Ataungo herritarrek Jentilen Etorrera antzeztuko dute larunbatean, mitologia eta kondaira zaharrak uztartuz. 150 herritarrek baino gehiagok parte hartzen dute antolaketan. Aurten 38 urte beteko ditu auzolanean egiten duten ikuskizunak.
«Direnik ez da sinetsi behar, ez direnik ez da esan behar». Horrela zioen Joxemiel Barandiaranek jentilen inguruan jasotako esaldi ezagun batek. Hark ahozko tradizioa biltzeko egindako lana oinarri hartuta, herritar talde bat Jentilen etorrera ikuskizuna egiten hasi zen, duela ia lau hamarkada. Orduan hasitako kateak ez du etenik, eta egun, 150 lagunetik gorako taldea aritzen da, etorrera eta urtean zehar antolatzen dituzten beste ekitaldiak antolatzen. Prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza ataundarrak egunotan. Jantziak, eskenatokiak, entseguak, argi eta soinu probak… Bihar egingo dute bi urtez behingo antzezlana, eta azken edizioetan bezala, jendetza espero dute.
Torto jentilaren pertsonaia antzezten du Tomas Erauskinek. Lehen edizioetatik ari den herritarretako bat da, eta urte hauetan guztietan, ikuskizunak aldaketa handiak izan dituela azaldu du. «Artean ez nengoen antolakuntzan sartuta, baina bizi izan nuen hasiera hura. Hemezortzi urte nituen, eta gogoan dut nola biltzen ziren Oargi elkarteko mahai batean Jon Aizpurua, Jexux Mari Munduate eta horiek». Garai hartan San Martin jaiak ekainaren 15aren bueltan egiten ziren, Ataun Lazkaotik banatu zen eguna oroituz, eta «zerbait berezia» egin nahian zebiltzan.
«Jentilen istorioak bazirela eta horren inguruan zerbait egin nahi zuten, eta hortik sortu zen ideia». Hasiera batean, «ostiral gauean herri afaria egin eta gauerdi aldera, jentilak eta sorginak kantera aldetik jaisten ziren, eta herritarrak Bittor Enean egoten ziren zain. Ongi etorri bat egiten zen, eta handik plazaraino jaisten ziren, desfilean». Alkateak eta apaizak udaletxeko balkoitik hitz batzuk egin eta «erromeri giroan» jarraitzen zuen festak. Formatu horrek, 1981. urtetik 1990era arte iraun zuen.
Desfilea eta antzerkia
Jentilen etorrerak urtebeteko etena izan zuen 1991n, festak urrira aldatu zirenean. Hurrengo urtean, ordea, indartuta etorri zen. «Berriz ere mahaian eseri ginen, segitu behar genuen edo ez erabakitzeko. Segitzekotan, beste formatu batean izan behar zuela erabaki genuen. Desfilea mantendu egin genuen, baina Ataunen hainbeste ipuin eta legenda daudela ikusita, horiek antzezten hastea erabaki zen». Bospasei urtez plazan egiten zuten antzerkia, baina horrek ere bazituen bere mugak. «Eguraldiaren arazoa hor izaten genuen, eta ordurako mikroekin eta hasita geunden, eta teknikoek ere esaten ziguten horrela ez zegoela aritzerik». Hala, 1998an, ikuskizuna Auzoeta kiroldegira pasatzea erabaki zuten. Desfilea behetik gora egiten hasi ziren, eta antzerkia frontoian.
Urte osoko ekina
Jentilen etorreraren egitura urteotan mantendu egin bada ere, Jentilbaratza Kultur Elkarteak bestelako ekitaldiak ere antolatzen ditu urtean zehar. 2012an Gaueko Ibilaldia egiten hasi ziren, eta haren ondotik etorri zen Olentzeroren ibilaldia. Ipuin kontaketak ere egiten dituzte, bai Barandiaran Museoak eta Lizarrusti Parketxeak antolatzen dituzten ekintzetan, eta baita beste herrietan ere, gero eta gehiago deitzen baitiete horrelako saioak egiteko.
