Edonon topa ditzakegu musika beraien ogibide bilakatu nahi duten gazteak, baina gutxi dira interpretaziotik irtetzera ausartzen direnak. Antton Iriartek (Legazpi, 1999) argi dauka musikarekin lotuko duela bere etorkizuna, baina pausu bat harago eman nahi du. Soinu bandak egitea gustatuko litzaioke. Konposizioa ikasten ari da Iruñean, Pablo Sarasate goi mailako kontserbatorioan.
Sei urterekin Gabiriako musika eskolan hasi zen. Kontzertu bat ikusi eta gero konturatu zen biolina zela berak landu nahi zuena, eta Legazpira egin zuen salto. 13 urte zituela, Legazpiko musika eskolan biolinarekiko zuen trebetasuna sumatu eta gero, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan sartzera animatu zuten. Horretarako urtebete egon zen solfeoa bezalako arloak indartzen. Biolinaz gain, pianoa eta eskusoinua ere jotzen ditu. Izan ere, kontserbatorioan sartzeko ezinbesteko baldintza izan da bi instrumentu gutxienez jotzea; bata nagusia, bestea osagarria.
Bigarren urtean dago orain eta exigentzia mailaren igoera sumatu du. Iriartek azaldu duenez, konposizioak berak, exigitzen du. Ez dauka ordutegirik. Izan ere konposatzen ari direnean, ez du sekula ordu toperik ipintzen, absorbitu egiten du musikak. Askotan konturatzerako goizeko 05:00ak dira eta gaupasa egiten du. «Ordu limiterik gabeko tartetxoak hartu behar dituzu, ezin duzu presiopean ondo landu. Noiz hasten zaren jakin behar duzu, baina ez diozu zure buruari denbora mugarik ipini behar».
Teknologia bidelagun
Iriartek txikitatik izan ditu gustuko soinu bandak: «Umea nintzenean Doraemon bezalako marrazki bizidunen soinu bandak izugarri erakartzen ninduten. Gaur egun ere batzuetan atzera egiten dut garai horietako kapituluak gogoratzeko, eta beste ikuspuntu batetik efektuak eta musika aztertzeko. Uste duguna baino garrantzi handiagoa daukate soinuek».
Teknologiaren bilakaera ere kritikatzen dute askok, partiturak paperean sortzea galtzen ari dela diote. Iriartek eraldaketa txalotzen du, eta bozetoak egiteko bakarrik erabiltzen du papera. Hortik aurrera, ordenagailuan jarraitzen du, bertan partiturak zuzenean entzuteko eta nola geratzen ari den ideia bat egiteko aukera daukalako. Tamalez, orokorrean teknologia bere indagunea ez izatearen ondorioz, konposizio propioak grabatzea zaila izan daiteke askotan.
Etorkizunean soinu bandekin lan egiteaz gain, oposizioak egitea gustatuko litzaioke, kotserbatorio batean irakasle moduan aritzeko.