‘Urretxun Bizi Gara’ ikastaroa antolatu du udalak seigarren urtez jarraian herrira bizitzera etorri berri direnentzat. Hamabost lagunek parte hartu dute. Helburua beraien egokitzapena eta kultur topaketa bultzatzea da.
Urretxuko Udalak Urretxun Bizi Gara ikastaroaren seigarren edizioa antolatu du, Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunentzat. Helburua beraien egokitzapena eta kultur topaketa bultzatzea da.
Aurten hamabost lagunek parte hartu dute: Mariana Elizabeth Ugarte (Nikaragua), Maria Eulalia Naranjo (Kolonbia), Rosa Dalila Rodriguez (Nikaragua), Ablaye Lo (Senegal), Luz del Alba Calderon (Dominikar Errepublika), Sandra Patricia Plaza (Kolonbia), Jose Ivan Castillo (Kolonbia), Isabel Guadalupe Porras (Nikaragua), Martha Isabel Mendoza (Nikaragua), Fatima El Banouri (Maroko), Aida Elena Baca (Honduras), Modou Khanadji (Senegal), Mohamed Hadi Sid Ahmed (Sahara), Abdellatif Chamroune (Maroko) eta Constancia Ndigui (Ekuatore Ginea).
Monica Leivaren gidaritzapean, bertako gizartea, historia kultura eta baliabideak ezagutu dituzte. Hitzaldiak, txangoak eta tailerrak egin dituzte. Herriko teknikari eta eragileekin elkartu dira eta ikasleek elkarteetan egonaldiak egiteko aukera eduki dute.
Diploma banaketa
Urtero bezala, ikastaroaren amaieran alkateak diplomak banatu dizkie. Eskerrak eman dizkie parte hartzeagatik eta diploma banaketa urteko ekitaldi interesgarrienetako bat dela esan du. «Urretxurentzat altxorra zarete. Urretxura datozen guztiak urretxuarrak dira eta gure helburua ahalik eta harrera onena egitea da».
«Ez da erraza beste kultura batera moldatzea, baina oso ondo hartu gaituzue» Maria Eulalia Naranjo, kolonbiarra.
«Heldu ginenean galduta geunden eta bertako balioak eta kultura irakatsi dizkiguzue» Luz del Alba Calderon, dominikarra.
Leivak XIX. mendean euskaldun asko Amerikara joan zirela gogoratu du. Tartean, Joxe Mari Iparragirre. «Egungoa haren ispilua da. Jaioterria uztea ez da erraza. Miresten zaituztet. Ongi etorriak sentitu izana espero dut».
Naranjok arrazoia eman dio. «Duela urtebete etorri nintzen hona. Ez da erraza beste kultura bat duen toki batera moldatzea, baina oso ondo hartu gaituzue eta eskerrak eman nahi dizkizuet».
Calderon ere esker oneko azaldu zen. «Heldu ginenean galduta geunden eta bertako balioak eta kultura irakatsi dizkiguzue. Horri esker, guztiok herri bakar bat osatzen dugu. Asko pozten nau zuek denok ezagutu izana eta lagunak izaten jarraitzea espero dut», aipatu zuen.