Zortzi liburu idatzi ditu Maite R. Otxotorena (Donostia, 1970) idazle independenteak. Donostiarra izan arren, Ormaiztegin bizi da. Han aurkeztu zituen abenduaren 26an bere seigarren eta zazpigarren lanak: Victory, en algun lugar desconocido eta El sueño de Valentine. 2015an kaleratu zuen bere lehen lana, El secreto de la Belle Nuit. Beti izan du literaturarekiko pasioa, baina aurretik beste lan batzutan aritutakoa da Otxotorena.
Zinema eta bideogintza ikasi zituen Andoainen, eta bideojokoak sortzen lan egin zuen tarte batez: «Oso baliagarria izan zen niretzat, proiektu oso luzeak direlako eta bideojokoetan ere istorio bat kontatu behar duzulako azken finean». Komertzial gisa ere egin zuen lan: «Asko ikasi nuen, baina sorkuntza aldetik itotzen zaitu, ez zitzaidan batere gustatzen».
Langabezian geratu zenean, komertzial gisa ikasitakoa hartu eta kalera atera zen, dendaz denda liburuak saltzera: «El secreto de la Belle Nuit jada idatzita neukan, eta saiatu ezean zaharretan damutuko nintzela pentsatu nuen». Horrela, Gasteizen hasi zen liburuak saltzen, Bartzelonako inprenta batean liburuak inprimatu ostean: «200 aleka erosi nituen, pixkanaka saltzeko, eta azkenean ondo atera zitzaidan».
Beti gustatu izan zaio literatura, baina ordura arte idazle lanetan aritzea ideia bat besterik ez zen: «Beti izan dut buruan, baina lanik gabe geratzeak bultzatu ninduen probatzera; aurretik amets bat besterik ez zen».
Argitaratzea, etxean
Idazle independentea da Otxotorena, eta eleberri guztiak autoeditatuak dira: «Grupo Lobher izeneko argitaletxe batekin lan egiteko aukera izan nuen, baina denbora gutxira itxi egin behar izan zuten». Amazon plataforma erabiltzen du orain donostiarrak bere lana ezagutarazi eta saltzeko. Aukera ona dela dio: «Oso erraza da, PDFa igotzen duzu eta haiek formatua aldatzen dute, portada eta guzti».
Enpresak portzentaje bat jasotzen duen arren, Otxotorenak azaldu du ezin dela argitaletxeenarekin alderatu: «Amazonek %60 ordaintzen dio idazleari, eta argitaletxe batek %8 baino gehiago ez dizu emango idazle oso ospetsua ez bazara».
Adierazi du lehiakortasuna handia dela eta idazle asko daudela haien lanak argitaratzeko prest Interneteko plataformetan, erraztasun hori dela eta. Otxotorenak, halere, jada aurkitu du bere txokoa: «Nire bizimodua eta nire ogibidea da». Jada ez da dendaz denda joaten saskiarekin liburuak saltzera: «Sare sozialak erabiltzen ditut nire lana ezagutarazteko, eta badut nire liburuak irakurtzeko zain dagoen taldetxo bat ere». Ormaiztegiko aurkezpenean jende ugari gerturatu zitzaion liburuak erosi eta sinadurak eskatzera.
Lan prozesu zehatzik ez du. Bururatzen zaizkion ideiak edo, berak esan bezala, «flashak», apuntatzen ditu, gero idazteko baliatuko dituenak : «Esaten da idazleak iparorratza ala mapa garela lan egiterakoan, bata ala bestea; iparrorratza intuitiboagoa da eta mapa egiturazkoa,eta ni erdibidean nagoela esango nuke».
Ilustratzaile lana
Zortzi liburuek badute portada osatu eta landu bat. Otxotorena bera portadak egiteko gai den arren, nahiago du ilustratzaile baten esku utzi lan hori. Izan ere, bideojokoak egiten eman zituen urteak baliagarri izan zitzaizkion, eta programa desberdinak erabiltzen ikasi zuen: «Orain Imagina Designseko Nerea Gurutzeta ilustratzaileak egiten ditu, lan magikoa egiten du benetan».
Errealitatearen isla
Eleberriak fikzioa diren arren, egiazko elementuak ere badituzte. Benetan jazotakoen isla dira nolabait: «El secreto de la Belle Nuit eleberriak niretik asko dauka, inozentzia kendu zidatela sentitzen nuen idatzi nuen momentuan, eleberriko haurraren antzera».
El destino de Ana H Murria liburua 1956an kokatzen da, Donostian: «Margarita Clarin pertsonaia nire amonaren figuran oinarriturik dago, oso emakume despota zen». Amarekin hitz egin zuen garaiko giroa islatzeko: «Dokumentazioa ez zen hainbeste historikoa izan, garaiko egunerokotasunean nola bizi ziren ezagutzeko prozesua baizik».
Donde habita el miedo Otxotorenak berak bizi izandakoaren isla zuzena dela azaldu du: «Nire istorioa da, ahal bezala idatzi nuen, idatzi dudan lanik pertsonalena izan daiteke, erraietatik atera zitzaidan eta botatzeko beharra nuen». Fantasia kutsu bat du eleberri horrek, naturaz gaindiko egoerak azaltzen baititu bertan: «Analogia bat dira, beldurrak eta frustrazioa islatzeko era bat». La mensajera del bosque bosgarren lanean ere errealitatea azaltzeko bide gisa erabili du fantasia: «Bizitzaren eta naturaren garrantzia eta indarra irudikatu nahi nituen».
Bere liburuak Amazon plataforman daude eskuragarri, eta maiterochotorena.com webgunean aurki daiteke eleberriei buruzko informazio guztia.