‘Arnasa gara’ kanpainak euskararen arnasgune diren herrien berri zabalduko du, hizkuntzaren normalizazioan eta biziraupenean duten garrantziaz kontzientzia hartzeko.
Goierriko herri txikietan, oraintsu arte ikusten –eta entzuten– ez ziren hizkuntza errealitateak azaldu dira. Haurrak euren artean erdaraz. Arnasgune izendapena eman zaien tokietan, kezkaz hartu dute joera aldaketa. Ur garbia darion iturburu naturala kutsatzearen pareko arriskua izan daiteke, soziolinguistikoki, euskararen errekak beherakoan bustitzen dituen lurretan eta herri haziagoetan eragingo duelako.
Baina euskararen arnasguneen eta ez direnen arteko harreman-fluxua bi norabidetakoa da, aspalditik. Komunikazio eta konexio teknologiko berriek askotariko edukiak sartu dituzte, bestetik, erdiraino.
Goierrin bezala Euskal Herriko beste bailara askotan, ezagutza bermatuta dago, baina erabilerak sortzen du kezka. Eta, horrekin batera, euskara biziberritzeko prozesu naturala eteteak, iturria herdoiltzeak. «Garrantzitsua da herritarrak kontzientziatzea. Ez badute garbi zer paper jokatzen duten, erraz joko dute erdarara, inguruko erasanen ondorioz», esan du Uemako komunikazio arduradun Garikoitz Berasaluzek.
Hala, eta kontraesana badirudi ere, kontzientzia hartze handiena arnasguneetan beretan nabaritzen da. Euskararen behar gutxiena dagoen lekuetan, hizkuntza horretan bizi direlako berez. Helburua, izan ere, horrela jarraitzea delako.
Ataun herri euskalduna da, 10etik 9k badakite euskara. «Ataunen euskaraz egitea naturala da, baina euskararen espazioa galtzen ari dela ikusten ari gara», azaldu du Irati Arratibel ataundarrak. Etxean, edota kalean umeen artean, gaztelaniarako joera bat sumatu dute. «Arnasguneak gero eta gutxiago dira arnasgune».
Euskararen osasunerako, arnasguneek sendo iraun behar dute. Datozen belaunaldi berriei beste hizkuntza baterako joerako etetea da lehen lana. «Esparru guzti-guztietan euskaraz bizi ahal izateko jauzi kualitatibo bat eman beharrean gaude. Ezinbestekoa da euskarazko erreferentzia kulturalak izatea eta euskarazko kultura kontsumitzea», gaineratu du Arratibelek.
Lehen baldintza, arnasguneetako herritarrek direnaren kontzientzia hartzea da. «Euskaraz bizitzeko apustua egin ezean, jai dugu.
Era berean, euskarak izan beharko luke integraziorako ardatza, eta ahalegindu behar dugu herrira bizitzera datozenei euskara ikasteko beharra eta interesa pizten. Gaur egun, gaztelania da Ataungo integrazio-hizkuntza. Tristea bada ere, Ataunen inolako arazorik gabe bizi daiteke euskararik jakin gabe».
Seguran ere %90 euskalduna da. Baina «arnasgunea babesteko» beharra nabaritu dute han ere, «hizkuntza indartsuek espazioak hartzen dituztelako. Kaleko hizkuntza euskara da, baina erabileran badago lana egiteko, beste joera batzuk nabaritu dira eta», argitu du Egoitz Apaolaza segurarrak. Herri euskalduna izanagatik, Hitz edo Irri euskara elkartea daukate, eta lan handia egiten du sentsibilizazioan eta. «Euskararen kontzientzia lantzen gauza asko antolatzen ditu: hitanoa indartu, mahai-jolas bat ateratzeko lanketa bat egiten ari dira, euskararen eremu guztietan sartzen dira…».
Duela hogei-bat urte, herriz kanpoko bizilagun ugari jaso zituen Segurak, etxebizitza berrietara joanak. Migranteak ere hartu ditu. Herriaren giharre linguistikoak lortu du hurrengo belaunaldia euskalduntzea: «Umeak kalean euskaraz entzuten dira, euren arteko giroa euskaraz delako eta eskolaren bidez ondo integratu direlako. Etorkinei Aisa euskara ikaskuntza programa herrian bertan eskaintzen zaie. Harrera egiten ere ikasi beharra daukagu, herri euskalduna jakinarazteko».
Turismoan ere tokitxoa
Segurak turismo eskaintza indartsua dauka, bestetik, Erdi Aroko hiribildu izateak indartua. Arlo horretan ere ezin da ahaztu paisaia linguistikoa dela kanpotarrei erakusteko balio bat. «Azalpenak egiterakoan, euskaldunak garela azpimarratzen da, eta euskaraz bizi garenak. Garrantzia ematen diogu», gehitu du Apaolazak.
