Ezkioko Yartu kultur elkarteak 20 urte bete ditu. Urteurrena ospatu dute, eta bide batez, udalerriko kultur eta ondare arloak urteotan guztietan hauspotu dituen taldeak etenaldia iragarri du. Ez dago, oraingoz, erreleborik.
Seamous Heaney Ipar Irlandako poetak (1939-2013) Aldamioa olerkian zioen igeltseroak eraikin baten eraikuntzan hasten direnean, erne dabiltzala aldamio guztiak egonkorrak izan daitezen. Hala, ohol solterik ez dute uzten, torlojuak estu lotzen dituzte eta eskailerak finkatzen dituzte. Eraikina eginda dagoenean aldamioa erori, eta bistan geratzen dira harrizko horma sendoak.
Ezkioko Yartu kultur elkartean lan eta lan aritutako herritarrek elkartea sortu zuten orain 20 urte. Poemako igeltseroek nola, hala eraiki dute Yartu. Aldamioak eror daitezke, baina egindako lan guztia hor dago, harrizko horma sendoa bezala. 20. urteurrenaren ospakizunari adio modukoa gehitu diote. Taldea oraingoz desegin egingo da, ez baitago erreleborik.
Yartu deitzen diote ezkiotarrek Igartubeiti baserriari; Igartu Yartu bihurtzen da euren hizkeran. Hortik hartu zuten izena 1999ko otsailaren 28an Yartu kultur elkartea sortzeko lehenengo batzarra egin zutenean. Estatutuen arabera, Ezkion kultura, zentzurik zabalenean, suspertzeko sortu zuten elkartea.
Garai hartan Igartubeiti ez zegoen zaharberrituta eta baserria ondare gisa berreskuratzea izan zen elkartearen xede nagusietako bat. Bestetik, lehenengo ekintza udalerrian zaharkinen bilketa egin eta erakusketa antolatzea izan zen.
Yartuko arima beti izan dira Ezkioko bizilagunak. Udalak beti babestu ditu Yartuk bultzatutako ekintzak. Are, udal jardunean aritutako ezkiotar asko Yartuko kideak izan dira eta alderantziz.
Ezkioko kultur eragile emankorra izan da Yartu elkartea azken 20 urteotan
Yarturekin hasi zirenak adinean sartu dira eta bakandu; indarra ahuldu da
Irteerak, hitzaldiak eta ikerketak antolatu dituzte, besteak beste. Ezkioko historia, geografia, toponimiak, ondarea zein pertsonaiak ezagutzeko lan egin dute, baita ezagutzera emateko ere. Jaiak eta ohiturak berreskuratu dituzte, hala nola Santa Ageda bezperako kopla kantatzea.
Denetariko ekintzak
Yartu martxan jarri zenerako garaiko Ezkio-Itsason EUP! herri aldizkaria existitzen zen. Behin Yartu agertu zenean, elkarteak bere gain hartu zuen aldizkaria argitaratzeko ardura eta 8.zenbakitik 45.era kaleratu zituzten; 1996ko urritik 2004ko otsailera.
Haur eta gazteentzako ekintzak ere egin dituzte. Yartuk, finean, Ezkioko ondarea eta kultura suspertzeko lana egin du, baita Ezkioz kanpoko kultura bertan suspertzeko lana ere. Irteera seinalatua izaten da, adibidez, abenduan Durangoko Liburu eta Disko Azokara egiten dutena. Aurten ere egingo dute, eta Bermeoko Arrantzale Museora joango dira egun berean. Dena antolatuta daukate jada. «Autobusa bete egiten da. Ekintzek harrera oso ona izaten dute. Aitzitik, gure arazoa da ekintza horiek guztiak antolatzeko jendea behar dugula eta gu gero eta gutxiago garela», dio Yartuko lehendakari Marilu Pildainek.
Gutxi-asko bazekiten zer zetorren. 2016an, Yarturi bultzada emateko bide berriak urratzeko inkesta bat egin zuten ezkiotarren artean . Gogoeta egin zuten, baina bideak toki berera zeraman: errelebo falta. Miren Iturralde Yartuko kontuzain eta Ezkioko Udal Liburutegiko liburuzainak dioenez, «udalerria asko aldatu da. Etxe berriak eraiki dira, jende berria etorri da eta Yarturen berri badute, herri txikia izanda, komunikatzeko kanal ugari erabiltzen ditugulako». Hala ere, Ezkioko mugetatik harago gero eta zabalduago dagoen joera da boluntario faltarena.
Yartukoek nahiko lukete elkarteak jarraipena izatea, baina egun daudenak ez dabiltza indartsu. Hasi zirenak adinean sartu dira, arrazoi asko medio bakandu egin dira eta ekintzak antolatzeko indarra ahuldu da. Umorez ospatu zuten, edonola ere, 20. urteurrena eta agur erdia. Harrizko hormaren sendoa geratuko da, eta eraikina beteko dute atzetik datozenek, akaso, ezberdin beteko badute ere.