Gertaera harrigarria izango zen nora zentozen jakin gabe, ezjakin, biluzik munduratu zineneko egun hura. Pentsa dezaket, beti hala gertatzen ez bada ere, izango zenuela inguruan inor, zure ama, aita, edota familiakide hurbilik. Ezinbestez, momentu hura atsegin eta betegarri zen bezala, aseago bihurtuko zitzaizun, zalantzarik gabe, talde hark biltzen zintuela ondoan jakinda, ezta?
Ama… aita… zein oinarri handi guztion etxeetan, zein funtsezko zutarri gure bizitzetan, heziketan, bizian zuzen, zintzo eta zuhurki jokatzeko, biziaren egoera bakoitzean taxuz erantzuteko, talde bezala bat izaten ikasteko; harrigarri iruditzen zait bikote batek, elkar hartuz, halako miraririk egitea!
Ingurura begiratzen dut eta presak sortutako dinamika makurraren ondorioz, adineko pertsona asko, ez guztiak, jakina, bakarrik ikusten ditut, babesik gabe, beren eguneroko sinfonia hala moduz interpretatuz, orkestrako bestelako kideak, haien seme-alabak, inongo kasurik egin barik, dagokien ardura ganoraz ez hartuz. Nirekiko pentsatzen dut, txikitan, gurasoek muzin egin baliete seme-alabei eskainitako arreta hura behar zutenean, zer bizitza mota izango ote zuten, gaur.
Garbi dago, unoro asmatzen diren aitzakiak egoera berria, gurasoen zahartzea, onartu nahi ez delako dela, izan ere, aita-amak ezinduak aurkitzen direnean, babesa eta arreta behar dute, ezinbestez, eta horrek lana suposatzen du seme-alabentzat, haien egoera normala, ustekabean, aldatzen delako, eta haientzat funtzionalak, erabilgarriak ziren gurasoak jada, ez direlako.
Gordina da hau esatea, baina seme-alaba askoren erritmoa gurasoek jarraitzen ez dutenean, kexak besterik ez dira entzuten inguruan, eta gurasoak zama bihurtzen dira. Orduan, jende ugarik arazoaren muinera jo beharrean, beti pilotak kanpora botatzen jarduten du, gurasoak errudun bilakatuz, irtenbidearen funtsa errotik ez aztertuz. Irtenbidea beti da izatea, Biziaren egoera bakoitzean norbera izatea; izan, zure gurasoak zaintzeko, zure denbora zatia haiei eskaintzeko, harrera samurra haiei emateko, Maitasunari esker, zure beldurrak gaindituz zaren horretan sakontzeko, hori da benetako irtenbidea. Denbora kuantitatiboki kontuan hartu baino, kualitatiboki nola eskaintzen diezun erreparatzea.
Zer da maitatzea? Izatea, unean uneko errealitatean, ezindurik dagoen zure gurasoak sentitzea, bizitzea, haiek haragitan antzemandako mina ulertzea, haiekin bat egitea. Era berean, beldurrak baztertuz, itsasontzi horren lema hartu eta egoerari aurre egin ahal izateko bideari ekitea, eta zure jardunean laguntza behar baduzu bidelagunak topatzea-zure etxekoak, esaterako-, eta irtenbideak hauekin, etxekoekin, aurkituta, guztien mesederako izango den erabakirik egokiena hitzartzea, bat egiten jakin ahal izateko.
Rainer Maria Rilkek, olerkariak, maitasunaz ari denean, honako aipu fina aurkezten digu: «Maitatua izatea igarotzea da, maitatzea, berriz, luzaroan irautea». Mario Benedettik ere eskainitako esaldia ederra da, benetan: «Badira izarrak eskaintzen dizkizuten pertsonak, beste batzuk, aldiz, izarretara zaramatzate. Horixe da nahi izatearen eta maitatzearen arteko desberdintasuna».
Izar… izan… berdintsuak diruditen hitzak dira, argi-emale biak ala biak, haiengan arreta jarriz gero, biek bikainki erakusten dute argi ematen jarraitu behar dugula, ez dagoela atzerabiderik zinezkotasuna elkarri adierazteko. Egiaren lekuko izan nahi baduzu, izarretarainoko bidea da zurea. Zoaz, eta izan!