Feminismoa eta gizarte eskubideen borroka eskutik helduta doaz Arantza Corralesen (1958, Zumarraga) bizitzan. Agina auzoan jaioa, Magisteritza ikasi zuen eta eskola publikoan egin zuen lan ibilbidea, Oñatiko eta Urretxuko ikastetxeetan, harik eta 41 urterekin ezgaitasuna aitortu zioten arte. Harrez gero, pentsioduna da eta bere eskubideak eta gainerako kideenak defendatzeko borrokan murgilduta dabil, beti ere feminismoa alboratu gabe.
Gizarte mailan oso inplikatuta egon zara beti.
Lanean hasi nintzen garaian eskoletan aktibismo handia zegoen, eta ni ere gurpil hartan sartu eta Urretxun eta Zumarragan zegoen emakume talde batekin elkartzen hasi nintzen. Duela 40 urtetik nabil feminismoaren munduan.
Zergatik feminismoa?
Poliki-poliki genero diskriminazio nabarmenaz eta emakumeok ere oso barneratuta dugun matxismoaz kontzientzia hartzen joan nintzen. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran, feminismoak indar handia zuen, erreibindikazio maila altua zen dibortzioaren legea eta abortua zirela eta.
Ba al zegoen inguruan elkarte feministarik?
Emakumeen asanblada bat zegoen Urretxu-Zumarragan.
Eraldatzen elkartearen hazia erein zenuten orduan?
Asanblada hura, tamalez, sakabanatu egin zen, baina nik Oñatiko taldean jarraitu nuen, 10 bat urtez. Lanagatik herrira itzuli nintzen gero, baina nire semearen zainketari eman nizkion urte batzuk. Semea hazi zenean berriz itzuli nintzen aktibismo feministara, eta bi herrietako beste kide batzuekin batera –Nilda, Mari Jose, Arantxa, Pili, Itziar…– Eraldatzen elkartea sortu genuen 2003an.
Zer izan zen Eraldatzen?
Eraldatzenek egin zuen lanak eta ekarri zuen guztiak ikerketa bat merezi du, nire ustez. Elkarteak jarraitzen du, neska gazte batzuk ari dira lanean, baina beste dinamika bat dute. Orduan, pizgarri bat izan zen, herri mailan, eskualde mailan eta Gipuzkoa mailan. Urte haietan feminismoa ez zegoen gaur bezain aktiboa, mugimendua nahiko motelduta zegoen, eta Eraldatzanek bidea ireki zien emakume askori. Besteak beste, kontzientzia feminista helarazi zien emakumeen hainbat elkarteri: Iratzarri, Mairi, Asmube, Kimetz, emakume baserritarren Ebel…
Zein izan zen bere eginkizuna?
Ekintza ugari egin genituen. Nik uste dut Gipuzkoa osoko elkarte aktiboena izan ginela, feminismoaren arlokoa. Formakuntza tailerrak, elkarretaratzeak, hitzaldiak… Denetik egin genuen. Ikastetxeetan gazteekin egin genuen lan, neska eta mutilekin, azaroaren 25aren inguruan, esaterako. Udaletxeekin ere lan egin genuen, berdintasun egiturak sortze aldera, eskualdeko berdintasun alorraren sorkuntza bultzatu genuen, baita Zumarragakoa ere. Eraldatzanek eman zuen guztia ez dago behar bezala neurtuta.
Tratu txarren inguruan ere lan egin zenuten.
Bai, orain protokoloak daude kasu horien aurrean, baina lehen ez. Guk babesa eskaini genien tratu txarrak jasaten zituzten emakumeei, entzun egiten genituen, orientazioa ematen genien, laguntasuna…
Hori guztia, boluntariotzatik.
Noski. Baina ez ginen bakarrak. Garai hartan boluntario elkarteen koordinadora bat sortu genuen Goierri garaian, Bidea Eginez, eta haren bitartez elkarrekintza landu genuen alor desberdinetan lanean ari zirenekin: emakume elkarteak, alor soziosanitariokoak, gazteenak… Oso aberasgarria izan zen; 10 bat urte iraun zuen eta elkarte haietako kide esanguratsuak desagertu zirenean, mugimendua ere desegin zen. Guztion artean gai izan ginen gainerakoen egoerak eta arazoak ikusteko eta onartzeko.
Zu zeu ere beste gizarte borroka batzuetan murgildu zara.
Bai, feminismoak begiak irekitzen dizkizu gizarteko beste arazo batzuen aurrean. Mugimendu batean murgiltzen zarenean, beste errealitate batzuk ezagutzen dituzu, bizitza beste modu batera ikusten duzu, eta horrek beste erreibindikazio eta borroka batzuetara eramaten zaitu.
Horien artean, orain esku artean duzuna dago, pentsiodunen erreibindikazioena.
Ba, orain pentsio duinen aldeko borrokan nabil buru-belarri. Pentsiodunen borroka bogan dago orain, baina Goierri garaian lehenagotik datorren mugimendua da, izan ere, lehen aipatu dudan Bidea Eginez koordinadoran bazegoen pentsio-
dunen elkarte bat, Appalur.
«Pentsioa duindu egin behar da, lan bizitzaren ondoren eskuratutako eskubidea delako»
«Emakumeetan prekarietatea handia da; alargun askok oso pentsio baxuak dituzte»
«Pentsiodunon borroka guztiona da, gure gizarte eredua delako jokoan dagoena»
Noiztik zabiltza pentsioekin?
