Andoitz Bonilla motor gidari beasaindarrak Yamaha R1 Cup 2019 irabazi berria du. Duela 10 urte hasi zen motor gainean eta mailaz maila doa urrats sendoak egiten. Datorren urtean Espainiako Super Bike txapelketan parte hartu nahi du.
Andoitz Bonilla (Beasain, 2000) ziztu bizian, abiada bizian ibiltzen den horietakoa da, aitarengandik jaso duen motor zaletasuna bere eginda. «Nire zaletasuna aitarengandik datorkit. Berari betidanik motorrak gustatu izan zaizkio eta bera izan da mundu honetan sartu nauena». Honela, orain dela 10 urte murgildu zen motorraren eta abiaduraren munduan, eta pixkanaka lortu du mailaz igotzea: «Lehenengo Euskadiko txapelketarekin hasi nintzen eta azkenik Espainiako txapelketara iritsi arte».
Aurtengo denboraldian, Yamaha motorra lagun duela ibili da zirkuituz zirkuitu, Yamaha R1 Cupan. Txapela irabaztea lortu du gainera. 18 urtetik gorako motor gidariei zuzendutako txapelketa da eta beasaindarrak aurten hartu du parte lehenengo aldiz: «Yamahak Espainia mailan egin duen txapelketa bat da, parte hartzaile guztiok Yamaha R1 motoa eramatea da baldintza. Bigarren baldintza gutxienez 18 urte izatea da».
Motorra bera ere, adinarekin eta mailarekin aldatzen joan da. «Orain arte 600 cc-ko motorrekin ibili naiz, baina aurten salto bat eman dut eta 1000 cc-ko mailara igo gara. Merkatuan dauden moto potenteenak dira, 1000cc ko motorrak».
Abiadura ere, gero eta gehiagora doa pixkanaka: «Orduko 300 kilometro baino gehiago hartzen dugu». Arrisku handiko kirola da eta babes neurri handiak hartzen dituzte. Arropa da horietako bat. «Guk erabiltzen dugun arropa guztiak bereziak dira; norberaren neurrira pertsonalizatuak dira». Hala ere, iritsi den mailara iristeko, urte hauetan guztietan, «hezur asko hautsi» dituela aitortu du Bonillak.
Entrenatzeko ‘krosfit’-a
Entrenamenduei dagokionean, astean zehar krosfit-a egiten du, «egoera fisikoa hobetzeko eta mantentzeko». Motorrean ez du entrenamendu berezirik egiten: «Motorrean ez dut batere entrenatzen. Lasterketa bat daukadanean bakarrik entrenatzen dut, bi egun lehenago joaten gara zirkuitura entrenatzeko».
Bonillak aukeratutako kirola, ez da batere kirol merkea. Beasaindarrak nabarmendu duenez, «motorra, desplazamenduak… kirol garestia da. Denok ahalegin handia egiten dugu nire ametsa aurrera eramateko». Era horretan, eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie lagun dituen babesleei: «Hika txakolindegia, Apain, Beasaingo Udala eta batez ere, nire gurasoei».
MotoGP-a amets
Izan ere, amets egiten jarraitu nahi du Bonillak, eta «motor gidari guztiek bezala, MotoGP-ko txapeldun izatea» du amets. Horretarako, beste urrats bat egin beharko du oraindik, Espainiako txapelketa irabaztea adibidez: «Espainiako txapelketa irabaziz gero, aukera handia eduki daiteke MotoGP-ra igotzeko». Datorren urteari begira, Espainiako SuperBike txapelketan parte hartzeko asmoa dute, «eta lortutako emaitza ahal den hoberena izatea».