Iraia Oiarzabal
Turroia Gabonekin itzultzen den moduan, oraingoan guri agur esatea tokatzen zaigu. Edo geroarte bederen. Nork daki non ibiliko garen hemendik urte batzuetara eta. Kontuak kontu, GoiBerri-n kolaboratzaile bezala egin dugun denborari amaiera jarriko diogu. Uste baino denbora gehiago pasatu da hemen estreinatu ginenetik. Hiru urtetik gora! Tira, batzuetan asmatuko genuen eta beste batzuetan ez hainbeste. Saiatu gara intereseko gaiak mahai gainean jartzen, nahiz eta seguru noizbait gure obsesio txikiak ere agerian utziko genituen.
Aitortu beharra dago, orain bukatzera goazela, askotan amets gaizto txikia izan dela zertaz idatzi erabakitzea. Arrazoi horregatik batzuetan, eta bestela ere genituen lanak tarteko besteetan, GoiBerri-ko lagunei ere sufriarazi diegu maiz. Denbora gainean genuela bidali ditugu askotan gure artikuluak eta lanbide honetan ondotxo dakigu horrek zein urduritasun sortzen duen zain dagoen horrengan. Beraz, eskertzea ere tokatzen zaigu gaurkoan. Eskerrak emandako aukeragatik, Legazpi, Zumarraga eta inguruetan gure burutazioak –hobeagoak edo kaskarragoak– irakurtzeko tartetxoa hartu izanagatik, finean, ofizio eder honetan beste bide bat esperimentatzen bidelagun izateagatik.
Bagoaz, baina gure hatzek ez diote teklatua astintzeari utziko. Badugu zeregina Gara eta Naiz-en ere. Eta saiatu, saiatuko gara kazetaritzatik gure onena ematen.
Nagore Belastegi
Ondo esan duzu, Iraia, batzuetan gure obsesio txikiak ere hona ekarri ditugula, eta egia esan harritu egin naiz gu biok hain desberdinak izanda zenbatetan egon garen ados. Nik ere bai GoiBerri-ko kolegak izan nahi ditut gogoan, hemen gure karetoak lehen aldiz atera zirenetik ia lau urte pasatu direlako. Txintxo hasi ginen, lanak garaiz entregatzen, badakigulako zer den kolaboratzaileen atzetik ibiltzea. Baina azken hilabeteetan gero eta gehiago kostatzen zitzaigun idazten jartzea, nahiz eta jakin jarri eta berehala amaituko genuela. Gaiak faltan, denbora ere bai, gure testua jaso eta txukuntzeaz arduratzen dena pixka bat sufriarazi dugu azken aldian (barkatu, Tere!).
Eta orain etapa hau ixtea tokatzen zaigu. Harreman bat amaitzen denean hutsune moduko bat gelditzen zaizu barruan. Hutsune hori, batzuetan, zama bat kendu izanaren parekoa izaten da, arinago sentitzen zara, baina hutsunea da azken finean. Sentsazioa dut gure egin dugun txoko honekin halako zerbait gertatuko zaigula, eta laister gure ideiak plazaratzeko espazio hau faltan botako dugula.
Ez dakit zenbaterako oihartzuna duten lerro hauek, pantaila baten atzetik idazterakoan feedback-a jasotzea oso ezohikoa izaten delako, baina ni behintzat harro nago lantalde honen parte izaten utzi didatelako. Agur esatea ez zait batere gustatzen, beraz, nahiago dut esan laster arte. Azken finean hemendik bagoaz, baina beste orrialde batzuetan aurkituko gaituzue. Eskerrik asko.