Jon Ormazabalek (Zumarraga, 1977) 20 urte baino gehiago daramatza Gara egunkarian lanean. Ia beti kiroletan aritu da. Hasieran Gasteizen, Alavesen eta Baskoniaren jarraipena egiten, eta azken urteetan pilotari buruz idazten.
Nolatan kazetari?
Nire ustez lanbide honetan aritzen garen guztiok dugu bokazio apur bat. Txikitatik izan nahi nuen kazetari. Ez nuen eromenez esaten, baina zeuden aukera guztien artean egokiena iruditzen zitzaidan.
Argi al zenuen prentsan lan egingo zenuela?
Bai. Aurpegia eman beharrak ez dit sekula graziarik egin. Prentsa da ezkutuen gelditzen dena: izena bakarrik jartzen duzu. Nire izaerari dagokion medioa da. Irratian ere ibili nintzen, baina nire aurpegia kamera baten aurrean jartze hori…
Irratian lan egin zenuela esan duzu.
Arrasate Irratian lan egin nuen. Nire aurretik Jon Balentziaga aritu zen. Gorka Erostarbek eta biok Jonekin ikastaro bat egin genuen eta ondoren bekadunak izan ginen. Ikasketak bukatu nituenean postua atera zen, azterketara aurkeztu nintzen eta hartu egin ninduten. Uda hartan Gara-n bekaduna izan nintzen, Gara-ko lehen bekadun taldea izan ginen, eta ondoren Gasteizen postua atera zen. Bospasei hilabetetan bi lanetan aritu nintzen. Ondoren Arrasate Irratia Goienara pasa zen eta aukeratu beharra izan nuen. Irratian oso bakarrik sentitzen nintzen eta 22 urterekin irrati baten ardura hartzeko baino ikasteko gehiago nengoela iruditu zitzaidan. Hori dela eta, Gara-n gelditu nintzen.
Gara-n egunkaria sortu zenetik zaude ia.
Egunkaria urtarrilean sortu zen eta ni uztailean hasi nintzen.
Beti kirol sailean aritu al zara?
Bekadun izan nintzenean Euskal Herria sailean eman nuen hilabete bat, baina gainontzeko denbora guztian kirol sailean egon naiz. Gustura, gainera. Kirol sailean aritzeko kirola gustatu behar zaizu, ordutegia gogorra baita.
Lehen urteak Gasteizen eman zenituen eta Baskoniaren eta Alavesen urrezko aroak ezagutu zenituen.
Hasiera izugarria izan zen. Alavesen UEFAko finalera eta Baskoniaren hainbat Lauko Finaletara joan nintzen. Eromena izan zen, baina oso polita. Dortmund-ekoa gogoan dudan finalik ikusgarriena da. Pena, emaitza.
Nola gogoratzen dituzu finaletako egun haiek?
Oso biziak izan ziren. Dortmund-eko finala oso berandu bukatu zen eta oso urduri nengoen: haraino bidali ninduten eta ezin nuen kale egin. Garai hartako Internet ez zen egungoa bezain ona eta azkarra, telefono mugikorrak ez ziren egungoak bezalakoak… Oso nekatuta bukatu nuen, baina oso gustura.
Nolakoa zen jokalariekin zenuten harremana?
Ez naiz idolo zalea, baina Iñaki Berruet eta Antonio Karmona zelaian handiak ziren eta zelaitik kanpo handiagoak oraindik. Oso gertukoak. Alaves familiatxo bat zen. Hegazkinean jokalariekin joan ginen, finalaren ondoren jokalariekin afaldu genuen…
«Berruet eta Karmona zelaian handiak ziren eta zelaitik kanpora are handiagoak»
«‘Gara’-ren Gasteizko erredakzioan lankide oso onak izan nituen»
«Jakak eta Lasok pausoa eman dute, baina Altuna eta Ezkurdia gainetik daude»
«Orain arte ikusitakoaren arabera, Altunak irabaziko du lau t’erdiko finala»
Baskoniarekin hainbat Lauko Final bizi izan zenituen.
Pragakoa, Atenaskoa eta Madrilgoa. Bereziena lehenengoa izan zen. Gainera, Unai eta Ander Kerejeta lagunak han izan ziren.
Alavesen eta Baskoniaren artean alderik ba al zegoen lan egiteko orduan?
Alavesek erraztasun gehiago ematen zituen. Garai hartan futbol jokalariengana hurbiltzea askoz ere errazagoa zen. Egun prentsa arduradunek isolatu egin dituzte.
Entrenatzaile asko ezagutu al zenituen?
Baskonian Ivanovic, Pedro Martinez, Spahija eta Perasovic bakarrik. Alavesen, gehiago. Izan ere, Pitermanen garaia jan nuen ia osorik. Hamabostean behin entrenatzailea aldatzen zuen! Urte hura eromena izan zen. Egunero albisteren bat zegoen. Baskonia ondo zebilenean, Piterman lehertu egiten zen eta txorakeriaren bat egiten zuen. Ez dakit jeloskor jartzen zen…
Gasteiz zurentzat hiri berezia izango da.
Noski. Oraindik Alaves eta Baskonia gertutik jarraitzen ditut. Gasteiz hiri ezezaguna zen niretzat bertara joan nintzenean, baina oso gustura egon nintzen bertan. Oso lankide onak izan nituen: Joseba Vivanco, Karmele Jaio, Iñaki Iriondo, Carlos Dronda eta Pablo Ruiz de Aretxabaleta. Nire bigarren kuadrilla izan ziren. Oraindik afaltzeko elkartzen gara, noizean behin.
Egun pilotari buruz idazten duzu.
Beste mundu bat da. Gertutasuna handiagoa da, bere gauza on eta txarrekin. Kalera irten eta Aritz Lasarekin topo egin nezakeen. Mundu mailako kirol batetik bertako kirol batera pasa nintzen.
Nola joan dira pilotari buruz idazten eman dituzun hamar urte hauek?
Ondo. Beharbada atzerrira egindako bidaiak faltan sumatzen ditut, baina egungo lana erosoagoa da. Azken urteotan egin dudan nazioarteko bidaia bakarra Titinek erretiroa hartu zuenean Logroñora egin nuena da.
Nolakoa da pilotariekin duzuen hartu-emana?
Ona, baina azkenaldian zailtasun gehiago ditugu beraiengana jotzeko. Zenbait kasutan, beraiekin egoteko, lehenengo prentsa arduradunarengana jo beharra dugu. Kirol profesionaleko gauzak imitatzen ari dira, baina ez dakit hartzen dituztenak hartu beharrekoak diren.
Asko aldatu al da pilota azken 10 urteetan?
Bai. Profesionalizatu egin da eta normala iruditzen zait. Ez dakit noraino den kirola eta noraino ikuskizuna, futbola, saskibaloia eta gainontzekoak bezala.
Igandean lau t’erdiko finala jokatuko da. Nola ikusi duzu aurtengo txapelketa?
Gazteak izan dira protagonista. Jakak eta Lasok aurrerapausoa eman dute, baina Altuna eta Ezkurdia gainetik daude. Hasieratik ikusten zen bi hauek jokatuko zutela finala.
Nork irabaziko du finala?
Orain arte ikusitakoaren arabera, Altunak. Baina norbait hain faboritoa denean, erne. Dena den, iaz, gaizki egonda, 17 tanto egin bazizkion…