Mutiloan Txerri Azokarekin eskertuko dute, beste behin, txerriaren probetxua eta eskuzabaltasun oparoa. Folklore-ikur soil gera ez dadin, berebiziko funtzioa izan dezake, baserrietako txerri hazkuntza ia galtzear baita.
Azaroaren 3an ospatuko dute Mutiloan 12. Txerri Azoka. Herriaren idiosinkrasiaren zati bereizezina da jada etxabere estimatu hori. Mutiloarrek, beraiei historikoki eman zaien izengoiti kolektiboa –txerrigorriak–, burlaizetik duintasunera eraldatzen asmatu dute. Txerri Gorri elkartea dute, gaur egun, herriko soziedadearen izentzat ere.
Urtean behingo azokarekin ohoratzen dute mutiloarrek txerria. Festa-airearekin lotzen zen baserrietako txerri hiltzea: puska goxoak jateko aukera eta ezaren garaietan oparoaldia. Iraganaren gorespenerako edo herriarentzat horren esanguratsu den gai bati behar duen ospea emateko jaia, sekula baino beharrezkoago suerta daiteke, ordea, berreskurapen bidean.
Egindako peskizen arabera, Mutiloako baserrietan jada gaur egun ez da ia txerririk hazten, edo oso gutxi. Inguruko herrietan, berdin. Bizimodu berriaren aldaketak, eta etxerako nekazaritza-jarduera pribatua uzteko joera orokortuak, Mutiloan ere eragina izan dute. Mondeju beltza egiteko ardi odola topatzeko Ataunen edo Zumarragan dagoen zailtasunaren pare, edo Zaldibian mondeju zuria egiteko manteka etxean lor ezin daitekeen gisan.
Oilandak Liernira
Baserri-bizimoduko ondasun preziatua izan da euskal etxeetan txerria. Baita Mutiloan ere, bistan denez. Baina han bada beste animalia batekiko gurtza berezituagoa eta bertako usadioetan sustraitua: Lierniko Amari oilandak eramatekoa.
Karmele Goñi etnografoak Estudio etnografico del pueblo de Zerain artikuluan dioenez, garai batean baserritarrek urtean oilanda bat edo pare bat eramaten zuten Lierniko baselizara, «urtean zehar oilaskoekin zorte ona izan zezaten».
Ez hori bakarrik. Lierniko ermitako kanpaiaren hotsa entzuten zuten guztiek, ganadua babesteko dohaintza gisa lakari bana gari eta arto, eta litro bat esneren balioko dirua eramaten zuten.
Etxe askotan jarraitu dute ohitura horrekin, oilanden eskaintza oilaskoetara bakarrik mugatu beharrean, ganadu guztiarentzako dohaintza bezala eramanda. Azken alderako, limosna eta argizaria ematen zuten, ermitan bertan erretzeko erabiliko zena.