Udazkeneko bertso saioaren antolaketan murgilduta dabil Jose Ramon Iraola (Ormaiztegi, 1961) azken asteotan. 13 urte zituela Beasainera joan zen bizitzera familiarekin, eta hor jarraitzen du, herriko euskal eta kultur bizitzan oso inplikatuta gainera. Arrano kultur elkarteko kidea da, «duela 30-bat urte Beasaingo talde eragileei babesa emateko asmoz 10-14 lagunok sortu genuenetik». Bertso saioa dator orain, baina urtean zehar asko dira Arranoren laguntzaz antolatzen diren ekitaldiak: Loinatz jaietako Mariren jaitsiera eta baserritarren azoka, margo lehiaketa, mus txapelketa edo lehen egiten ziren sendabelarren erakusketa eta Bertsomovieda. Korrika eta euskararen inguruan antolatzen diren ekitaldietan ere laguntzen du.
Zaletasun bat.
Kirola eta mendia. Arratsaldetan korrika egitea gustatzen zait.
Musika talde bat eta abesti bat.
Hertzainak eta Bruce Spring-steen, eta azken honen The river.
Pelikula bat.
Aralar mundua leku den lurra eta Nomadas del viento dokumentalak.
Liburu bat.
Toti Martinez de Lezearen Kattalin.
Janari eta edari bana.
Arkumea eta sagardoa.
Oporretarako leku bat.
Naturaz inguratutako edozein.
Jaso duzun oparirik bereziena.
18 urte bete eta karneta atera berritan, koinatuak Simca 1000 bat oparitu zidan. Ilusio handia egin zidan.
Goierriko txoko bat.
Aralar.
Beasaingo alkate bazina…
Gazteentzako etxe merkeagoak eta eskuragarriagoak egingo nituzke.
Beasainen biziko ez bazina…
Tolosan.