Baina, oro har, Seguran ere erreferentzia kulturalek sortzen dute galga, eransten diote kontrapisua euskararen lanari. «Asko beste hizkuntza batean dira. Kontzientzia mantentzea da gakoa, zer garen eta zer paper jokatzen dugun jakitea. Bestela, zaila da».
Herriko erakundeek ere badute zeresana, eta ez gutxi. Segura, Ataun bezalaxe, Uemako kide da, eta udalak berak erabaki kontziente bat hartua du, euskaraz jarduteko. «Barne funtzionamendu guztia euskaraz du, harrera beti euskaraz egiten da, eta hornitzaileekin saiatzen da euskaraz egiten, fakturak euskaraz eskatuz eta horretarako bitartekoak jarriz. Udalak berak eredu eta eragile izan behar du».
Bide horretan, Urrezko Bikain ziurtagiria jasoko du Segurako Udalak, abenduan.
Etorkizuneko zimenduak jartzerakoan, eskola da orube zabalenetakoa, familiarekin batera. Uemaren bidez, arnasguneei buruz unitate didaktikoak eskaini dizkiete udalerrietako ikastetxeei. Batzuek txertatu dituzte, Seguran eta Legorretan kasu. Beste batzuk aztertzen ari dira edo sartzeko bidean dira. Ezezkoa eman dienik ere bada.
Baina hezkuntza ez da haurrena bakarrik. Helduek ere badute zer ikasia, eta haientzat zuzendutako ikastaro bereziak antolatzen dituzte arnasguneetan. Euskara ikasteko zuzenean ez bada, taupada zeharka mantentzeko behintzat bai. Gabirian, adibidez, azaroan zehar noka hizketa-moldea lantzeko saioak egin dituzte, eta Nokaldia antolatu dute.
«Gabirian saiatu izan gara euskara irakastetik goragoko mailetan ere lanketak egiten: bertako hiztegia eta garai bateko hitzak gorde, hika bezalako altxorrak mantendu… Gure ardura da hori», ohartarazi du Eresti Oiarbide gabiriarrak.
Izan ere, herri txikiek —eta, horrenbestez, arnasguneek– egundoko eragina jasan dezakete edozein mugimendu demografikoren aurrean. «Arnasguneetan eragin handia dauka kanpotik datorren eta euskaraz ez dakien jendeak. Ahalegin berezia egin behar da euskaraz ez dakitenei irakasten. Tarte handia sortzen da euskaraz bizi garenon eta arnasgune ez direnetatik etorri direnen artean».
Dena ez da oskarbia arnasguneetako zeruan ere. Gabirian, esate baterako, aurten ezin izan dute euskara ikasteko ikastaroa antolatu, inor ez delako interesdunik aurkeztu. Eta ez beharrik ez dagoelako. Oro har, herri euskaldunenetan erabilera %8 eta 13 artean apaldu da azkeneko ia 40 urtean. Ezagutza ere %10 jaitsi da, eta %90eko mailari batek soilik eusten zion 2011ko neurketan.
Eredu eta esportatzaile
Arnasa gara kanpainak herritarren ahalduntzean iltzatu nahi du kakoa, kasu honetan euskararen soinekoari eusteko. «Arnasgune diren herriek ez direnen eredu izan behar dute, izan gaitezke eta. Herritik kanpora joandakoan ere, arnasguneko euskararen bizitza eta irradiazioa eman dezakegu, herritik kanpo eragin dezakegu. Aukera eta ardura da, biak batera», azaldu du Oiarbidek.
Bidea ez da batere laua. Iaz Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi herritan egindako aurre-lanketan, ondorioak eta aurreiritziak atera ziren. Arnasguneetako euskaldun askok, hizkuntzaren egoeraz galdetuta, uste dute inguruko herrien errealitatea hobea dela. Lantokietan gaztelaniak duen presentzia handiagatik kezka dute. Lagun artean, nahiz beti euskaraz jardun ohi, erdaldunen bat dagoenean gaztelania bihurtzen da komunikazio tresna. Hizkuntza batetik bestera «saltoka» hitz egiteko ohitura ere gero eta zabalduagoa da.
Positiboen artean, Euskal Herri gehienarekin alderatuta, norbere herriko egoera soziolingustikoa hobea dela uste dute. Beren ingurua «euskalduntzeko izan duten gaitasunak oso harro» daude, bestetik.
Laiotzak eta eguterak izan arren, euskarari arnasa ematen jarraitzeko hauspo lanerako prest daude herri euskaldunenak. «Garrantzitsua da udalerri euskaldunok elkarren berri izatea, politika bateratuak lantzea eta esperientziak partekatzea. Batera indar handiagoa egingo genuke». Eta euskarari putz, birikak betean.
Zer eta zein da arnasgunea?
