‘Ez zela kajoi batean gordetzekoa’ liburuak Legorretako memoria biltzen du, sendabelarrak abiapuntu hartuta.
Zazpi legorretarrek beste 35 herritarri egindako elkarrizketak oinarri dituen liburua da Ez zela kajoi batean gordetzekoa. Garai bateko bizimodua eta naturarekiko lotura izan dituzte ardatz hitz-aspertu horietan. Liburuaren lehen zatiak jasotzen du hori guztia. Bigarrenak sendabelarren gida bat dakar. Ondutako lanak helburu behineneko bat ere badu: legorretar izatearen eta herri jakintzaren transmisioa.
Joan den igandean, hilaren 5ean, egin zuten liburuaren aurkezpena herri antzokian. Zelai Amenabarro alkatea, Maria Josefa Lasa liburua ondu duen lantaldearen koordinatzailea eta Zura komunikazio taldeko Gari Otamendi alde batean; bestean, lantaldeko gainontzeko partaideak; eta hainbat herritar tartean, horietako asko libururako testigantzak eman dituzten adineko legorretar asko. Lan honen muin eta benetako protagonistak.
Aurkezpen ekitaldia omenduekin osatutako sokadantza batekin amaitu zuten, Zelai Amenabarro alkateak aurreratu bezala. «Ondareak ondare izateko bizirik egon behar du, balioa aitortu behar zaio eta guk, museo hutsak baino, nahiago ditugu herritarrez betetako plazak. Sokadantzan eskuekin egindako zubien bitartez irudikatuko dugu komunitatea lotzen duen lokarria».
Abiapuntua 2011. urtean
Maria Josefa Lasaren jakin-mina izan zen proiektu honi argia eman zion pizgarria. Sendabelarren inguruan egindako ikastaro baten haritik ekin zion Legorretan eta inguruetan zeuden belarrak aztertzeari. Sendabelarren esparrua gainditzen zuen ondare bat bazela jakitun, udalarekin hitz egin, eta sendabelarrei buruzko ikastaro bat antolatu zuten.
Hortik sortu zen Xendabelarrak izeneko proiektua, Legorretako kultur eta natur ondarea jasotzen duten hiru ibilbide sortuz. Herrian zegoen interesa akuilu hartuta, herriko hainbat pertsonari elkarrizketak egitea erabaki zen. Zeregin horretan aritu dira zazpi herritar 2018ko udatik 2019ko udaberrira. Maria Josefa Lasak 2011n egindako beste elkarrizketa batzuk gehitu dizkiote liburuari.
29 sendabelarreko gida
Memoria ariketa horren osagarri, 29 sendabelarren informazio zabala ere jaso dute liburuan. Bidatz Sasiain biologo tolosarra arduratu da atal hori atontzeaz. Sendabelarren izen herrikoia, zientifikoa, ezaugarriak, eta bakoitzaren propietateak eta erabilpenak dakartza.
- Izenburua. ‘Ez zela kajoi batean gordetzekoa’.
- Argitaratzailea. Legorretako Udala.
- Orrialde kopurua. 114.
- Lantaldea. Maria Josefa Lasa, Axun Goikoetxea, Joxe Lasa, Ana Arakistain, Añarbe Kalonje, Iñigo Etxeberria eta Zelai Amenabarro.
sendabelarren gida. Bidatz Sasiain biologoa.