Urretxuko Arbizu banaketa enpresak 60 urte bete ditu 2019an. Isidro Arbizuk eta haren seme Ramonek sortu zuten, eta egun azken horren lau seme-alabek daramate. Ardoarekin hasi ziren, eta egun ia edari guztiak banatzen dituzte.
Arbizu Urretxuko enpresa ezagunenetako bat da. 2019an 60 urte bete ditu. Isidro Arbizu eta haren seme Ramonek sortu zuten. Hasieran Arbizu markako ardoa saltzen zuten, tabernetan eta etxez-etxe. Egun, enpresa Ramonen lau seme-alabek daramate eta ia edari guztiak banatzen dituzte.
Ramonek ondo gogoratzen du nola sortu zen enpresa. «Aitak 50 urte zituen ordurako. Oso ekintzailea zen. 1941ean Navarro taberna ireki zuen. Handik urte batzuetara ardo banaketan lan egitea eskaini zidan. Ama, Consuelo, Etxarri-Aranazkoa zen eta bere familiak ardoaren munduan lan egiten zuen. Aitak ere mundu hori ezagutzen zuen eta horretan aritzea erabaki zuen. Oso gizon langilea zen».
Urretxuko Avenidan ekin zioten negozioari, 60 metro koadroko lokal batean. Ondoren Zumarragara pasa ziren, burdinazko etxeetan zegoen 400 metro koadroko lokal batera. 1983an Urretxura itzuli ziren, egungo lokalera.
Gaztela-Mantxatik ardoa ekarri eta beraien pabiloian botilaratzen zuten. «Gaztela-Mantxa ardo asko egiten zuten eta oso merke saltzen zuten», dio Ramon Arbizuk.
Ardo merkea
Arbizu markako ardoa oso ezaguna zen, txikitero guztiek edaten baitzuten eta etxeetan ere hori erosten baitzen. Ardo hobeak nagusitzen hasi zirenean, Arbizutarrek Arabako Errioxako ardoa saltzeari ekin zioten. «Duela 40 urte Gipuzkoan 42 botilaratze enpresa zeuden. Egun askoz ere gutxiago daude: Atxega, Elosegi, Manso eta Donostiakoren bat. Garai batean ardo asko edaten zen eta ardo hori merkea zen. Egun, ardo gutxiago edaten da, baina garestiagoa da. Ardo merkeari asko zor diogu, lana eta izena eman baitzigun. Ardo merkearen salmenta behera zihoala ikusi genuenean, 1992an, Arabako Errioxako ardoa saltzea erabaki genuen. Urretxuko ardo lehiaketa Covilak irabazi zuen eta Covila ardoa saltzea erabaki genuen. Egun, Errioxako ardo asko saltzen ditugu eta Arbizu ardoa apenas saltzen dugu».
Ramonen lau seme-alabek daramate negozioa: Iker, Lorea, Aritz eta Arantxi dira. Laurek familia enpresan lan egitea oso azpimarragarria da, familia enpresa askotan seme-alabek ez baitute gurasoen enpresaren ardura hartu nahi eta erreleboa lortzeko arazoak baitituzte.
«Aitak Navarro taberna ireki zuen eta ondoren ardo banaketan aritzea eskaini zidan» Ramon Arbizu, enpresaren sortzailea
«Hazteko prest ez bazaude, beste enpresa batek negozioa kenduko dizu» Iker Arbizu, sortzailearen semea
Enpresan lanean hasten lehena Aritz izan zen. 1992an, hain zuzen ere. Ez zuen ikasten jarraitu nahi, eta aitak berarekin lan egitea eskaini zion. Aritzen eskutik, garagardoa banatzen hasi ziren. «2002an geroz eta ardo gutxiago kontsumitzen zela eta, garagardoa ere saldu beharko genukeela esan zidan. Konbentzitu egin ninduen». Aritzek ondo gogoratzen du. «Antsotegi pilotari ohia pabiloira sartu zen eta Mahou-rekin lan egitea eskaini zigun».
Ondoren, Pascual enpresaren produktuak banatzeari ekin zioten: esnea, kafea, zukuak… «Kafea saldu ahal izateko hasi ginen Pascualekin lanean», oroitzen du Aritzek.
Aitak dibertsifikazioa ezinbestekoa dela dio. «Egun, ardoarekin bakarrik bizirautea ia ezinezkoa da. Gainera, kamioiak beteta atera behar dira hemendik. Hutsik ateratzen badira, ez da errentagarria».
Goierri osoan lan egiten dute. «Hasieran Urretxu eta Zumarragan lan egiten genuen. Ondoren, Legazpira eta Goierri beheko herri batzuetara pasa ginen. Lau seme-alabek hemen lan egiten dutenetik, Goierri osoan lan egiten dugu».
Iker, Lorea eta Arantxik beste enpresa batzuetan lan egiten zuten, baina etxeko enpresan laguntza behar zuten eta etxera itzuli ziren. «Seme-alabak hemen hazi dira. Umetan hemen egoten ziren eskolatik irteten zirenean eta botilatzen laguntzen zuten».
Geroz eta banaketa enpresa gutxiago daude eta hauek geroz eta handiagoak dira. «Enpresek geroz eta produktu gehiago saltzen ditugu eta geroz eta eremu handiagoa hartzen dugu. Hori dela eta, kontzentrazioa eman da. Garagardo enpresek zeresan handia dute. Estatuan lau garagardo enpresa handi daude, eta inguru honetan lau banaketa enpresa handi gaude Heineken, Damm, Estrella Galicia eta Mahou-San Miguel banatzen dugunak. Izan ere, garagardoa tabernetako produktu garrantzitsuena da», azaldu du Ikerrek.
Etorkizunari begira, itxaropentsu ageri dira. «Biziraun nahi baduzu, ezin diozu zure buruari mugarik jarri: lan eremu zabala eta produktu asko behar dituzu. Ondo kokatuta gaude, baina sektorea mugitzen ari da eta adi egon beharra dugu. Hazteko prest ez bazaude, beste batek negozioa kenduko dizu».
Lau seme-alabak aitonak eta aitak sortutako enpresan lan egiteaz harro daude, baina bere alde txarra ere baduela diote. «Ez da beste edozein tokitan lan egitea bezala. Beste lanetan jartzen duzun ilusioa baino apur bat gehiago jartzen duzu eta ardura ere handiagoa da», dio Ikerrek.