«Edozein musika mota dela ere, freskotasuna eta sakontasuna da gehien baloratzen dudana». Mikel Urretagoiena (Ordizia, 1991) perkusionista Ordiziako Musika Eskolan hasi zen musika ikasketak egiten. Argi izan zuen musikari loturiko zerbait egingo zuela, baina ez zuen asmatu lehenengo ahaleginean: «Magisteritza Musikala egiten hasi nintzen Bilbon, baina hasi eta gutxira konturatu nintzen ez nuela hori egin nahi».
Ordiziako Musika Eskolan ezagutu zuen Iker Uriarte, Betagarri taldeko bateriajolea, eta hark esandakoak adorea eman zion goi mailako musika ikasketak egiteko: «Ez nuen pentsatuta, baina Iker Uriartek esan zidan aukera ona litzatekeela». Iñaki Telleria perkusionistak ere hauspotu zuen. Iruñean eta Donostian aurkeztu zen, eta bietan onartu zuten Urretagoiena; Donostiako Musikenera joatea erabaki zuen.
Jazz-a edo klasikoa, horiek dira bi adarrak Donostiako Kontserbatorioan. Jazz garaikidea aukeratu zuen: «Nire gustoak garatzeko klasikoak ez zuen tarte handirik uzten». Donostian «oinarri sendoa» eraiki zuen: «Asko ikasi nuen, inprobisazioa asko landu genuen».
Eta Donostiatik Herbereetara: «Musikeneko hainbatek masterra egin genuen; urtebete Groningenen, eta sei hilabete New Yorkeko Queens Collegen». The Machetazo proiektua bertan jarri zuten abian: «Esperimentazio etapa bat izan zen, eta bertan konturatu ginen talde bat osatzen genuela». Musikenen ezagutu, Herbeheretan osatu eta New Yorken martxan jarri. The Machetazo taldeko bost musikariak pisukideak izan ziren New Yorken: «Kristoren esperientzia izan zen; jazzaren jatorria izan zen hirian ikasi genuen».
Ikasi eta ikusitakoak disko batean plazaratu zituzten 2017an, 1290 Prospect Place diskoa argitaratuta: «New Yorkeko pisuko helbidea da diskoaren izena». Talavera de la Reinako (Espainia) Black Hill estudioan grabatu zuten sortutakoa. Goierriko Jazzaldian ere jo zuten 2016an. Orain Madrilen dabil lanean: «Nire inguru profesionala bertan dago». Proiektu ezberdinak uztartzen ditu irakasle lanarekin: «Astean bitan musika eskola batean klaseak ematen ditut». Gainontzeko denbora, kontzertuez gain, lokalean ematen du, entseatzen, beste hamar lagunekin: «Lokalean elkartzen gara sortzeko eta ikasteko, bakarrik zein kolektiboki; niri asko gustatzen zait taldean lan egitea».
Diziplinen uztartzea
The Machetazo taldearekin bigarren diskoa atera berri du urrian: A vision in a dream izena du, eta 14 pista sortu dituzte: «Oiartzungo Mecca estudioan grabatu genuen». 1290 Prospect Place lanarekin alderatuta, berritasun nabarmenena disziplina artistikoen uztartzea da: «Helena Lanza aktoreak olerki bat errezitatu du diskoan, eta Zaida Escobar margolariak egin du azala». Urretagoienak «beharrezkotzat» jotzen ditu horrelako elkarlanak: «Gutxi gara eta barku berean gaude».
Beste proiektu batzuekin ere badabil musikari ordiziarra: batetik, duela hiru aste Bilbon aurkeztu zuten Amahiru proiektuan, Ander Garcia Triorekin: «Euskal musika tradizional inprobisatua egiten dugu». Bestetik, Wasabi Hurricane taldean: «Musika elektronikoa egiten dugu, baina zuzenean».
Argi du genero finkoak lausotuta daudela gaur egun: «Barrutik ateratzen zaiguna egiten saiatzen gara, etiketak kenduz; azken finean, influentzia ugari ditugu, mota desberdinetakoak. Inprobisaziotik sakontasuna bilatzen dugu, izan trapa, rocka edo jazza».