Gauzak zerbaitegatik etortzen dira datozenean», hau da azken aldian asko errepikatzen dudan esaldia. Eta benetan, horrela dela sinistuta nago. Ez dut kanpoko indar misteriotsuetan edo erlijio kontuetan sinisten. Ez eta norbait dagoenik hor guri gauzak antolatu nahian… baina badago zerbait, energiaren bat, gure muturren aurrean aukerak jartzen dizkiguna. Eta aukera horiek hartu, landu, aprobetxatu eta hauetatik ikastea besterik ez zaigu geratzen.
Askotan etortzen dena gustuko ez den arren, beste batzuetan mingarria berriz, horiek denak aukerak bezala ikusteak, zerbait ikasi eta indartsuago eta pertsonago egingo gaituztela konturatzen bagara, guretzako hobe.
Aurtengo aurreneko artikulua beranduago idaztea tokatzen zitzaidan. Urte berriari ongi-etorria eman berri diogu eta nire barruak ordenan jartzen hasi berria naiz, pasatu den urtea errepasatuz eta datorrenari gogotsu begiratuz. Nire kokatze honetan artikulua azkarrago idazteko aukera suertatu zait, noiz eta gure amak 73 urte beteko lituzkeen eguna pasa berri denean. Ez, hau ere ez da kasualitatea. Idazteko beharra nuen eta aukera parean jarri zait.
Errege egunean jaio zen gure ama. Gure etxean ez ditugu inoiz erregeak modu horretan ospatu, bere urtebetetze eguna ospatu izan dugu eta oraindik, bera gabe urte asko daramatzagun arren, ospatzen saiatzen naiz. Nire modura, bera ondoan izan gabe, baina berarekin. Aurten Murumendira igo eta bera bihotzean, zoriontzeko aukera izan dut. Murumendiko Marik beteko balu bezala berak utzi zigun hutsunea… Aitonarekin –amaren aita– askotan joaten ginen mendia da Murumendi eta horregatik agian, estimu berezia diot tontor honi.
Mendira igo ginen egun horretan Usurbeko azken aldapari malda gogortu zioten sentipena izan nuen. Esfortzu handiagoa egin beharko banu bezala aldapan gora. Atzean utzi dugun urtean askotan igo dut aldapa hau eta azken aldian nekatu gabe, gustura, salto-txikitan igotzen nuen. Baina oraingoan esfortzu eta neke handia suposatu dit tontorrerainoko bideak. Hainbesteko esfortzua, gaur, bi egun beranduago ikaragarrizko agujetekin jarraitzen dudala (barre txikia atera zait barrutik).
Eta aurreko urtea horrelakoa izan dela konturatu naiz. Aldapa gora asko izan ditu, gogorrak batzuk, gogorrak bezain ederrak besteak. Agujetak izan ditut, mina hartu dut, behar baino gehiago sufritu batzuetan. Tontor asko zapaldu ditut ordea, begirada zabaltzen duten horietakoak. Arnasa sakon hartu dezakezun lekuak ezagutu ditut, eta zetozen aldapa beheraka horiei batzuetan hortzak estututa heldu badiet ere, beste askotan lasaitasunez hartu eta gorputzari bere bidea egiten utzi diot, beheraka, askatasunez, helmugaraino. Gora behera horiekin barruko nerbioa atera eta gauzak bere tokian jartzen ikasi dut. Bukatu berri dugun urte honek hazten, ahazten eta ikasten lagundu dit.
2020 urte hau ere tontorrera bisitan, aldapan gora eta behera hasi dut. Aldapan gora. Indarrez. Aurrera begira eta izan ditzakedan agujetei barre-txikia aterata. Eta aldapen behera lasaitasunez, helmuga bezala etxeko goxotasuna jarriz.