Notodofilmfest jaialdiko irabazlea izan da Luken Sanchez (Ordizia, 1995) zinemagile gaztea. Buhos y palomas film laburrarekin lortu du sari nagusia festibalaren 17. edizioan. Ordizian jaio zen arren, zazpi urte daramatza herritik kanpo. Ikasketak direla eta Bilbora joan zen lehendabizi, Ikus-entzunezko Komunikazioa egitera: «Lau urteko gradua egin nuen, eta ondoren Madrilera abiatu nintzen master bat ikastera». Bertan dabil orain Argazki Zuzendaritza ikasten.
Bilbon hasi zuen ibilbidea zinemagile lanetan: «Bilbon grina hartu nion zinemagintzari eta bertan ezagutu nuen gaur egun nire lagun ona eta lankide den Ross Manso kantabriarra», azaldu du. Harekin hasi zen jardunean, eta El tren de las ocho film laburra izan zen haien aurkezpen lana: «Jendeak film horri esker ezagutu gintuen eta estilo propio bat markatzeko aukera eskaini zigun», agertu du. Thrillerra eta westerna uztartzen ditu filmak, eta 17 minutu eta erdi irauten ditu. Hain izan zen ona haien aurkezpena, ezen Pielagos en corto film laburren jaialdian ere irabazle suertatu ziren Ross Manso eta ordiziarra. Lan horretan Lukenek gidoilari eta editore lanak egin zituen, eta Manso zuzendari gisa aritu zen.
Sona handiko jaialdia
Notodofilmfest nazioartean ezaguna den jaialdia da. Aurten ia 700 film aurkeztu dituzte. Gehienez 3 minutu eta erdiko filmak izan behar dira lehiaketan parte hartzeko: «Trebezia handia behar da denbora tarte horretan istorio bat kontatzeko», azaldu du Sanchezek. Ez da lehenengo aldia Notodofilmfest lehiaketara lanen bat aurkeztu duela: «Beste hirutan aurkeztu naiz, Un drama color carmin, Molino rojo eta Atrapadas en la teta film laburrekin». Horiekin, ordea, ez zuen saririk lortu, nahiz eta gertu ibili zen: «Molino rojo filmarekin finalista izan ginen, baina azkenean epaimahaiak ez gintuen aukeratu».Porrot egin duen pertsona baten istorioa kontatzen du filmak; musikaletan lan egiteko ametsa duen zerbitzari baten eta prostituta baten kontaketa du ardatz.
«Un drama color carmin drama itxura duen komedia da, parodia antzeko bat», adierazi du zinemagile gazteak. Haren lanen estiloa finkatzekotan, umore beltza aukeratuko luke ordiziarrak: «Surrealistak diren egoerak islatzea gustatzen zait; umore kutsua duen drama, tragikomedia».
Atrapadas en la teta izan zen hirugarren lana. Vallekasen (Madril) grabatua, auzoko bi nesken amets zapuztuak islatzen ditu: «Gaur egungo aspirazioei eta trapari kritika egiten dio filmak nolabait».
Film labur saritua
Ezustean harrapatu zuen Sanchez filmaren arrakastak: «Oso garrantzitsua izan da niretzako, aurretik egindako lan guztien irabazia jaso dudalako», esan du. Aurretik jaialdira aurkeztu den arren, momentua eskertzen du: «Uste dut oraingo saria une ezinhobean iritsi dela, eta aurretik egindakoari zentzua eman diola».
Buhos y palomas filmak lehenengo pertsonan kontatzen ditu voyeur baten bizipenak: «Voyeur honek bere bizilagunak zehatz-mehatz aztertzen ditu, euren jarrerak epaituz». Azaldu du gizakiaren hipokrisia eta kontraesanak transmititu nahi dituela: «Bizilagun hauek plastikozko hontzak jartzen dituzte euren balkoietan, usoak uxatzeko asmoz, eta bide batez auzoa hauen gorotzetatik garbi mantentzeko, baina, aldi berean, zigarro soberakinez betetzen dute kalea».
Bizilagun batzuk uso bezala adierazten ditu, eta beste batzuek, ordea, hontza itxura dute: «Narratzailea eta amaierako planoan agertzen den pertsona hontza lirateke», aurreratu du. Gaineratu du filmean zehar «animalien eta gizakien arteko analogia» egiten dela kritika hori gorpuzteko.
«Idaztea eta istorioak kontatzea da gehien gustatzen zaidana»
«Uste dut oraingo saria une ezinhobean iritsi dela; aurrekoari zentzua eman dio»
Luken Sanchez, Zinemagilea
Gidoia eta argazkia
Film laburrez gain, bideoklip bat ere egin du Sanchezek Ner taldearentzat. Argazki zuzendari, gidoilari eta montatzaile lanak egin zituen proiektu horretan. «Idaztea eta istorioak kontatzea da gehien gustatzen zaidana, baina argazkilaritza eta arlo bisuala ere gustuko ditut», azaldu du. Bideoklipetan «alde bisuala» interesatzen zaiola azaldu du, eta zineman istorioak idatzi eta sormena lantzea du gogoko.
Ordiziatik Bilbora eta Bilbotik Madrilera. Azken hiri honek ikasteko balio izan dio: «Zinema mundua ezagutzeko aukera eman dit, zinemagintza profesionaleko baliabideekin». Halere, argi du ez dela samurra bidea irekitzea: «Nahiko konplikatua da, asko insistitu behar da eta kolaborazioak egin behar dira izena hartzeko».
Proiektu berriak
Orain beste proiektu batekin dabil lanean: «Fikziozko film labur bat idazten ari naiz». Azaldu du 20 minutuko iraupena izango duela eta talde profesional batekin batera egingo duela: «Finantziazio bila nabil; jaialdiko saria proiektuan inbertituko dut».
Errioxan grabatuko du, bertan bizi izan zuen esperientzia batean oinarrituta: «Benetan gertatutako istorioa da, eta lokalizazioa nahiko fantastikoa da. Publikoarentzat bisualki erakargarria izan daitekeela uste dut».
Film laburrak
Guztira zazpi film laburretan hartu du parte Luken Sanchezek, gidoilari, zuzendari edo argazki zuzendari gisa. Gainera, bideoklip bat ere egin du.
- ‘El tren de las 8’. Thriller / Western generoko filma (2016).
- ‘Neguko ura’. Natura oinarri duen film esperimentala (2017).
- ‘Un drama color carmin’. Drama / Komedia generoko lana (2017).
- ‘Molino Rojo’. Komedia oinarri duen musikala (2017).
- ‘The hateful box’. The hateful eight .pelikularen remake-a (2017).
- ‘Atrapadas en la teta’. Komedia generoko film laburra (2018).
- ‘Buhos y palomas’. Film esperimentala eta umore beltza (2019).