Beñat Gaztelumendi añorgarrak jantzi du bigarren aldiz amaitu berria den 12. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela, abenduaren 14an. Zortzi urte dira Aitor Sarriegi beasaindarrak sari bera lortu zuenetik, eta 55 Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki-k jantzi zuenetik. Tolosako Leidor antzokian izan zen, 1964 abenduaren 13an, Santa Lutzi egunez.
Ordura arte bertsolari gehien ateratako txapelketa izan zen, 71. Sei saio izan zituen txapelketa hark –Errenterian, Azkoitian, Beasainen, Zarautzen, Eibarren eta Tolosan azkena–. Lazkao Txiki izan zen zortzikotearen artean onena. Txomin Garmendia izan zen bigarren, eta gainontzekoen segida, honakoa: Joxe Joakin Mitxelena, Patxi Etxeberria, Joxe Intxausti segurarra, Kasiano Ibarguren, Koxme Lizaso eta Jose Mari Lertxundi.
Hamabost egunera, Inazio Eizmendi Basarri-k lau bertso jarri zizkion Lazkao Txikiri Zeruko Argia-n –ondoko zutabean–, eta hiru astera Euskal Herriko Txapelketa Nagusia jokatu zen 1965 urtarrilaren 1ean, Urteberri egunez, Donostiako Anoetako pilotalekuan. Manuel Olaizola Uztapide-k jantzi zuen txapela, Lazkao Txikiri aurre hartuz. 1967tik 1991ra arte ez zen bertsolari txapelketa gehiagorik jokatu.
Bertsoak
Lazkao Txikik 1964ko txapelketa irabazi ondoren Basarrik Zeruko Argia-n jarritako bertsoak.
«Bertsoa zuzen artzen dakizu…».
Bertsoa zuzen artzen dakizu
sustraitik edo oñetik
bukatu arte, al dan guzian
segiz bide berdinetik.
Alako kantu goxoak irten
ziran zu mingañetik,
zerbaitegatik gelditu ziñan
beste guzie gainetik.
Zure izena or gelditu da
merezi zuen lekuan,
lagunak eta adiskideak
pozik ziran inguruan.
zu bezelako baten bearra
aspaldian bazeguan,
izarrik argiena zu zera
gaur Goierriko zeruan
Gu bizi geran lur santu ontan
badago gaia ugari,
zer itzegiña nunai sortzen da,
au ezpaldin bada ori.
Nik eskari bat egingo diot
Goierriko izarrari:
arnas-biderik dezun artean
kanta Euskalerriari.
Ordua eldu zan garai artan
zuk bai gizonki erantzun, .
ezti kutsuzko zure bertsoak
jendezk pozkiro entzun.
Nere zorion beroenak nik
bertsoz eman nai nizkitzun,
ta badakizu, Joxe Migel, zuk
lagun jator bat nun dezun.