Egungo adelanturik ez zegoenean, artaldea eta ganadua hartuta hainbat hilabeterako igotzen ziren artzainak Aizkorri aldera, Urbiako saroietara.
Aizkorri-Aratz natur parkeko artzaintzaren festa handia egingo dute bihar, Zegamako San Martin Feria. Egun, lau besterik ez dira artzain bizimoduari eutsi eta gazta egiten dutenak. Garai batean, ordea, lanbide baino gehiago, bizimodu bat zen artzaintza. Maixabel eta Lierni Elortzak argitaratutako Zegama, Urbia eta Aizkorriko artzaintza lanak, garai bateko bizimodu haren testigantza ugari jasotzen ditu. Udaberrian, apiril bukaeran edo maiatzean, igotzen ziren artzain gehienak artaldeekin. Mendira igotzeko gogoz egoten zirela zioen Jexux Etxezarretak, bai artzainak eta baita ardiak ere. «Ardiak zoratuta bezala jartzen dira, ilusioarekin». Pablo Berasategiren esanetan, «kanbioa gustura egiten dute» ardiek, «pozik mugitzen dira, bai udaberrian eta baita udazkenean ere».
Behin igota, azarora arteko hilabeteak han egiten zituzten. Horretarako, ordea, hainbat hilabetetarako janari eta trasteak eraman behar izaten ziren, zaldi, behor edo astoarekin lagunduta. «Hemengo transportista astoa»izaten zela zioen Bitoriano Mujikak. Txerriak, oiloak eta konejuak ere eramaten zituzten. Saroian izaten zuten guztientzako lekua. Arrizabalagaren familiak Oltzeko saroian zuen txabola. «Saroiak zeukan txerritegia eta oilategia, eta behorraren trasteak edukitzeko beste etxola bat». Txabolaren barruan izaten zen gaztandegia; «bertan egoten zen toki bat propio horretarako».
Udako giro epelak bukatu orduko, urria eta azaroa bitartean jaisten ziren artzainak behera. Artilea ere mendian mozten zen, eta hura ere garraiatu behar izaten zuten. Jexux Etxezarretak «ilea hemendik Arantzazuraino» eramaten zutela zioen. Zaku zaharrak txarrak omen ziren, baina gero, «berrogei bat kilo inguruko bi zaku» eramaten zituzten zaldi bakoitzean.