Aitor Prietok (Urretxu, 1976) hiru sari lortu zituen Santa Lutzi ferian: bi kapoiekin eta beste bat oilaskoekin. Ez da baserritarra jaiotzez, baina baserri mundua oso gustuko du.
Nola zaletu zinen baserri mundura?
Kuadrillako batzuk baserritarrak dira, eta beraien eskutik sartu nintzen mundu horretan. Idiekin laguntzen nien: entrenamenduetan eta idi probetan. Egoitz Armaolearekin eta Xabier Zalduarekin ibili naiz gehien.
Noiz hasi zinen kapoiak hazten?
Hegaztiak beti gustatu zaizkit. Umetatik txoriak izan ditut. Koinatuak (Xabier Elgarresta) kapoia probatu zuen eta oso ona zegoela esanez etorri zen. Horrela, Jose Luisek, aitaginarrebak, kapoiak jarri zituen. Kapatzailerik ez zegoen eta ikastea suertatu zitzaidan. Joxe Bixente Agirrerekin ikasi nuen, duela 10 bat urte. Kapoiak Txakolingoa baserrian ditugu. Aitaginarrebak bereak ditu eta nik nireak.
Lan gogorra al da?
Oilasko tanda handi samarra behar denez, biontzat ekartzen ditugu. Dozena bat badituzu, zorte handia izango duzu zortzi kapatzeko modukoak badira. Hori dela eta, bien artean mordoxka bat jartzen dugu eta kapatzeko garaian onenak aukeratzen ditugu. Besteak jan egiten ditugu.
Zeintzuk dira kapatzeko egokiak?
Handiak direnak eta hanka zuzenak dituztenak. Izan ere, pisu handia hartzen dute.
Nondik ekartzen dituzue oilaskoak?
Baserritar kooperatiba bati erosten dizkiogu. Beraiek Frantziatik eta Kataluniatik ekartzen dituzte. Euskal arrazakoak ez zaizkigu gustatzen, kapoi onak lortzea zailagoa baita. Hilabete bat dutenean erosten ditugu. Hiru bat hilabeterekin kapatzen ditugu, kantuan hasten direnean. Etxean ditugun hilabeteetan, helburua loditzea da. Arto txikitua, pentsu ona, artalea eta zaperoa ematen diegu. Maiatz aldera ekartzen ditugu eta abendura arte edukitzen ditugu. Azaro erdialderako bete-bete eginda egoten dira. Kapatu ondoren, oilaskoek testosterona galtzen dute eta jatea, egotea eta lo egitea dira beraien zeregin bakarrak. Beste ezertarako ez daude.
Azkenaldian lehiaketa asko irabazi dituzu.
Kapatutako guztiek ez dute lehiaketetarako balio. %50 inguru gelditzen dira ondo kapatuta. Inguru honetan zaletasuna dago, beharbada nire eraginez. Kapatzailea gertu edukitzea erosoa da.
Hemendik kanpo antolatzen al da lehiaketarik?
Galizian animaliak hilda daudela antolatzen dira, barruko gantza gainean jarrita. Gantz kantitatea epaitzen da. Nire ustez, hemengo lehiaketak zuzenagoak dira. Izan ere, kapoiak ondo kapatuta dauden ikusten da: ondo kapatuta daudenek gandor txiki-txikia izaten dute. Tamaina eta itxura ere kontuan hartzen dira. Ondo kapatzeko, alea oso-osorik atera behar da eta atzetik datorren zain pusketatxo bat ere bai. Zaina gelditzen bazaio, berriro alea sortzen da.
Ba al dago kapoia jateko ohiturarik?
Gutxi. Pena ematen dit, oso jaki goxoa baita. Garai batean kapoi parea baserriko errenta ordaintzeko erabiltzen zen. Baserriko sukaldean hazten zituzten, seguru egon zitezen. Eta eskuz ematen zieten jaten, egun ahateei bezala.