Joshua Fishman soziolinguista eta ohorezko euskaltzainak (Filadelfia, AEB, 1926 – Bronx, AEB, 2015) 1991n atera zuen mahai gainera arnasguneen papera, «physical breathing space» kontzeptuarekin, hizkuntza bat biziberriteko garaian duten garrantziagatik. Harrezkero, arreta eta zaintza ipini izan zaie. Euskal Herrian ere bai. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (Uema) ildoa oso lotuta doa. Baina horko kide diren 87 udalerriez eta dituzten 253.000 bizilagunez kanpora ere baditu euskarak arnasguneak.
Baina zer dira arnasguneak? Hamaika ezaugarri erantsi zizkion Fishmanek. Oro har, lehen hizkuntza euskara duen, euskaraz bizi den, eta bertako hizkuntza normala euskara den tokiak dira. Bai ezagutza, bai erabilera, %80koak edo goragokoak izan ohi dira.
«Bizi-bizirik dago euskara arnasguneetan. Eremu horietan, euskaraz egitea da arau soziala, eta euskaraz bizitzea joaera naturala», laburbildu dute Arnasa gara kanpainaren bultzatzaileek.
Herri txikiak izan ohi dira. Euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitzen dute.
Arnasguneei airea
Hizkuntzaren biziraupenerako eta berrikuntzarako ezinbesteko gune diren arren, arnasguneen kontzeptua eta garrantzia «arrotz samarrak» dira oraindik herritar gehienentzat. Lehenengo aldiz, arnasguneen indarra eta pisua nabarmenduko ditu kanpaina batek, Arnasa gara izenpean.
Iaz 8 herritan jasotako esperientzien ondorioetatik ondu dute. Euskal Herri osoko erakunde publikoek babestu dute: Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak.
Eskoletarako unitate didaktikoa ondu du Uemak
Giltzarritzat jotzen da euskararen arnasguneen gaia eskoletan lantzea. Goierrin, Segurako Laiotzen LH6ko haurrekin tailerrak egiten dituzte, DBH ikastera herri handiagoetara joan aurretik. «Garrantzitsua iruditzen zaigu LH6ko ikasleekin zuzenean egotea, hurrengo ikasturtean hizkuntza ohituretan gertatuko diren aldaketei buruz hausnartzeko, batetik; eta inguru erdaldunago horretan joka dezaketen paper garrantzitsuaz ohartarazteko, bestetik», dio Bagoaz unitatearen sarreran Uemak.
Arnasguneek hizkuntzaren normalizazioan betetzen duten edo bete dezaketen funtzioari begia jartzea da, azken batean, egitekoa. «Eurek naturaltasunez jaso dute euskara, baina beste hizkuntza ohitura batzuk dauden tokietara doaz, eta kontzientzia hartu eta ahal den neurrian eragile izan behar dute», dio Egoitz Apaolazak.
Legorretako Ugaro herri eskolan LH3 eta 4ko haurrekin lantzen dute, Ispiluari begira tailerrean. Egunerokoan erabiltzen edo entzuten dituzten hizkuntzak identifikatu eta margotu egiten dituzte, horma-irudi batean. Gurasoei erakusten diete ondoren. Haurren eta gurasoen kontzientzian eragitea, eta norbere ohiturekin pentsaraztea da helburua.
Zaldibian eta Zerainen ere haurren eta gurasoen tailerra egin izan da. «Unitate didaktikoaren proposamena Uematik etorri zitzaigun, udala ere bertan sartuta dagoenez. Eskolan saio bat egin zuten lehen ere, irakasle guztientzat, lehenengo geuk jakiteko arnasgunea zer den. Oso ondo etorri zen», azaldu du Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendari Eider Amundarainek.
«Altxorra ikusarazi»
Herri euskaldunenetan ere, eta ondorioz hezkuntza sistemako eskoletan, lehen ezagutzen ez ziren hizkuntza egoerak hasi dira. Familiakoek oharrak euskaraz ez ulertzea da bat, adibidez, edo ikasle askoren ama-hizkuntza euskara ez izatea. «Horrek egoera diferenteak sortzen ditu», Amundarainek argitu duenez. Egintzat jotzen diren arlo asko, birpentsatzea dakar ondoriotzat, baina beti ere lehentasuna euskarari emanda.
«Kontzientzia hartu behar dugu zer garrantzitsua den arnasgunea izatea, eta nola ez dugun erlaxatu behar eta eutsi behar zaiola hala izaten jarrai dezan». Ikasleen artean ere kontzientzia zabaltzea lortu nahi dute, eta Euskararen Egunaren ingurumaria garai egokia da lanketarako: «Ikasleek ere jakin behar dute zer zeregin garrantzitsua daukagun denok euskara zaintzeko, zein den egoera eta guk egin dezakegun ahalegina zenbatekoa den».