotz kolpeak… Etxeko goxotasunean egotea eskatzen du, batez ere egunak euri zaparrada dakarrenean. Aurten ordea azaroaren hasiera ospatuko dut, pozik ospatu gainera. Zubia baliatuz bidaiatxo bat egingo dut Bartzelonara eta plana borobildu nahian nabil. Berri Txarrak taldearen kontzertura joatea izan da eskapada antolatzeko arrazoi nagusia. Beraz, ziur nago ni bezalaxe euskal herritar dezente ibiliko dela egun horietan Bartzelona aldean plan berdintsuarekin. Hirukotea agur esatera doa orain arteko ibilbideari eta egiari zor eztanda txikia eragin du horrek zaleengan. Harrigarria da han eta hemen zenbat jende mugitzeko gai diren. Aitortu behar dut… ni naiz lehena, baina batean zein bestean ibili naizenean frogatu ahal izan dut ez naizela bakarra. Berdin du Berlinen, Miarritzen, Iruñean, Madrilen edo Bartzelonan. Tira, akaso hurrengo zutabe batean izango dugu aukera fenomeno honetaz hitz egiteko. Nire burutazioetara itzuliz, kontua da bidaia dela eta Interneten kuxkuxeatzen ibili naizela Kataluniako ohituren inguruan. Eta hara, gaztainak eta panellets izeneko pastelak jatea, eta ardo gozoa dastatzea tradizioa omen da azaroaren 1aren bueltan. Halloween famatuaz aparte, tokian tokiko tradizioek bizirik diraute beraz, eta hori beti da pozgarri. Giroa ordea triste samar dago Katalunian, motiborik ez da falta. Disidentzia kartzelara zigortu eta mugimendu baketsu bat kolpez isildu nahian dabiltza Madril aldetik beste behin. Ea Bartzelonako kaleek zer kontatzen didaten. Hurrengo batean ekarriko dizuet hona.
Nagore Belastegi
Ba ni ez noa inora zubian, letra artean emango dut asteburua, lanean, baina Halloween gaua ospatuko dut etxean, urtero bezala, oso gustuko ditudan osagaiekin pozioa prestatzen: bost gramo frikismo, beldurrezko zinemako portzio bat edo bi, hiru gizaki, katu beltz bat, mahats zuku fermentatu botila bat eta pizza (nahi adina). Euskal Herriko txoko desberdinetan garai honetarako dauden tradizioen berri entzutea izugarri gustatzen zait, baina dakidanez gure alde honetan ez da ezer berezirik ospatzen, beraz, nik nire tradizio propioa hasi nuen duela urte batzuk. Urtero bete beharreko tradizio polita litzateke ere bai gustuko dugun talde bati jarraika bidaia bat egitea. Iaz rock musikari jarraituz Milanen izan nintzen, eta aurten nerabezaroko talde baten bira eskuan, Budapestera joateko plana egin genuen. Ez dakit zuk, baina nik munduan zehar bidaiatzen dudanean badut joera hiriak Donostia-Bilbo edo Madril-Bartzelonarekin konparatzeko, lehenak politagoak baitira baina bigarrenak, niretzat, askoz ere animosoagoak. Azken perzepzio honek sortzen ditu eztabaidak nire inguruan, ez baitaude ados, eta gehienek Madril nahiago izaten dute. Ni Bartzelonazalea naiz. Hiriko giroa eta jendea gustatzen zait, modernoa da, oso kosmopolita, kulturaz betea, bizia. Inoiz ez da une txarra Bartzelonara joateko, eta orain ere ez. Ziur nago musikaz blai itzuliko zarela, baina baita ere maleta esperientzia politez betea ekarriko duzula. Edonola ere, gogoratu Bartzelonako gazteek ez dutela gracies esaten, mersi baizik, nahiz eta seguraski egun horietan eskerrik asko entzungo duzuen gehiago.