Emakume langilea, ama, mendi lasterkaria, mendi bizikletan ere ibilitakoa eta gainera saltsera da Edurne Arakistain (Legorreta, 1967). Gaztetan hasi zen kirola egiten. Ama izan zenean eten bat egin zuen, baina berriro ere heldu zion kirolari, eta emaitza onak lortzen ari da. Goierri Kopa Trailen hirugarren egin du aurten. Horrez gain, matematika irakaslea ere bada EHUn. Afizioaz eta ofizioaz mintzatu da.
Goierri Kopa Trailen hirugarren egin zenuen. Bestalde, matematika irakaslea ere bazara EHUn. Podiumean sartzea matematika ariketa izan al zen?
Ez, ez, horrela etorri da. Gainera lasterketetan erlojuari ez diot begiratzen. Opari bat izan zen eta horregatik jantzita daramat beti, baina amuleto bezala, zorte ona emateko. Denborari begiratzen badiot estresatu egiten naiz. Sentsazioei arreta jartzea nahiago dut.
Betidanik izan zara kirolaria.
Betidanik gustatu izan zait bai. Unibertsitatean ikasten ari nintzenean, pisukide batek 20 minutuko korrika saioak egiten hasi behar zuela eta, horrela hasi nintzen. Egun bakar bat baino ez zen joan, baina nik jarraitu egin nuen, burua argitzeko balio zidalako. Eta gaur egun arte.
Lanean hasi nintzenean denbora gehiago nuenez mendi bizikletarekin hasi nintzen. Errepidean ere hasi nintzen ondoren. Quebrantahuesos egin nahi nuela sartu zitzaidan buruan eta 1998an egin nuen lehenengoz. 3.000 partaide ginen orduan, 23 bakarrik emakumezkoak. Beste bitan ere egin nuen hurrengo urteetan.
Bizikletan eta korrika, biak egiten nituen. Behobian parte hartu izan dut behin baino gehiagotan, Donostiako maratoia ere egin nuen aspaldi. Denbora gehiago nuen eta kirolari asko eskaintzen nion, momentu batean gehiegizkoa zela pentsatu nuen arte. Kirolarekin obsesionatzen ari nintzen eta hori ez da sanoa. Garai hartan haurdun gelditu, eta 10 urteko etena egin nuen. Ingurukoek kirola faltan sumatzen ote nuen galdetzen zidaten, eta egia esan bake handia sentitzen nuen.
Baina berriro hasi zinen.
Legorretan Korpuseko Krosak tradizio handia du. 12 urterekin egin nuen lehenengoz eta hura egiteko bueltatu nintzen. Oso gogorra izan zen buelta. Hainbeste denbora ezer egin gabe egon ondoren, lehenengo entrenamendu saioa eta gero, gorputza leher eginda nuen eta oraindik momentua ez zelakoan pixka bat gehiago itxaron nuen.
«Pisukide batek korrikan hasi behar zuela eta, ni ere horrela hasi nintzen, gaur arte»
«San Silbestre lasterketan nire hiru alabekin atera nintzenekoa oso gogoan dut»
«Kirolean gertatzen denaren adibideak jartzen dizkiet ikasleei motibatzeko»
Mendi lasterketetan noiz hasi zinen?
Mendian ibiltzeko zaletasuna aspaldi-aspalditik datorkit, baina 2017. urtean egin nuen lehena. Bizikletan ibiltzen nintzenean aldapak igotzea nuen gustukoen. Sufrimendua bai, baina poz handia sortzen dit esfortzua egin ondoren lortu izanak. Proba egin nahi nuen, eta Donostiako Hiru Mendiak lasterketan izena eman nuen. Ondoren, Orendainen, Mikel Garmendiaren omenezkoan ere parte hartu nuen. Horrela hasi nintzen.
Zein lasterketa dituzu gustukoen?
Behin, Jokin Lizeaga mendi lasterkariarekin berriketan, Talaia Bidean egiten den lasterketaz hitz egin zidan. Donostiatik Hondarribiara doa, 30 kilometro dira. Hasteko aproposa izan zitekeelakoan, ikaragarri gustatu zitzaidan. Paisaia zoragarria da eta gainera badu beste berezitasun bat, ibilbidearen zati bat barkuan egin behar da, Pasaia San Pedrotik San Juanera. Berezia da.
Goierrin egin ditudan probetatik Zaldibiakoa gustatu zitzaidan gehien. Egin dudan gogorrenetakoa da, baina ibilbide zoragarria du.
Eta horiez gain, San Silbestre lasterketan nire hiru alabekin atera nintzenekoa oso gogoan dut. Ilusio handia egin zidan haiek ere parte hartu izana, nahiz eta gaur egun ez duten afizio gehiegirik.
Mendi maratoiekin animatuko zara?
Ez dut uste, baina nork daki. Nire buruari promesa bat egin nion aspaldi. 60 urte betetzean maratoi bat egitea. Ez dakidana da asfaltoan edo mendian izango den. Ea osasun aldetik ere nola nagoen unea iritsita.
Zer ematen dizu kirolak?
Zoriontasuna. Sufritu egiten da baina ikaragarri gozatu ere bai. Aurrean sailkatuta pozik, batez ere absolutu mailan sartzen naizenean. Sarri, beteranoen mailan aritzen bainaiz. Orokorrean lasterketetan emakumezkoen parte hartzea txikia izaten da. Absolutuan gutxi, eta beteranoetan gutxiago. Eta ni baino gazteagoak direnen aurretik ibiltzeak indarrez betetzen nau. Dena den, gai honi dagokionez ongi ulertzen ez dudan zerbait dago. Gizonezkoen artean, 45 urtetik gorakoak dira beteranoak. Emakumeen artean, lasterketa batzuetan 40tik gora. Ez dut ulertzen desberdintasun hori. Baina tira, hortxe uzten dut.
Pikuk kirol taldeko kidea ere bazara.
Bai hala da. Korrika egitera joateko lagun taldea da Pikuk kluba. 50 bat kide gara. Ekintzak ere antolatzen ditugu herrian, Talidomidaren kaltetuen aldeko krosa adibidez. Aurten hirugarren edizioa egin dugu. Parte hartze kopuru polita duen lasterketa da eta pozik gaude horrelakoetan kolaboratu ahal izateagatik.
Bukatzeko, hasieran bezala baina alderantziz. Korrika egiteak matematika klaseak emateko ere laguntzen al du?
Kirolean emaitza onak lortzeko esfortzua behar da eta ondoren satisfakzioa dator. Ikasketetan ere antzera gertatzen da eta askotan horixe erabili ohi dut ikasleak motibatzeko, segituan etsi ez dezaten. Kirolari lotutako adibideak jarrita batzuetan errazago ulertzen dute. Azkeneko egunean entrenatuta bakarrik ia ezinezkoa da lasterketa bat irabaztea. Ikasketekin ere hala da, haiek hori ulertzea nahiko nuke.