Eneko Munduate da zuzendaritzako kideetako bat, eta «urte osoko lana» izaten dela dio. «Zuzendaritzan zortzi-hamar lagun gaude, hilero biltzen gara, eta ez dugu deskantsurik izaten. Batekin bukatzerako beste batekin hasten gara». Jentilen etorrera «ekitaldi nagusia izatetik, urteko bat gehiago» izatera pasa dela diote. Izan ere, Gaueko Ibilaldiak protagonismo handia kendu dio. «Sarrerena ikaragarria da; Gaueko Ibilaldiko sarrerak eguerdiko 12:00etan webgunean salgai jarri eta kolpean 400 lagun sartu ziren, eta webgunea eta zerbitzaria biak erori ziren. Jentilen etorreran salmenta hori lasaixeagoa izaten da». Hala ere, aurreneko saiorako sarrerak banatu dituzte webgunean, eta bigarrenerako erdiak ere bai. Egunean bertan banatzeko, 150na sarrera gorde dituzte saio bakoitzeko. Sarrerak doakoak dira, eta «jende asko harrituta» gelditzen da horrekin. Hala ere, aforo kontuak direla eta, nolabait mugatu beharra izaten dute. Bi saioen artean, 1.200-1.300 lagun inguru espero dituzte biharko.
Pasarte berriak
Jentilen etorreraren oinarria Joxemiel Barandiaranek ahozko tradiziotik jasotako esakunde zaharrak badira ere, Ataunen izan dira beste ikerlari eta biltzaile garrantzitsu batzuk, eta azken urteetan, horien lanak ere erabili izan dituzte. Joxe Arratibel, Joxe Martin Apalategi eta Don Juan Arin edo Don Juan Txiki izan ziren horietako batzuk. Azken horrek jasotako pasarte bat izango da aurtengo berrikuntza nagusia. «Mandamatxarda jentil emakumearen istorioa kontatzen du. Ataungo jentilak bi taldetan banatuta omen zeuden, Aralar aldekoak batetik, eta Lizarrusti eta Bernoa arteakoak bestetik. Beraien arteko eztabaida eta saltsen inguruan sortu dugu gidoia». Barandiaranek jasotako Zezengorriren istorioa ere sartuko dute tartean. «Imazeneko hiru anaiari gertatutako istorioa da, mendian zezengorrirekin topo egin eta bi bertan hil eta hirugarrena etxera iritsi eta berehala hil omen zen; kontu hori ere sartu dugu».
Herritarren partehartzea
Jentilen etorrerarik ez legoke, herritarren parte-hartzerik gabe. Guztira 150 lagunetik gora aritzen dira. Hiruzpalau hilabete lehenago hasten dira prestatzen; aurrena gidoia egin eta jendea lotzen hasten dira, uda aurretik. Irail bukaeran berriz, entseguekin hasten dira, eta bost bat aste egiten dituzte.
Herriko hainbat taldek ere parte hartzen dute ikuskizunean. Otsoak Dantza Taldea, Eate abesbatza edota Joxemiel Barandiaran Herri Eskola dira horren adibide. «Eskolan asko lantzen dira antzerkia eta irratia, eta hor sekulako altxorra daukagu. Jendea prest egoten da parte hartzeko, hasierako lotsa hori galduta, eta normalean ez dute ezezkorik esaten. Hamar-hamalau urte artean oso jende ona dago». Dantza taldeak ere «parte-hartze handia» du ikuskizunean, eta «bizitasuna eta indarra» ematen diote saioari. Eate abesbatzak ere parte hartzen du, eta baita «atzeko lanetan» aritzen diren beste hainbat herritarrek ere.
Ikuskizunak hogeita hemezortzi urte beteko ditu aurten, eta egun parte hartzen dutenetako asko, horrekin hazi dira. Hori da Ziortza Barandiaranen kasua. «Aurrenekoz sei urterekin parte hartu nuen, eta ezezkorik esaten ez dakidanez, uste dut geroztik urtero atera izan naizela». Atzetik datorren jendeak gogoa dakarrela eta parte hartzen duela ikustea da antolatzaileentzat gauzarik politena. Katea ez baita eten