Gauza askotan, zer eta zenbat egiten den adina inporta du nola egiten den. Gehiago, sarri. Erlezaintzaren munduan ideiak oso garbi dauzkate. Bertako erle espeziea, erle beltza deitua, indartu eta hedatu nahi dute, kanpoko espezieak sartzeko «tentazioa» gaindituta. Erle beltz hazleen elkartea (Erbel) horretarako sortu zuten, 2017an. Zaldibian du egoitza, Goizane gunean, eta Egoitz Galartza erlezaina eta albaitaria (Oiartzun, 1975) da koordinatzailea.
Erle beltza bereiztea komeni, lehenik. Bertako autoktonoa?
Bai, bertako erlea da. Erle beltza da Europako erlea. Beno, Europan Iberiar Penintsula, Frantzia eta hortik iparralderantz hartzen duen aldekoa. Italian eta Menditerraneo inguru horretan beste erle mota bat dago. Baina Euskal Herrikoa berezkoa erle beltza da.
Hori da hemengo erlezainek erabiltzen duzuena?
Erabiltzen dugun ohikoena erle beltza da. Baina azkeneko urteetan, kanpoko erleetara joateko aukera behintzat sortu da, eta beste batzuetan joera ere bai. Erle mantsoagoak dira haiek, lana arroparik edo eskularrurik gabe egin daiteke. Hemengoak bizixeagoak dira. Erlezainek tentazioa eduki dezakete kanpoko espezieekin probak egiteko eta erregina batzuk ekartzeko.
Tentazioa… Ez al da komeni kanpoko erle espeziea sartzea?
Horrek bertako erlearekin nahastea eragiten du, eta hibridazioa sortzen du. Hori kontrola ezin den gauza bat da. Ugaztun bat hibridatzen bada arazo handirik ez dago, baina erleen kasuan, airean gertatzen da ernalketa, eta erlemandoan barreiatzen dira bazter guztietatik, eta hibridazio hori kontrolatzea zaila da. Horregatik ematen diogu garrantzia bertako erlearekin lan egiteari.
Hibridazioa kaltegarria izango litzateke?
Kaltegarria da. Genetika galtzen da eta bertako espezieek geneak galtzen dituzte. Baina, gainera, erlezainentzat hibridoak ezaugarri txarrak dauzka. Aurreneko hibridoa, F-1 deritzona, lehenengo belaunaldia ona izan liteke, aitaren eta amaren ezaugarri onak potentziatzen dituelako. Baina hortik aurrerako belaunaldiak gobernaezinak dira: erlea ahultzen da, agresiboago bihurtzen da, eta ez dakizu zer joera hartuko duen.
Erbel elkarteak azaroan jardunaldi bat antolatu zuen. Zer helburu lortu nahi dituzue?
Batetik barnera begira egin dugu, gure bazkideak formatzeko eta euren artean ezagutza hedatzeko. Garrantzitsua da informazio hori izatea, beste lekuetan zer gertatzen ari den jakiteko. Baina gure lana besteei aditzera emateko ere badira jardunaldiok. Bazkideak 25 inguru elkartu ginen, baina gainerako 55ak ez ziren bazkideak.
80 lagun parte hartzen. Ikusmina edo ikasmina badago erlezainen artean.
Garaia egokia da, eta jendeak oso ondo hartu du. Horrelako ekimenik inguruan ez da egin. Erregin hazkuntza edo halako ikastaroak izaten dira, baina jardunaldi batzuk hain teknikoak horretara enfokatuta, ez dira egin ohi. Gero, kanpoko adituak ekartzen ditugu, geroni eta ingurukoak asetzeko.
«Kanpoko erle espeziea sartzea kaltegarria da, genetika galtzen delako»
«Aurreneko hibrido belaunaldia ona izan liteke, baina gobernaezina bihurtzen da gero»
«Beste herrialde batzuetan ohituago daude erlezainak gai teknikoetara, Iparraldean kasu»
Arreta handia jarri diozue erreginak norberak ateratzeari eta hazteari. Hori da gakoa?
Bai. Gure kasuan, hori da animalia bat barreiatzeko daukagun modua. Ganaduan izan litezke txekorrak, behiak edo zezenaren hazia. Gure kasuan, erreginak dira. Horrek ez du esan nahi erlauntza oso bat mugitu behar dugunik; nahikoa dugu poxpolo kaxa moduko txiki batean erregina bat sartzearekin eta hori lagunari ematearekin edo batetik bestera mugitzearekin. Horrek asko errazten digu manejoa. Baina falta zaiguna da horretan ohitura hartzea eta hori egin litekeela eta nola egin jakitea.
Erlezainek erreginak eurek ateratzeko interesik ba al dute?
Beste herrialde batzuetan, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian bertan ere bai, ohituagoak daude horrelako gai teknikoetara eta teknika horiek erabiltzera. Gure inguruan oraindik ez dugu gehiegi erabiltzen. Erbelen helburuetako bat hori da: guk geronek ikastea eta jakitea erreginak atera daitezkeela.
Euskal Herri guztiko erlezainak dira Erbeleko bazkide.
Gure bazkideen artean –31 bazkide dauzkagu–, herena edo gehixeago Iparraldekoa da. Beste gainontzekoak, Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak. Euskal Herriko elkarte bat gara. Jardunaldietara etorri ziren 80 erlezainetatik 78 Euskal Herrikoak ziren, herrialde guztietakoak.
Zein dira elkartearen lan behinenak orain?
Elkarte berria gara, bi urte inguru daramatzagu, eta oraindik ez gara ari lan potentzia handienean. Nolako elkartea izatea nahi dugun, zer zerbitzu eskaini bazkideei, eta datorren urtea prestastzea da orain lana.
Badauzkagu hitzaldi batzuk programatuta. Urtarrilean edo otsailean beste bat Zaldibiako Goizanen egingo dugu, Gipuzkoako erlezainentzat, gure elkartea pixkanaka ezagutzera emateko.
Egoitza Goizanen duzue, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak bezala. Baina harengandik aparte.
Bai. Beste elkarte bat da, baina handik sortua. Lotura naturala du. Gipuzkoako Erlezain Elkarteak Europako Smartbees proiektuan parte hartu zuen, Andone Estonba genetikalariarekin batera. Hortik sortu zen Erbel izango zenaren hazia. Senide ttikia dela esango genuke.