Beasaingo kaleetan grafitiak margotuz hasi zuen Baluk artista ibilbidea. ‘Stencil’ teknikarekin euskal kultura munduan barrena zabaltzen aritu ondoren, orain abstrakzioaren eta poetikaren bideari heldu dio goierritarrak.
Duela 20 bat urte, Beasaingo kaleetan eta hormetan hasi zen Balu (Ormaiztegi, 1984) lehenengo grafitiak egiten, Igor Rezola eta Xabier Anuntzibai beasaindar artisten arrimoan. Rezolak eta Anuntzibaik bezala, Baluk ere kaleko beste arte teknika batzuetan sakontzeko beharra sentitu zuen eta stencil teknikan aurkitu zuen bere sormena islatzeko modua. «Nik erabili izan dudan teknika geruzak sortzea, eta bata bestearen gainean jartzea izan da. Argazkiak eskatzen duen kolore bat hartu, grisa adibidez, eta argazkiko gris ezberdinen plantilla egin, eta bata bestearen gainean jarrita errealismoa sortzen da».
Espraia erabili izan du horretarako ere: «Espraia erabiltzen dut oso azkarra delako, eta azkar lehortzen delako. Akrilikoekin edo oleoekin ere egin daiteke. Kaleko artea olioa erabilita ere egin daiteke. Azkenean, helburua da, kalean gauzak jartzea, era libre batean, nahi duzun teknikarekin». Kartulinarekin geruzak sortuz eta bat bestearen gainean jarriz, irudi ugari sortu ditu Baluk. New Yorken jarritako Bill Murray eta Post no bills da horietako bat; berari buruz egindako dokumentalean ere atera da ormaiztegiar-beasaindar artista.
Bestalde, arte modu horrekin bere bi zaletasunak –musika eta artea– uztartzeko hautua egin du gainera. New Yorken esate baterako, Fermin Muguruzaren eta Mikel Laboaren irudiak jarri izan ditu, Broadway eta 26. karrikaren kantoian, euskal abesti ezagunak aipatzen duen toki berean.
13-14 urte zituenean San Asensioko udalekuetan ezagutu eta bere bizitza osoan presente egon izan den Berri Txarrak musika taldearen Beude kantuan aipaturiko lekuetan ere, taldekideen irudia eta kantuaren hitzak itsatsi ditu.
Artelan horiei esker, jaioterritik gertu sentitzen da Balu, Bartzelonan bizi baita: «Ni euskalduna naiz eta nire egunerokotasunean ez dut euskararik eta euskal kulturarik inguruan. Horrelako gauzak egiteko beharra daukat, bi kultur diziplina horiek lotzea izan da nire aukera. Nire lana beti espazioarekin lotuta dago».
Legaltasunetik harago
Geruzaz geruza, kolorez kolore egiten duen sorkuntza lan hori legaltasunetik kanpo egindakoa da, eta azkar egin beharrekoa izaten da. Horregatik, Baluren artelanak «oso iragankorrak» dira. «Kalean daudenez, denboraren poderioz joan egiten dira. Batzuetan orduak irauten ditu, beste batzuetan asteak, hilabeteak… ekintza berez azkar eginda egoten da. Euskarriak kalean daude eta askotan ez daude egoera onean, eta askatu egiten dira, edo euriagatik ere bai…».
Arazo horri aurre egiteko, sare sozialetan, Facebook-eko Balu Art izenpean ikus daitezke Baluren esku hartzeak. «Sare sozialek min handia egin dute, baina egia da mesedea ere egiten digutela mundu guztiko artistoi eta pertsonoi, gure lana zabaltzeko eta munduak ikusteko. Sare sozialak erabiltzen ditut nire lana erakusteko».
Beasainen ikus daitezke Baluk duela 10 bat ute egindako Laboa eta Oteizaren irudiak, Zaldizurreta kalean. Orain ere gustura egongo luke lanen bat, « baina bide berri honetatik abiatuz. Sekulako ilusioa egingo lidake Ormazitegin edo Beasainen zerbait egitea».
Donostiako kasua
Oteizaren jarraitzaile sutsua ere bada Balu, biak ala biek, espazioan, «espazialitatean» oinarritzen baitute euren lana. Honela, Donostian, Pasealeku Berriko Oteizaren eskulturaren oinean, Oteizaren irudia itsatsi zuen Baluk. Ospetsua egin zen Baluren eskuhartze hura. Garbitzaileek kendu egin zuten, baina donostiarrek –alkateak ere bai– berriz egiteko eskatu baitzioten. Donostiako gertakari hura «inflexio puntua» izan zen Balurentzat, eta kaleko artetik urrundu eta beste bide bat hartzea erabaki du: «Donostiako hiriak eta alkateak eskatzea, inflexio puntua izan da. Oso zaila da hiri batek, alkate batek, hori eskatzea. Oso kuriosoa da, lan hori hiriaren memoria kolektiboan geratuko da. Eta hori lortzea oso-oso zaila da».
Malevichiri eta Velazquezi omenaldia Bartzelonan
Geruzen artea albo batera utzi eta abstrakzioaren bidetik, pentsakera eta poetikaren bidetik hasi du ibilbide berria Baluk. Horren erakusle da, Bartzelonako MACBA museoaren kanpo aldean jarri duen Espazioa espazioan obra.
Baluren esanetan, «Velazquez eta Malevich pintoreei egindako omenaldia da» azkeeneko artelana: «Lan hori nire pentsakera guztiaren sintesia da». Oteiza ere gogoan izan du: «Biok espazioa eta espazializazioa bilatzen dugulako».