Zure bizitzaren garai bakoitza errealitate bati lotuta doa; 21 urtekin gizarte aktibismoan hasi nintzen, eta orain, ni pentsioduna naizenez, pentsiodunen erreibindikazioekin nabil.
Prekarietatea, aurrera jarraitu ahal izango dugun ala ez, gehiago emango ote diguten, menpekotasuna, emakume nagusien kontrako tratu txarrak… horixe da orain nire inguruko errealitatea, eta horretan eragin nahi dut.
Borroka hori Duintasuna elkartearen babesean egiten duzu.
Bai. Urte asko dira sortu zela, lehen aipatu ditudan arazo horiek eta beste batzuk aztertzeko eta erreibindikatzeko. Duintasuna Gipuzkoa mailako elkartea da, baina Euskal Herri osoa hartzen duen Gaur Geroaren barruan dago.
Zer da eskatzen duzuena?
Bizitza duin bat, besterik ez. Pentsiodun gehienak urte asko egon dira ematen zietenarekin konforme, baina ez ziren konturatzen ematen zieten hura haien eskubidea zela, eta eskubide hura urratu egiten zutela, geroz eta gehiago gainera.
Pentsioa lan bizitza baten ondoren eskuratutako eskubide bat da, eta duindu egin behar da. Askok eta askok pentsio miserableak jasotzen dituzte. Prekarietatea handia da, batez ere emakumeen artean; alarguntasun pentsio oso baxuekin bizi dira asko.
Emakumeak berriro.
Bai. Pentsioen gaian kaltetu handienak emakumeak dira: alargunak, familia zaintzen etxean geratu ziren etxekoandreak, kotizatu gabe lan egin zutenak, batez ere garbiketan, emakume baserritarrak… Etxekoandreek egiten zuten lana, esaterako, gaur egungo zaharren egoitza, eskolatako jangela, garbiketa zerbitzu eta beste hainbat gizarte zerbitzuren parekoa zen. Eta gure amek eta amonek egiten zuten, hala beharrez, ezer ere kobratu gabe. Estatuari aurreztu zioten diru hura ikusezin bihurtu dute, desagerrarazi egin dute. Horregatik da gure erreibindikazioetako bat emakume guztientzat pentsioa bat lortzea.
Aparte doan erreibindikazioa al da emakumeen aldeko hori?
Oneka plataformatik hasi gara horretan. Oneka duela urte bete sortu genuen, Euskal Herriko emakume pentsiodunok osatuta, eta emakume nagusien duintasuna erreibindikatzea da gure xedea.
Erreibindikazio horren barruan, tratu txarrena dago, emakume nagusiek asko jasaten dituztelako, ez bakarrik fisikoa, baita ekonomikoa ere. Emakume asko 650 euroko diru sarrerekin bizi dira, ea zer egin daitekeen horrekin! Ezin kalefakzioa piztu, ezin etxea konpondu, ezin arroparik erosi… Pobrezia egoeran bizi dira asko, baina duintasunak ez die egoera hori erakusten uzten.
Erreibindikazio horien guztien ekintza ikusgarriena astelehenetako elkarretaratzeak dira.
Bai. Bi urte daramatzagu astelehenetako bilkurekin. Nire ustez gizarte mailan inoiz egin den erreibindikaziorik luzeena da, eta oraindik indartsu dago gainera, batez ere Euskal Herrian. Gipuzkoan, 5.000 biztanletik gorako herri guztietan egiten dira bilkurak, eta herri txiki batzuetan ere bai.
Zergatik elkartzen zarete astelehenero?
Nik jendeari esango nioke bere buruari galdetzeko zergatik uste duten egoten garela hor, pentsa dezatela zergatik elkartzen diren 80 urtetik gorako gizon-emakumeak, zergatik joaten diren mobilizazio horietara inoiz plazara atera edo pankarta bat eskuetan hartu ez dituzten emakumeak, zergatik joaten garen aterkia eskuetan dugula euria egiten duenean edo itzal bila eguzkiak berotzen duenean… eta zergatik jarraitzen dugun bi urte eta gero.
Gizon-emakume nagusi horiek, eta batez ere emakumeak, ez dira bilkuretara joaten aktibistak direlako, baizik eta prekarietate eta pobrezia egoeran bizi direlako, batzuk miserian ere bai. Eta zerbait lortuko dugunaren ilusioa dute, horregatik joaten dira. Pertsona horiek duintasunarekin bizi daitezen lortu behar dugu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortuta. Beste pentsiodunon eskubideen alde ere ari gara, dagozkigun igoerak eskatuta besteak beste, eta gobernua bultzatzen ari den pentsio pribatuen negozioa ere salatzen dugu.
Gizarteak nola ikusten ditu bilkura horiek?
Etorkizuneko pentsiodunen alde ere ari garela gogoratuko nioke nik gizarteari, datozen urteetan jubilatuko direnek ere panorama txarra dutelako, erosketa ahalmenaren %30-50eko galera aurreikuspenarekin. Nire ustez, oraindik lanean ari direnak ez dira jabetzen gobernuak onartutako neurriek dakartenaz; gure borrokekin neurri horiek indargabetzea espero dut.
Horregatik, etorkizunean datorkienaz informatzera gonbidatzen ditut belaunaldi gazteagoak, eta gurekin borrokatzera etor daitezela. Izan ere, borroka hau guztiona da, jokoan dagoena gure gizarte eredua delako.
Badago, beraz, borrokatzeko arrazoirik.
Bai, noski. Eta borroka hori kolektibo gisa egiten dugunez, horizontalki, eta harrokiro, badu indarrik. Aurrera jarraitu behar dugu, pobreziak hor segiko duelako bestela.