Aitor Calvillo
Euskara eta turismoa: eredu baten bila. Horixe Uemako presidente Iraitz Lazkanok hilabete honetan Berria-n idatzitako iritzi artikulu baten izenburua. «Joño», nire artean, «baliabide naturalez eta gastronomiaz gain euskara ere turistek erakartzeko amu erabiliko ote diagu hemendik aurrera?». Hala, irakurtzen hasi eta «bai zera!», pertzepzio kontuak oraingoan ere. Bai, bai, pertzepzio kontuak. Eta oraingoan ere usteak erdia ustel. Erakundeak orain gutxi egindako inkesten emaitzei erreparo egiten die Lazkanok, eta hara berak esandakoak: «Bisitari ia guztiek eskertu egiten dute euskara ikustea eta entzutea, eta askok berariaz hautatzen du udalerri euskaldunetara etortzea». Merkatari eta ostalari askoren pertzepzioa bestelakoa da, ordea. Hauen joera euskara ezkutatzekoa izaten da askotan, bezeroak uxatuko dituztelakoan.
Turismoari begirako hizkuntza politikari ere egiten dio erreparo artikuluan. Hemen ere, lehengo lepotik burua. Honatx zenbait adibide: «Ez dago herri bateko bertsolariak edota bertsolaritza ezagutzeko ibilbide gidaturik, bisitariek ez dute minutu erdian BECeko finala zer den ikusteko QR kodedun plakarik, inork ez die kontatzen herri horretan txapeldun handiak izan direnik, eta ez dute aukerarik bertso-afari batean egoteko bertsolariak entzuten eta elkarteren bat ezagutuz, gida edo bitartekariaren azalpenekin batera».
Eta hau guztia aintzat hartuta eta euskararen nazioarteko eguna ate joka dugun honetan, gurean oraindik euskarazko ikuskizunak zentsuratuz! Nork erakutsi behar digu iparra?
Axier Iriondo
Ez dakit nola funtzionatzen duten nazioarteko egunek. Ezjakinean diot. Zenbat eta zein naziotan izaten dira ospagai? Bide batez, onar dezagun, hitz polita da ospagai.
Turistei ez zaie erakusten euskara badenik ere? Barne turismorako ere amu izan daiteke? Maia lehengusuen bazkari batean elkartuko nituzke turistok, adibidez, Iruñeko Katakraken. Lehengusuren batek azalduko luke Pirritx, Porrotx eta Marimototsi hitzak egin izan dizkiela, beste batek koreografia bat landu zuela eurekin, eta hirugarrenak zentsuratu egin zituela hitz eta koreografia horiek.
Beste bat izan daiteke Iribarne lehengusu-lehengusinekin goiz-pasa egitea Izura aldean, esaterako. Erromesen bidea egin bitartean, batek kontatuko luke bere gurasoak euskaldun elebakarrak zirela eta bilobak erdaldun hirueledunak. Beste batek gehituko luke euren lehengusu bat oso boteretsua eta argia izan zela Espainia aldean, eta bere amaren hizkuntza museorik ederrenean erakusgai jartzeko nahia adierazi izan zuela, ziurrenik barne turismorako.
Ospa dezagun, beraz, abenduaren 3a edo egin dezagun ospa, baina Amuriza-Zarraonaindia lehengusu-lehengusinen afarietan kantatzen duten bezala, «bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz».